NAIZ
BILBO

EAJk Usansoloren desanexioari buruzko galdeketa babestu eta emaitza errespetatuko du

Usansoloko desanexioaren inguruko galdeketaren bultzatzaileek jakinarazi duenez, EAJko Bizkaiko batzarkideek adierazi diete azaroaren 23rako antolatu duten herri galdeketa babesten dutela eta emaitza errespetatu egingo dutela.

Usansoloren desanexioaren aldeko kontzentrazioa Gernikan, Bizkaiko Batzar Nagusietan. (Luis JAUREGIALTZO /ARGAZKI PRESS)
Usansoloren desanexioaren aldeko kontzentrazioa Gernikan, Bizkaiko Batzar Nagusietan. (Luis JAUREGIALTZO /ARGAZKI PRESS)

Usansoloko herri galdeketaren bultzatzaileek agerraldia egin dute eta bertan jakinarazi dute ostegunean Galdakaoko Udalarekin bilduko direla, azaroaren 23an desanexioari buruz antolatu duten galdeketa nola egin aztertzeko.

Azaldu dutenez, EAJko Bizkaiko batzarkideek esan diete galdeketa egiteko bitartekoak jarriko dituztela eta emaitza errespetatu egingo dutela.

Jose Luis Bilbao ahaldun nagusia udalerri berriak sortzea galarazten duen foru araua aldatzeko aukeraz mintzatu zen joan zen asteko Batzar Nagusietako osoko bilkuran, modu horretan EAJren jarrera aldaketa agerian utziz.

Javier Aurre bultzatzaile taldeko kideak esan duenez, ziur daude galdeketan Usansoloko bizilagun gehienek –2.500 dira auzoan– Galdakaotik desanexionatu eta herri bihurtzearen alde egingo dutela.