Amagoia MUJIKA
NAFARROAKO BERTSOLARI TXAPELKETA

Julio sotok alde handiarekin jantzi du aulki huts bati eskainitako txapela

Hirugarren txapela modu ikusgarrian jantzi du Julio Sotok. Hasi eta buka, bikain. Xabier Terrerosekin batera josi zuen saio on bati gailurra jarri zion buruz buruko bizia. Orokorrean, zortzikotea ondo aritu zen, primerako saioa osatuz.

Hasi eta bukatu, goitik, goitik, goitik. Inoizko Julio Sotorik onena ikusi genuen atzo arratsaldean Elizondoko Baztan pilotalekuan. Erabat kontzentratuta, langile, ariketa guztiak intentzio handiarekin josiaz. Gozamen hutsa. Eta, ordainetan, txapela etxeratu zuen.

Txapeldunaren izena jakin zenean, Baztan pilotalekua zutik jarri zen Julio Soto goratzeko. Eta txalo zaparrada luzea eskaini zion. Sotoren poza, baina, oso neurtua eta tristea izan zen. Saioaren lehen agurretik oso presente izan zuen duela aste batzuk auto istripu batean bizia galdu zuen bere anaia, eta azken bertsoa ere harentzat izan zen: «Aitak zuri hitz egiten pasatzen ditu egunak/ egunero pizten dizu kandela ama kuttunak/ Itxaso zurekin dago dauden bezela lagunak/ Idurre eta Gorriti eta ollagorren lumak/ guztiok elkartzen gaitu zuganako maitasunak/ Alberto hartu itzazu besarkada bihozdunak/ gutxi barru aurrez aurre emango dizkizugunak». Oso une hunkigarria izan zen.

Baina egoeraren estua ulertuta, nabarmendu beharra dago Julio Sotok zer-nolako indarra eta kontzentratzeko gaitasuna erakutsi zituen saio guztian. Erabat bertsotara egon zen, lanera, eta apartatzeko moduko ale asko eta asko utzi zituen.

Buruz burukoaren aurreko ariketa guztietan puntuazio onena berea izan zen. Xabier Terreros eta biak pasatu ziren saioko azken gailurrera. Eta buruz burukoan, puntukako ariketan bakarrik gailendu zitzaion Terreros, Sotok poto bat egin zuelako. Baina, poto eta guzti, 38,5 puntuko aldea atera zion bigarrenari.

Buruz burukoa bizi joan zen, gozagarri. Asterix eta Obelixen paperean seiko motzean ariketa polita osatu zuten Sotok eta Terrerosek. Eta, kartzelakoa, primerakoa. Hauxe zuten jendartean irritxoak piztu zituen gaia: Hirurogeita hamar urteko emakume bat zara; gaur masturbatu zara lehen aldiz. Sotoren bigarrena: «Garai batean gu ginen gizonezkoen desira/ eurak eduki zezaten bi begietan distira/ bakarrik ginen emazte bakarrik ginen kerida/ gaur galtzak erantzi eta behatz pare bat azpira/ orain goxo ezkerrera orain goxo eskubira/ zer den zehazki ez dakit baino hemen zerbait etorri da/ azken segunduei batzuek deitzen diote korrida/ ni izenetan nahasten naiz neretzat izarrak dira». Eta hirugarrena ere, bikaina.

Xabier Terrerosek ere saio ona egin zuen, eta buruz burukoan eutsi egin zion. Bere kartzelako lehena, bikaina: «Eskuekin lana aunitz egin dut emakume askok bezala/ orain baratza, orain arraska eta ondoren pastela/ etxea garbitu, ikuilua egin, egun argia goibela/ orain behatza hanka tartean tirritarra dabilela/ nik ez nekien nere eskuak hain jakintsuak zirela».

Oro har, final bikaina

Orokorrean final ederra izan zen. Bertsolari denek goratu zituzten Baztanen bildutako bertsozaleak aulkitik pixka bat uneren batean. Barrez batzuetan, hunkituta beste batzuetan. Emozioen ostadarreko kolore guztiak agertu ziren Elizondon. Isiluneak egiazkoak izan ziren, txaloak benetakoak, irriak sanoak.

Buruz burukoa izaten da saioko izarra, kronika hauek abiatzen dituena. Atzo, baina, izan ziren apartatzeko moduko uneak, eta bat baino gehiago gainera. Bereziki ukitu gintuen Julio Sotok eta Xabier Terrerosek jositako hamarreko txikiko ariketak (gero buruz burukora pasatu ziren biak). Klima berezia lortu zuten, sinesgarritasun handiz jardun zuten eta bertsozalea eskutik heldu eta nahi eran ibili zuten. Ederra izan zen, magikoa. Hauxe zuten gaia: Adineko bikotea zarete. Julio, zure pasioa irakurtzea da. Itsu geratzen ari zara eta ezin duzu irakurri. Xabier bikotea irakurtzen ikasten ari da Juliori irakurri ahal izateko.

Julioren lehena: «Itsu geldituko naiz urte bukaeran/ eskerrak zu zaitudan ondoan aukeran/ badakit joango dela guztia primeran/ zugan dauzkadalako lehen amestu eran/ mundua ikusteko bi begi niregan». Eta Terrerosen erantzuna: «Lehendik begik itxita eman dugu muxu/ lehendik begik itxita ametsetan ze su/ lehen urte bukaera zuk aipatu duzu/ erranez zu geratu behar zarela itsu/ baina nire aurpegian bi begi dituzu». Bien artean bikain josi zuten ariketa, eta Terrerosek bukaera primerakoa eman zion; «Dardarka dut bihotza bueltaka burua/ redeskubritu behar baitugu mundua/ bizitu momentua bizi segundua/ jada ailegatu da lotako ordua/ eman eskua eta itxi liburua».

Hirugarren geratu zen Eneko Lazkozek ere saio oso ona osatu zuen. Kiniela askotan bera zen Sotorekin batera buruz burukora pasatuko zena. Ariketa guztietan aritu zen goitik, gozatu eta gozaraziz. Sotorekin hasi zuen saioa zortziko nagusian. Bi prostituten azalean aritu ziren, bikain biak. Hauxe Lazkozen aleetako bat: «Berdin aspaldi ezkondu zena nahiz dagoena alargun/ hona denetik etortzen zaigu buzodun nahiz korbadatun/ baina sufritzen eta eskerrak ematen ezin da jardun/ ez dakit nora ta nola baina ihesi egin dezagun».

Laugarrena, Oskar Estanga. Oso proposamen propioak egin zituen saio guztian, esan nahi zuenetik oso gertu sumatu genuen, pozik eta poza transmitituz.

Eta berdin gainerakoak, Eneko Fernandez, Ander Fuentes “Itturri”, Julen Zelaieta eta Aimar Karrika. Denek izan zuten distira propioko uneren bat oso bero, oso bizi eta bertsotan oso jantzia joan zen finalean.

Aimar Karrikak saio ona egin zuen orokorrean. Bakarkakoaren gaiari ateratako punta oso interesgarria izan zen. Hauxe, gaia: Perfekzioa bilatu nahian, hainbat estetika operazio egin dituzu; oraindik ez zaude gustura. «Naturak ez dituenez holako hainbat aurreikusten/ sortu nintzenetik nabil nire burua zapuzten/ hemezortzi urtetako hasi poltsikoak husten/ aldatua zait ahotsa ta hasi bularrak puzten/ ordea ispilu honek ez dit hori erakusten/ oraindik enaizelako neska bezala ikusten», bota zuen lehena. Eta, bigarrenaren bukaera, «...natura madarikatzen nabil aspaldi gogotik/ desberdin egin baininduen, barrutik eta kanpotik». Oso txalotua izan zen Karrikaren lana.

Lehenengotik azkenera, hasi eta buka, zortzikoteak puntadaz puntada jositako bertso arratsalde luzea eta, hala ere, motza izan zen atzokoa.