Bizirauteko istorioak asmatzen jarraitzen duten Sherezade berriak
Gizonen neurrira egindako mundu batean, biziraun ahal izateko istorioak asmatzea besterik ez zitzaion geratzen Sherezaderi. Errealitateari bizkar eman eta irudimenezko espazioan biziberritzea. «Mila eta bat gau » obra literarioaren arima hori berreskuratuta eraiki dute Vaiven eta Chapito konpainiek «Sherezade eta tipularen azalak», bihar Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatuko duten antzezlana. Sherezade garaikideez jantziko dute oholtza.

«Eraldatzen jakin behar da, beti gauza bera ez egiten», argudiatu digu, ziurtasunez, Ana Pimentak. Vaiven konpainiaren bertuteetako bat arriskatzeko eta erronka berriei heltzeko duten gaitasuna dela berretsi eta, horregatik, hogei urte betetzen dituzten urte honetan, zigilu duten errealismo eta naturalismoaren ordez, ikuslea poetika eta surrealismo atmosfera batean bildu nahi izan dutela azaldu du. Horregatik joan zela Lisboara eta horregatik proposatu ziola Chapito-ko Jose Carlos Garciari elkarlan batean lotzea. «Irudia erabiltzeko duten gaitasunak, lengoaia poetiko eta surrealistak eta antzezleak ontzeko duten erak (benetako atleta olinpiko bilakatzen dituzte!) erakartzen ninduen; leiho irekitik aire freskoa sartzearen pareko izan da», baieztatu du.
Bi lengoaia eszeniko horiekin eta antzezle taldearekin (Iraia Elias, Miren Tirapu eta Xabi Donosti) egindako inprobisazio lanaren batura da “Sherezade eta tipularen azalak”, bihar Donostiako Antzoki Zaharrean euskaraz estreinatuko duten obra (gaztelaniazkoa joan den asteburuan estreinatu zuten). “Mila eta bat gau” arabiar literatur laneko Sherezade pertsonaiaren gainean eraikitako obra da. Gizonentzat eraikitako mundu batean biziraun ahal izateko istorioak asmatzen zituen Sherezadek, eta Pimentak izpiritu hori nahi zuen bere obrarako: «Tipulak bezala, emakumeak azalak eraiki behar ditu ingurura egokitu eta bizirauteko: azal berriak sortu eta haietara ohitu, hori baita etorkizunean zain duzuna. Bizi den itxialdi egoerari aurre egiteko jantzi ezberdinak behar ditu emakumeak».
Oholtza gainean, sukalde batean preso dagoen Emakumea (Tirapuk antzeztua) aurkeztuko digu Vaivenek. Harreman «konbentzional» batean sartua, hasieran idilikotzat hartuko du Gizona-rekin (Donosti) duen bizimodua baina, apurka-apurka, maldak goranzko bidea hartuko du: «Errutinak, tradizioen pisuak eta aurreiritziek harremana zapuztuko dute eta Neskatoa (Elias) agertuko da, oraindik jaio ez dena, bere buruari ea halako egoera batean, halako familia batean, halako gizarte batean jaio nahi duen galdetuko diona».
Amona (Donosti) da Pimentak aipatzen duen «tradizioaren pisua» irudikatuko duena, hark gidatzen baitu sukaldean gotortua dagoen emakumea, «lan merkatura ateratzeko eta bizitza ulertzeko duen era aldatzeko aukera gutxi duena». Baina Gizona ere ez dago libre rolen banaketatik, hari «ar babeslea» izatea egokitu baitzaio. Pimentaren hitzetan, «denak baitira tradizioaren biktima, monotoniarena», eta era batera edo bestera pertsonaia guztiak dira Sherezade: «Gizakiaren historian zehar betidanik kontatu izan ditugu istorioak, batzuetan besteei eta besteetan geure buruari, bizitzaren zailtasuna eramanerrazagoa suerta dakigun», nabarmendu du Pimentak.
Antzezlanean zehar, eszenako pieza zentrala izango den sukaldea forma ezberdinak hartzen joango da eta Xabier Lozanok eratu duen argiztapenak atmosfera ezberdinez hornituko du Pimentak «tragikomedia poetiko» gisa deskribatzen duen obra.
Soinu espazioa, aldiz, Iñaki Salvador-ek gidatu du. «Antzezleekin berekin egin dugu lan; kantuan ariko dira, burbuilak entzungo dira, perkusioa...» eta Miguel Hernandez-en “Nanas de la cebolla” ere entzungo da.
«Surrealismoa, poesia, klima ezberdinak dituen obra da, emozioetan eragiten duena eta umoretik ere baduena», laburbildu du Pimentak.

Eztarriak gabonetarako prest, ura bere bidean-ekin

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai
