Imanol  Intziarte
Redactor de actualidad, con experiencia en información deportiva y especializado en rugby
Elkarrizketa
Eneko Azedo
‘Adur’ rol liburuaren idazlea

«Euskaraz rola jolasten duen komunitatea ez da oso handia, baina bai mugimendua daukana»

Bilbon bizi den Eneko Azedo gasteiztarrak duela ia 30 urte asmatu zuen rol joko bat lagunekin euskaraz jolasteko. ‘Adur’ bataiatu zuen. Orain paperean idatzi du, laster argitaratuko den liburu batean. Baliabide bat gehiago, ia dena egiteke dagoen esparru batean.

Eneko Azedo.
Eneko Azedo.

Agian hasi behar gara rola zer den azaltzen?

Oso gauza sinplea da, istorioak asmatzea da rola. Lagun talde bat biltzen da eta guztion artean istorio bat asmatzen dute. Jokalari batek gidariaren lana egiten du, eta beste bakoitzak pertsonai bat irudikatuko du. Gure jokua Erdi Aroan dago kokatuta, eta orduan pertsonaiak izan daitezke gerlariak, sorginak, baserritar bat…

Zer da ‘Adur’?

Euskarazko rol joko bat da. Euskal Erdi Aroan dago girotuta, benetazko Historia gertaerak eta mitologia batzen ditu. Hor daude basajaunak, lamiak, Mari jainkosa, eta nahastu egiten da Euskal Herriko egoerarekin: Iruñeko Erresuma, Orreagako gatazka… Probatu duen jendeari asko gustatzen zaio.    

Prestatu genuen diru bilketa bat (crowfunding). Interesatuta dagoena sartu daiteke itsulapikoa.eus atarira eta bertan egin dezake eskaera jokua lortzeko.



Gutxiengo kopurua lortu duzue, jokoa argitaratuko da.

Bai, argitaratuko da

Jokoaren formatoa liburu bat da

Bai, liburu bat da, eta liburuarekin txanpon batzuek etorriko dira. Beste rol jokoetan dadoak erabiltzen dira, baina hemen, berezitasun moduan, txanponak erabiltzen dira. Bost txanpon dira, metalezkoak.

Prestatu dugun liburua oso erakargarria izango da. Formato handian, A-4, dena kolorez,   marrazki pilo batekin. Oso itxura polita edukiko du.   

Kontatu didatenez,  hogei urte edo gehiago daramazu honetara jolasten, tabernetan lagunekin, eta bapatean idatzi behar zela pentsatu zenuela…

Jokoa orain dela urte mordo bat asmatu nuen, 1990garren hamarkadan. Lagunen artean jolasten genuen, koadrillan, tabernetan, garagardo bat eskatu eta hor ibiltzen ginen.

Etxetik kanpo geundenez, ez geneukan dadorik, eta hartzen genituen poltsikoko txanpon batzuk eta erabiltzen genituen. Hortik dator txanponak erabiltzearena.

Garai hartan erabiltzen genuen txanponak arruntak ziren, baina orain txanpon berezi batzuk prestatu ditugu. Alde batetik arrano bat egongo da, eta bestetik belea. Horrela jakingo dugu txanpon hori ekartzen duen notizia ona edo txarra den.  

Euskaldunok etorkizunaren iragarpenak egiten genituen txorien hegaldiekin, eta jokoan hori irudikatu izan nahi dugu. Horregatik alde batetik txori ‘on’ bat (arranoa) eta bestetik txori ‘txar’ bat (belea).



Zer da liburua eskeintzen duena?

Lehenik, jolasteko arauak. Oso errazak dira, ez da beharrezkoa rolean oso aditua izatea, edozeinek oso azkar ikasiko ditu. Eta gero, bestetik, hainbat baliabide daude. Alde batetik aurretik prestatutako abenturak, ‘Adur txangoak’ deitzen ditugu, zuzenean jolasteko. Horretaz aparte baliabide pillo bat daude saio berriak asmatzeko: atal bat euskal Erdi Aroaren inguruan, beste atal euskal mitologiari buruz, objetu miresgarriak, leku miresgarriak, fitxak… Guzti hori erabilita saio berriak asmatzeko.    

Rola euskaraz, nolakoa da osasun egoera?

Uste dut azkenaldian modan jarri dela. Komunitatea ez da oso handia, baina bai mugimendua daukana. Gure taldea ‘Rolariak’ deitzen da, berrogeitamar pertsona gaude eta eten gabe ari gara partidak prestatzen, Rolaldia deitutako ekitaldi bat… Telegram bidez hitz egiten dugu, baina orain web orrialde bat ireki dugu, rolariak.eus. Hau dena ere animatu zidan ‘Adur’ idaztera.

Materiala badago euskaraz jolasteko?

Oso gutxi. Orain arte euskaraz orain arte soilik ‘Atopia’ dago garatua. Honez gain, beste hiruzpalau liburu itzuli dira. ‘Adur’ argitaratzeko asmoa hori zen ere, hutsune hori pixka bat betetzea.