Alvaro HILARIO BILBO

Arrosa Irrati Sarea, euskal irratigintzaren ehuna josteko herri orratza

Helburu eta jarduera komunak dituzten Euskal Herri osoko zenbait irratik mendearen hasieran sortutako tresna da Arrosa Irrati Sarea. Irration arteko elkarlana areagotzea eta euren baliabideak ahalik eta ondoen kudeatzea du jomuga. Hamabi urteko ibilaldi oparoan, irrati txikietako programazioetan euskararen presentzia handitzea eta sustatzea lortu dute sareari esker. Horrez gain, irratsaioen kalitatea hobetzea ere erdietsi dute.

Mendea jaio berria zela, 2001eko udaberrian, Barriako aterpetxeak hartu zituen Herria Mugi ekimenak eta Joxe Zumalabe Fundazioak bultzatutako III. Euskal Herriko Herri Mugimenduen Topaketak. Ekimen horretako komunikazio lantaldeak proposatuta, Euskal Herriko irrati mordoxka bildu ziren beraien arteko elkarlana areagotzeko asmoz. Azken helburua irratiok zituzten baliabideei probetxu hobea atera ahal izatea zen, horretarako hausnarketa bateratu bat bultzatuz.

Hainbat batzar egin eta gero, egun Arrosa Irrati Sarea den tresnaren oinarriak eta helburuak adostu zituzten: Euskal Herriko irratiek materialak, irratsaioak, baliabide teknologikoak eta esperientziak elkarri emateko topagunea izatea eta euskararen erabilera handitu eta sustatzea, bai irrati guztien programazioetan bai eguneroko jardueran.

Arrosako Euskal Herria Zuzenean jaialdian burutu zen hasierako batzar horietako bat, hain zuzen sareari izena eman ziona.

Lorpenak eta argi-ilunak

Urteak pasa heinean hainbat irrati desagertu egin dira, baina berriak ere jaio dira. Halaber, gauzaturiko ametsak zein bidean gelditutakoak izan dira. Azken batean, Iruñeko Eguzki Irratiko Jorge Riberak nabarmendu bezala, «prozesu guztiek dituzte lorpenak eta argi-ilunak».

«2001ean, irrati batzuek denon artean, elkarrekin lan egiteko beharra ikusi genuen», gogoratu du sarearen hastapenetan parte hartu zuen Txema Uriartek, egun Bilboaldeko 97.0 irrati librearen sorreran dabilena.

Sarearen sortzaileen artean irrati libreak nagusi baziren ere, zenbait udal irrati edota herri egitasmoei lotutakoak ere baziren (Info7 edo Bilbo Hiri Irratia, esaterako). Andoaingo Gazte Sareko eta Info7 irratiko partaidea den Ion Telleriak emandako definizioaren arabera, «baliabide gutxirekin helburu handiak bete nahi zituzten irratiak» ziren egitasmoan murgildutakoak.

Bi ziren hasiera batean agertutako proposamenak, Uriartek azaltzen dituenak: «Lehena, irratsaioak zein mota guztietako informazioa eskegitzeko eta trukatzeko zerbitzari propio bat sortzea; bigarrena, euskararen presentzia indartzea eta sustatzea». Horrela, jaio ziren Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean kokatu zuten ekoizpen gunea eta «Ostarteko balkoia» irratsaioa. Urtebeteren ostean, baina, bertan behera laga zituzten bi egitasmoak arazo ekonomikoak zirela medio.

Ez ziren, aldiz, Arrosa Irrati Sarearen helburu bakarrak: «Irratiok helburu nagusi xume batekin sartu ginen sarean, euskarazko irratsaioak elkarbanatzea; horrela ibili gara azken hamar urte luzeotan. Sareko irratiak herri edota eskualde mailako irrati txikiak gara eta bata bestearen lana aprobetxatuz programazioetan euskara sustatzeko helburua bete dugulakoan nago», aitortu du Gasteizko Hala Bedi irratiko Gaizka Amondarainek. «Bestalde, baikorrak gara oso, lortu dugulako irrati txiki askorentzat fikzioa zen kontu bat gauzatzea: irratiek 24 orduko programazioa edukitzea».

Ildo beretik mintzo da 1984an jaiotako Bergarako Txapa Irratiko Jokin Guridi: «Guretzat Arrosa kristoren aukera izan da. Irratsaio trukearekin lortu dugu gure parrilla betetzea, baita kalitatezko produktuak sortzea eta edukitzea ere. Gure moduko irrati txikietan oztopo nagusi bi ditugu: jendea aurkitzea eta parrilla betetzea. Sareak horiek gainditzeko aukera ematen digu. Kontuan izan lehen 24 orduko emisioa garatzeko bi aukera genituela: musika pilo bat sartzea edota irratsaioak errepikatzea. Aldiz, Arrosa moduko proiektu batek parrilla osatzea ahalbideratzen du. Bestalde, boluntarioek osatutako taldeak ditugu, eta, hala, zaila da gaurkotasuna jorratzea; egun, Arrosari esker, kalitatezko magazin bana dugu goizez eta arratsaldez».

Aurrera begira

Antzekoa da Ion Telleriak bizitako esperientzia: «Info7 irratiari Arrosak aukera paregabea eman zion programazioa osatzeko, baita berak ekoitzitako saioak beste irratietara hedatzeko ere. Gure txikitasunean egindako irratsaio bat, sare horri esker, posible genuen zabaltzea. Irrati bakoitzak bere izaerari eutsi dio, baina, aldi berean, nork bere kabuz egin ezin zituen gauzak egin ditzake egun».

Zentzu horretan eta emandako pausu berriei begira, eredutzat har daiteke garai batean Hala Bedik bere kabuz egiten zuen «Zebrabidea» magazina: «Egun hiru irratiren artean egiten da, Info7, Antxeta eta Hala Bedi bera. Astelehenetik ostiralera eta 16.00etatik 18.00etara, elkarlanean egindako magazina da, gaur egun Arrosa Sareko irrati gehienetan entzuten dena. Bi orduko eguneroko euskarazko magazina izatea luxua da irrati askorentzat», nabarmendu du Gaizka Amondarainek.

Proiektu handiagoak egiteko hainbat saiakera interesgarri egin badira ere -guztien artean egindako Korrikaren segimendua, besteak beste-, Telleriak urteotan egindako beste ekarpen bat aipatu du: «Azken urteotan sortu diren irrati txikiek, guztiz beharrezkoak dituzten babesa eta laguntza izan dituzte martxan jarri orduko sareari esker, adibidez, arlo teknikoan. Lehen guztiz ezinezkoa zen hori. Garrantzitsua da ere euskararen erabilerak urteotan eduki duen igoera».

Tokian tokiko egitasmo hauek, irrati hauek, biziki eskertzen dute euskararen alde eta lankidetzari esker lortu dutena, are gehiago egoera soziolinguistiko zaila duten Iruñea eta Bilbo bezalako hiri handietan. Eguzkiko Jorge Ribera iritzi horretakoa da, eta lortutakoa eredutzat duela nabarmendu du: «Arrosa anbizio handiekin jaio zen. Dena egin ez arren, finkatutako gutxieneko helburua -sareko irratietako programazioetan euskararen presentzia handitzea- bete da. Irratiaren konplexutasuna eta egitasmoen aniztasuna kontuan hartuta, gure ikuspuntutik erronka betikoa da: irrati guztien artean harremanak egoteko, esperientzien elkartrukea bultzatzeko bideak jartzea. Bestalde, gure eskarmentuan oinarrituta, uste dugu finkatzen ditugun helburuek egingagarriak izan behar dutela. Izan ere, horrela jomuga handiegiak ez betetzeak dakarren frustrazioa ekidingo dugu».

Arabako Hala Bedi irratiaren izenean hitz egiten duen Gaizkak ere eman du euren iritzia: «Argi daukagu Euskal Herri mailan dagoen irrati sare bakarra geu garela, eta, azken bolada honetan irrati libre berriak sortu eta sarean sartzen ari direla kontuan hartuta, orain dela urte pare bat hausnarketa prozesu bat bultzatzen hasi ginen, guztion artean erabakitzeko aurrera begira eman behar ditugun urratsak zeintzuk diren. Horretan gabiltza oraindik ere. Egindako ildoan sakondu nahi genuke, baita ikusi ere bakoitzaren lana baliatuz zelan indartu dezakegun egitasmo hau Euskal Herri mailan. Agertzen diren proiektu berriak nola indartu ere aztertzen ari gara, baita egitasmo berriak abian nola jarri ere. Kontuan izan Madrilgo irrati komertzialek okupatutako Euskal Herriko dialean oasia garela».

«Euskal Herrian bada zer entzun», Arrosa Irrati Sarearen jardunaldiak, Astran

Euskal Herriko hogei irrati baino gehiago biltzen dituen Arrosa Irrati Sareak, azken urteetako ohiturari eutsiz, irration topagune izan nahi duten jardunaldiak antolatu ditu aurten ere «Euskal Herrian bada zer entzun» lelopean. Bergaran eta Zarautzen ospatu ziren lehen bi edizioak, eta, hirugarrena, Gernikan izango da, martxoaren 29an, Astra fabrikan. Horrela, Astran bertan beste irrati berri bat sortzeko egitasmoa bultzatu nahi dute.

Sareko kideen ustez, «pozgarria da Euskal Herrian tokiko komunikabideen esparrua handitzen ari dela ikustea. Eta baliabide gutxirekin bada ere, tokian tokiko komunikazio proiektuak, amets izatetik, errealitate izatera pasatzen ari direla; horrek erronka eta aukera berrien aurrean kokatzen gaitu». Izan ere, azken urteotan asko dira adibideak: Kontrako Eztarrixe Azkoitian, Irati Irratia Nafarroa iparraldean, Radixu Ondarroan, 97 Irratia Bilbon eta uhinetara bidean diren beste hainbat egitasmo herri eta eskualde ezberdinetan.

Jardunaldien egitarauari dagokionez, irratiari dagozkion kontu praktikoen inguruko tailerrak izango dira nagusi goizean zehar: erredakzio tailerra, irrati bat hutsetik nola sortu, estudioko mahaiaren erabilera, sare sozialak, ahozkotasuna, hizkuntza sexistaren inguruko gogoetak edota teknologia berriek eskaintzen dituzten aukera ezberdinak irratirako nola baliatu. Arratsalderako, aldiz, hitzaldi bat antolatu dute: «Euskal Herriko komunikabideak erronka berrien aurrean». Bertan izango dira Josu Amezaga soziologoa eta EHUko irakaslea, Topatu.info gazte atariko kide den Iraitz Salegi, Aiaraldea.com proiektuko Aitor Aspuru eta Tokikom elkarteko zuzendari izendatu berri duten Urko Aristi kazetaria. Mahai inguru parte hartzailea izatea nahiko lukete, gaur eguneko egoeraren inguruan hausnartu eta aurrera begirako aukeren aurrean gogoeta egiteko denen artean.

Gauean, eguna behar bezala bukatzeko, Nonguayaz taldearen kontzertua izango da 22.00etan. Ostean, irratsaio ezberdinetako kideak DJ lanetan ariko dira. A.H.