Arantxa MANTEROLA
BAIONA
TORTURA, MEMORIA ETA ZIGORGABETASUNA SINPOSIUMA

Torturen lekukotasun gordinak, bidegabekeria ekiditeko bitarteko

Torturari buruz Varenne Unibertsitate Institutuak antolatutako jardunaldiei amaiera emanez, larunbatean foro irekia egin zen Baionako Fakultateko anfiteatroan. Bertan, besteak beste, desmasia horiek jasan dituzten hainbat lagunen lekukotasun gordinak entzun ziren. Ariketa zaila haientzat; oso pedagogikoa, ordea, entzuleentzat.

Baionako Fakultateko anfiteatroa bete zuten entzuleek, zutik jarrita, egundoko txalo zaparrada eskaini zieten torturaren ankerkeria bizi ostean berau gainditzen nola saiatzen ari diren azaldu zuten lagunei. Horien artean, Guantanamon hiru urte preso egin zituen Mourad Benchellalik bizitako esperientzia beldurgarriaren pasarteak kontatu zituen, zehaztasun guztiekin “Voyage vers l’enfer” (Bidaia infernurantz) liburuan jaso dituenak. Termino bera, «infernua» alegia, erabili zuen Ixone Fernandezek, 2005ean Cadizen atxilotua izan ostean polizia etxean igarotako egunak deskribatzeko. Absolbitua izan ondoren, behin betiko aske geratzean bizitako sufrikarioa ere aipatu zuen. «Ez nintzen bizi, biziraun egiten nuen», adierazi zuen. Taldeko terapiei eta Istanbuleko Protokoloaren ikerketan parte hartzeak emandako indarrari esker burua altxatzea eta pertsona bezala berreraikitzea lortu duela nabarmendu zuen.

Minbiziaren iturburu

Oso hunkigarria izan zen Juan Mari Torrealdairen testigantza ere. Eremu akademikoko giro serioa eta foroaren nazioarteko izaera lagungarri, inoiz ez bezalako xehetasunekin kontatu zuen “Euskaldunon Egunkaria”-ren kontrako operazioan atxilotu eta torturatu zutenean bizitakoa. Fisikoki eta psikologikoki pairatutakotik harago, ez du ahanzteko bere bizitzako lan guztia hankaz gora nola jarri zioten etxean, ezta Jakineko bere bulegoko dokumentu, ikerketa eta lanak nola kendu zizkioten. «Niretzat sekulako tortura izan zen hura», adierazi zuen. Urteetan psikiatra baten laguntza behar izan du eta oraindik ere amesgaizto haren ondorioak ez ditu gainditu. Are, mintzaldian jakinarazi zuen hezur-muineko minbizia duela, eta bai bere ustez bai psikiatraren iritziz ere, «jasandako torturekin lotuta» dagoela gaixotasuna.

Buscarita Roa Argentinako Maiatzeko Plazako Amonak elkarteko kideak, berriz, haur bahituei zer gertatu zaien, non dauden, bizirik edo hilda dauden ez jakitea «egiazko tormentutzat» jo zuen. Bere biloba aurkitzeko «miraria» bizi izan zuen 2000n, baina bost urte gehiago itxaron behar izan zituen «familia lotura eraiki eta bilobaren lehen besarkada biltzeko». Bilobak bera bilatzeko ahaleginean etsi ez izana eskertu zion eguna «bere bizitzako ederrena» izan zela esanez amaitu zuen hitzaldia, entzuleengan zirrara piztuz.

 

Lau oinarrizko eskubide hamaika erpin dituen arazoarentzat

Trantsiziozko justiziaren bidez nola egin aurre tortura krimenei? Horratx konklusio moduan Jean-Pierre Massias irakasleak planteaturiko galdera sakona. Esparru asko ukitzen dituen arazoa izanik, askotariko erpinetatik heldu behar zaiola uste du.

Ezinbestean bermatu behar diren lau eskubide aipatu zituen. Batetik, egia jakiteko eskubidea. Bide horretan testigantzak, egiaren batzordeak edota Istanbuleko Protokoloa bitarteko eraginkorrak dira. Bigarrenik, biktimek erreparazioa lortzea, «gutxienez, era sinbolikoan edo formalean bermatu behar dena». Justizia eskubidea da hirugarrena. Torturatzaileak epaituak izan daitezen, Nazioarteko Dei Auzitegia edota edozein epailek ikertu eta epaitzeko orain duen eskumen unibertsala planteatu zituen. Azkenik, gertatutakoa ez errepikatzeko eskubidea aipatu zuen Massiasek, hori lortzeko atxilotze prozedurak edota polizia etxeetako jardunbideak, esaterako, birmoldatu beharko liratekeela gaineratuz.

Alta, neurri juridiko horiek «ez dira aski» Massiasen aburuz, inpunitate juridikoaz gain bestelako zigorgabetasun motak baitira. Hala, tortura antolatu eta estaltzen duten gobernuen inpunitate politikoa, hainbat elitek tortura era «neurtuan» legalizatzearen alde agertuz bultzatzen duten inpunitate intelektuala eta gizartearen zati handi batek «segurtasunaren argudio faltsuan babestuz» ahalbidetzen duen inpunitate soziala mahaigaineratu zituen.A.M.