Xabier Izaga Gonzalez
infraganti

ALFREDO HERNANDEZ «ZIRIKA»

Bide luze eta askotarikoa egin du, gaztetan dantzari zuberotarrak pintatu zituenetik «naturarekin bat izan eta harremanetan sartu» arteraino. Ez da artetik bizi, baina ezin da arterik gabe bizi. Hainbat teknika jorratu izan ditu bere kezkak eta pozak adierazteko; besteak beste, azkenaldion darabilena: poesia bisuala.

Umila da oso; ia lotsaz hitz egiten du bere artelanez, hartarako baimena beharko balu bezala. Baina ez du bere ahalegina ukatuko; aitzitik, «artearen langile handi» gisa definitzen du bere burua Miguel Alfredo Hernandez Zirikak.

Lan bat omen du esku artean edo, hobeto esan, Gorbeiaren magalean. Duela sei hilabete hasitako lana. Gaztainondo baten adar batean «urtaroak» hitza idatzi zuen eta sei hilabete barru bukatuko da prozesua. Bitartean, sarritan joango da artelana gertatzen den lekura eta argazkitan jasoko du. Argi utzi nahi du, ordea, ez dela argazkilaria. Berak bertatik bertara jarraitutako obraren arrastoaren berri emateko erabiltzen du kamera. Ez omen du argazki ederrik bilatzen, lekukotasuna baizik. Horrek ez du esan nahi, inondik inora, estetikak axola ez dionik, edertasun kanonen mende izan gabe ere. Iazko otsailean Gasteizko Salburuko hezeguneen interpretazio zentroan egin zuen erakusketa egungo bizimoduaren, «erabili eta botatzeko bizimoduaren», kritika zorrotza zen, baina beti ere artetik, bere ikuspegi «ia poetikoa» eskainita. Orduko hartan plastikozko milaka ur botila erabili zituen bere konposizioak egiteko. Eta, aldarrikatutako moduan, bukatutakoan birziklatu egin zuen erakusketa osoa. Gaur egun, obraren bat egiteko egurra erabili behar duenean, kasu, zurezko paletak erabiltzen ditu.

«Ez dago udaberria lotzerik»

Duela zenbait hilabete, lau urteko prozesua jasotzen zuten bost argazkiko obra eraman zuen bere erakusketa batera. Bost argazki, ia 3.000tik. Bota behar zuten sagarrondo bat sokaz biltzea bururatu zitzaion. Zenbait hilabeteren buruan udaberria iritsi eta sokaz egindako jantzi haren zirrikituen artetik kimuak agertzen hasi ziren. Orduan jarri zion izenburua obra hari: “Ez dago udaberria lotzerik”, «gizartearen metafora ere izan litekeena». Gaur egun soka erdi jausita dago, eta sagarrondoak sagar ederrak ematen ditu.

Diziplina anitzeko artista autodidakta da Zirika, teknika desberdinak erabiltzen dituena, alegia. Autodidakta, zehaztu du, «unibertsitatetik igaro ez naizelako». Izan du, edonola ere –bere kabuz ikasitakoaz eta zenbait ikastaroz gainera– prestakuntza akademikorik. Bost urte eman zituen Gasteizko Arte Eskolan Marrazkigintza, Pintura eta Modelo Bizia ikasten. Eta tokiko artista omen da, Euskal Herrikoa, bertan gertatu baita bere artearekiko hartu-emana. Erakusketa gehien-gehienak ere Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan egin ditu, eta bertan irabazi ditu sarik batzuk, hala nola Arabako Arte Lehiaketaren azken edizioa, 2006an. Azken urteetan Badajozeko Diputazioak deitzen duen lehiaketa batera aurkeztu izan da eta bizpahiru aldiz aukeratu dute bere lanen bat. Azkena, “Haizearen aldarria”. Poz handia ematen dio lehiaketa horretan bere lanak aukeratu izanak, «izenburua ez ezik, azalpena ere euskaraz egiten dudalako. Nire obra eta erakusketa guztietan erabiltzen dut euskara, nolabait nire zorra kitatzeko modu bat da». Dioenez, aspaldi ikasi bazuen ere, gorabehera handiak izan ditu euskara erabiltzeko orduan.

Mutikotan eskulanetan nabarmentzen omen zen eskolan, eta etxean pintura kostunbristan trebatu zen, Euskal Herriko paisaiak, batez ere Arabakoak, pintatuz. Eta dantzariak. Bera dantza talde bateko kide zela egin zuen bere lehen koadroa, olioz: Zuberoako maskaradako dantzariak.

Zirikaren ibilbidearen faseak aztertuta, gainetik bada ere, ezaugarri bat nabarmentzen da berehala. Bere bilakaera, bai teknikari bai estiloari dagokionez. Ez da bertan goxo gelditu zale, etengabe esperimentatzen du. «Obrak narama. Askotan esan izan dut, baina hala da».

80ko hamarkadan “Egin” egunkarian marrazten hasi zen. Orduan hartu zuen Zirika ezizena, izen artistikoa, aurrerantzean bere obra guztiak sinatzeko erabiliko zuena. 8-9 urtez egin zuen egunero Arabako edizioan Zirauntxo sugetxoaren gorabeheren komiki tira.

Garai hartan pintura, ohiko koadroak, alegia, uzten hasi zen, eta markoari sokaz lotutako oihal zurrun margotuek beste etapa baten hasiera markatu zuten. Pinturak aspertu egiten omen zuen. Berehala, ordea, zintzoago mintzo da: «Galdu egin nintzen, ez nuen gustuko emaitzarik ikusten». Eta pauso hori emanda, «arteak katigatu ninduen, benetan katigatu ere, zentzu osoa aurkitu nion egiten nuenari».

Soka bati lotutako ibilbidea

Oihal zurrunak lotzeko soka hari tiraka segitu zuen. Xehetasun bat baino ez zena, bigarren mailako elementu hura, gero eta protagonismo handiagoa hartzen joango zen artista gasteiztarraren lanetan. Nekazaritzako tresnek erakarri zuten, oro har gaur egun ia erabiltzen ez diren tresnek; hala nola segak, laiak, argizaiolak... iraganeko tresna horiek, koloreztatuta, orainari lotzeko. Horra sokaren protagonismoa. Bestetik, ideia bat zuen buruan: Euskal Herri grisaren irudiaren aurka egitea. Hartara, herri bizi eta koloretsua islatzen saiatzen zen. Horrela sortu zen “Nire aitaren etxetik” saila.

Zirikaren obraren beste ezaugarri nabarmen bat, gai sozialen eta pertsonalen adierazgarri izateaz gainera, Euskal Herriko gatazka politikoaren gaineko kezka da. Gogoan du noiz hasi zen bere hurrengo zikloa, “Bart josteko gaur hautsia”. Lizarra-Garaziko Hitzarmenaren garaian, hain zuzen. Bere konposizioetan agertzen ziren orbainak Euskal Herriaren zauriak dira, eta Zirikaren ardura nagusia orbain horiek ondo jostea zen, josturak hauts ez zitezen. «Orbaina sendatzea da, baita zauriaren oroitzapena ere». Beti transmititu nahi izan du bere ikuskera positiboa; hala ere, ezin izan du saihestu bolada pesimistagoren bat, korda solte batzuek adierazten zutenez.

2000. urtean hiru dimentsioetara salto egin zuen, harria, zura eta burdina lantzen hasita, soka ezinbesteko elementua zuela. Eta naturarekiko elkarrekintzari ekin zion. Lurrean edo hondarrean orbain sakonak egin eta sokaz josi egiten zituen. «Lehenago edo beranduago, natura, berez, bere onera etortzen da». Zenbait hilabetetan edo zenbait urtetan.

Horren ondoren, sokak erabateko protagonismoa hartuko zuen. Azken urteetan hura izan du material eta gai nagusia, hari esker hasi baitzen naturarekin solasean. Esperientzia ikaragarri politak bizi izan omen ditu. Besteak beste, Arabako azken ikazkina, Pedro Zapateria, ezagutu zuen Arabako Mendialdeko herrixka batean, Angostinan, hain zuzen.

Eta naturarekiko solas hori poesia bihurtu zen.

Amarika Asanbleak antolatzen zuen Inmersiones ekimena, herrialdean dauden artistak azaleratzeko deia, bultzada polita izan omen zen Zirikarentzat. Bost aldiz aurkeztu zen eta hiruzpalautan aukeratu zuten.

Poesia bisuala

Eta beste artistengandik ikasten jarraitzen omen duen egile honentzat oso garrantzitsua izan zen, halaber, iaz egin zioten proposamena. Brenan Duarte eta Iñaki Gonzalez-Orive artista gasteiztarrek poesia bisualeko erakusketa bati hitzaldi batez amaiera emateko eskatu zioten. Zer zela-eta bera, galdetu zien Zirikak, eta erantzun zioten poesia egiten duela. «Nire obraz esan duten gauzarik politenetakoa», dio Duarte eta Gonzalez-Oriverenganako esker ona agertuz. Hala ere, ez omen zekien poesia bisualaz zer esan. Beraz, egiten duenaren lagin batzuk erakutsi zizkion publikoari eta ondoren lan horiek zer iradokitzen zioten, poesia zirela iruditzen al zitzaion galdetu. Oso erantzun positiboa jaso zuela dio, lotsati. «Sekulako poza eman zidaten».

Poesia zerion duela zenbait hilabete Montehermoson egin zuen erakusketari. Bere artelanetan hitzak ere agertzen hasi dira, hostoz, harriz, naturako elementuez osatuak; esaterako, “Askatasuna”, beren adarretik ihes egiten duten hostotxoak, errekara iritsi eta itsasora iritsiko direnak. Batzuetan inprobisazioaren fruitu diren obrak egiten ditu. Erakusketako gela batean Mikel Laboa eta Xabier Leteri eginiko omenaldia zegoen. Zazpi argazkitan banatuta, udazkenean batutako pago hostoz osatutako esaldi bat irakurtzen zen: «Naturarekin bat izan eta harremanetan sartzea». Gela hartan Leteren “Izarren hautsa” poema entzuten zen etengabe, Mikel Laboaren ahotsean.

Gauza asko omen dabilkio buruan, hamaika ideia, zehazteke, baina «artelanak gidatzen nau», dio berriro. Beharko izan hamaika ideia. GAUR8rekin hizketan ari dela, lagun bat hurreratu eta euskal presoen aldeko mobilizazio baterako performance bati buruz mintzatu dira. Herri ekimenentzat egin dituen lanak aspaldi luzekoak dira: Inoiz ez dio ezetz esango Gasteizko Txosna Batzordeari, euskal presoen aldeko dinamikei, Langabeen Asanbladari edo Martxoak 3 Elkarteari. Horientzat eta beste askorentzat hamaika logotipo, kartel, koadro, eskultura egin izan ditu, eta horretan segitzen du, bere ibilbide artistikoarekin koherente. Martxoaren 3ko biktimen omenezko bi metroko koadroa egin zuen, elkartearen egoitza berritu zutenean haga batean aurkitu zuten bala bat baliatuta.

Labur-labur, Zirika lorezainaren ibilbide artistiko luze bezain erakargarria, batzuetan hunkigarria, beti ere hausnarketarako gonbidapena. •

«Gauza txiki baina interesgarriak»

Ez da atzo goizeko kontua Arabako kulturaren esparruko kezka. Horretaz aritu da Zirika GAUR8rekin. 92an Santos Iñurrieta pintore gasteiztarraren salaketa –eta atxiloketa– ekarri du gogora. Orduan, Iñurrietak nabarmen utzi zuen Arabako instituzioen politika kulturala, artista baten erakusketarako dirutza gastatzen zuten aldi berean, gazteen jardun kulturala sustatzeko dirurik ez zutela esaten baitzuten. Hurrengo hamarkadan artista hasi berrientzako gune bakarra, Amarika gela, ixten saiatu ziren, baina artistak batu eta antolatzen hasi ziren. 2007an Amarika Asanbleak hiru gela kudeatzea lortu zuen: Amarika gela bera, tartean. 60tik gora erakusketa, performance, mahai-inguru... egin eta sortzaile berriei sostengua emateko esparruak sortu zituzten. Baina PPk, Arabako Aldundiko gobernura iritsi zenean, bere sostengua kendu zion proiektu hari.

Hurrengo urteetan itxaropen berriak sortu ziren, Krea, Artium eta Amarika biltzen zituen diseinuak Gasteizko kultur beharrei erantzuten baitzien. Haietatik, ordea, Artium baino ez da geratu. Arabako kulturaren bandera-ontzia izan behar zuen Krea jaio baino lehen hil zen, modu lotsagarrian; Montehermoso kulturguneko zuzendari Xabier Arakistain Arakis bere kargutik kendu zuten, Montehermoso nazioarteko erreferente bihurtu bazuen ere, batez ere, artearen esparruan sexu berdintasuna ezartzen eta garatzen aitzindari izan baitzen. Arabako kulturak, labur esanda, murrizketak baino ez zituen ezagutu. Aurrekontu berez eskasak erdira murriztu zituzten, bekak eta deialdiak bertan behera geratu ziren... «Basamortua», dio Zirikak.

Arabako kulturgileen ezinegona gero eta handiagoa zen, eta iaz, Amarika Asanblearen aurrekaria gogoan, zenbait artista plastikok kultur plataforma bat sortzea proposatu zuten. Uda ostean, Arabako Kulturaren Mahai Sektoriala aurkeztu zuten, 200 lagunen sostengua zuela. Artista plastikoez gain, hezkuntza munduko jendea, idazleak, kantariak... eta erabiltzaileak ere biltzen ditu Mahaiak. Arabako kultura bultzatu eta erakundeekiko solaskide izan nahi du. Aurtengo ekainean, kultura eta sorkuntza garaikidearen aldeko 11 proposamen biltzen dituen dokumentua aurkeztu zuen. Besteak beste, Aldundia eta Udala prestatzen ari diren Plan Estrategikoetan parte hartzea eskatzen du Mahaiak. Halaber, herritarren parte-hartzea eta elkarlana bultzatzen dituzten guneak ezarri eta sustatu beharra dagoela diote Mahaiko kideek, adibidez, aurrekontuak gutxienez lehengoratzea.

Zirika ere asanblea horretako kidea da. Berak ere sumatzen du, beste gabezia askoren artean, herrialdeen arteko oreka falta. Lakuako Gobernuak Tabakaleran egindako inbertsioa aipatu du adibide gisa, Krea abiatzeko behar dena baino bost aldiz handiagoa baita. «Baina ez gaizki ulertu. Nik ez dut Bilbon edo Donostian egiten dituzten kultur eraikinak hemen ere egitea eskatzen. Leku batean erreferentziazko museo bat, bestean auditoriuma... banatu egin beharko lirateke. Baina aireportuekin bezala gertatzen da. Nazio ikuspegi falta nabaritzen dut».

Edonola ere, ez da ezkorra. «Gauza txiki baina interesgarriak sortzen ari dira: Baratza gela, Zas, Jimmy Jazz, Hell dorado, Orbain elkartea... artistek berek sortu eta kudeatuak.