Hainbat egun eraikinean pasa ostean, Donostiako eragile eta norbanakoen laguntzarekin batera Guardetxea okupatu duela publiko egin zuen atzo Donostiako Alde Zaharreko Gazte Asanbladak.
Ohar batean azaldu dutenez, 2019. urtean, Donostiako Udalak hainbat konponketa egiteko aitzakipean Guardetxea itxi zuen, eta ordutik, 6 urte darama hutsik. Eraikin hau ezaguna da Donostian, 10 urteko erabilpen komunitario eta autogestionatua izan bitartean askotariko proiektuak loratu zirelako bertan; ekitaldi kultural zein musikalak, aisialdi ekintzak, formakuntza ezberdinak, jaialdiak, eragile askoren bilerak, proiekzioak, zirkua, bazkari eta afari kolektiboak…
«Horregatik, erreferentziazko elkargune izan zen hiriburuko gazte eta kolektibo ugarirentzat eta, argi diogu, ez dugula turismora bideraturiko beste museo, arte edota exposizioetarako galeria bat irekitzerik nahi», adierazi dute.
AZGA prest agertu da Udal Gobernuarekin esleipen baldintzak adosteko. «Hori bai, Udalak entzungor egiten jarraitzen duen bitartean, okupazioarekin aurrera segi eta Guardetxea auzolanean eraikitzeari ekingo diogu», ohartarazi du Gazte Asanbladak.
Udal Gobernuari eta Kultura Saileko zinegotziari zuzenduriko bilera eskaera erregistratu dute Alde Zaharreko elkarte eta kolektibo ugarik, Honekin, elkarrizketa eta negoziazio prozesu bat zabaldu nahi dute sinatzaileok, esleipen baldintzak adostu eta Guardetxea auzoarentzat izan dadin.
«Auzoko eta Donostiako gazte eta kolektibo askoren beharrak asetuko lituzke espazio honek: saretze eta parte hartze komunitarioa sustatzeko, bestelako aisialdi eredu bat garatzeko, formakuntzarako, eskualdeko musika eszena indartzeko, proiektu solidarioak sortzeko, euskara sustatzeko edota ekitaldi musikal zein kulturalak antolatzeko», azaldu dute.
Izan ere, aspaldikoa da Alde Zaharreko gazteok espazio bat lortzeko borrokan egin duten ibilbidea. «Guztiok ditugu gogoan Uxotegi eta Kijera Gaztetxea edota lehenago burutu ziren beste hainbat eraikinen okupazioak. Egoera hau, ordea, auzoan dagoen zerbitzu eta ekipamendu publikoen gabeziarekin erabat loturik dago, bai eta azken urteetan auzoan (eta Donostian) ematen ari den merkantilizazio prozesurekin ere. Azken finean, auzotarron interes kolektiboaren gainetik, elite ekonomikoaren interesak lehenesten dira, auzoa atzera bueltarik ez duen turistifikazio eta gentrifikazio prozesuan murgilduz. Egoera honek bizilagunok ito egiten gaitu: espazio publikoaren erabateko pribatizazioa, etxebizitza prezioaren gorakada mugagabea, multionazional eta joko-aretoen ugaritzea, komertzio txikiaren desagerpena, hotel eta pentsio turistikoak…», azaldu dute.
Alde Zaharreko Kirol Elkartea, Alde Zaharreko Joaldunak, lde Zaharreko Trikitixa Taldea, Bilintxi Balantxa Bertso Eskola, Donostiako Kaleren Lagunak Kirol Elkartea, Ernai, Euskal Jai Batzordea, Euskara Batzordea, Herria Kultur Elkartea, Karmengo Jai Batzordea eta Mugan Musika Kultur Taldea Elkarteak eman diote babesa proiektuari.
Astuburu honetan hainbat ekimen antolatu dituzte okupatutako eraikinean.

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo
