Mikel Zubimendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Historiaren motorraz hitz-aspertu batzuk

Barkatuko didate zahar usaineko marxista eta erromantikoek, baina aspaldian minkide batekin hitz egin bezala, gero eta konbentzituago nago ez klase borroka eta ez amodioa ere ez direla historiaren motorrak. Zientifikoki demostratutzat jo zuten marxistek gizateriaren aurrerabidea klaseen arteko antagonismoa zela, eta azalpen bezala zernahirako eta nahi bestetan erabili zuten. Erromantikoentzat, aldiz, amodioak mendiak mugitu, munduko gerrak esplikatu eta jendearen jokabidea arrazoitzen zuen. Barkatuko didate denek, baina ez, ez da horrela.

Zilegi bekit hitz potoloa neureganatzea: historiaren motorra aspermena da. Jende bat aspertu egiten da, aspaldi dago aspertuta, eta, hain oker horregatik, egiten ditu egiten dituenak. Esplikazio sentzilloa da, agian sentzilloegia, baina bestela ezin dira ulertu ustez larreostikoak diruditen eta politikoki jantzita datozen hainbat jokabide eta adibide. Kaputxak jarrita, «gora biolentzia!» lelo hartuta dabiltzan feministak, edo presoen alde ustez, «Amnistia ala hil» bezalako mezu tragikoak, esate baterako. Konturatzeke, gainera, aspertu egiten dute.

Aspermena eta nagikeria intelektuala lehengusu propioak baitira. Nagikeriak ezer ez egitera darama, eta, ezer ez egiteak, aspermenera. Nago aspermena sentitzeke ez liratekeela ekintza horiek egiten hasiko. Arazoa, ordea, aspermena hiltzeko inolako irabazi sozial eta erlazionalik gabeko distrazioak egiten hasten zarenean dator. Ondo pasatu eta entretenigarria izan daiteke, baina distraziook kausa justuak ahuldu eta hutsunea, zentzu faltari darion hutsune mingotsa uzten dute.

Borondatea lantzea, edukatzea eta ahaleginarekin indartzea beti da gomendagarria. Ilusioak atrofiatuta badaude, inertzian kateatzen garelako, bultzada kreatiborik gabe, pertsonalki eta kolektiboki gutaz tiratuko duen bisiorik gabe. Aspermenak, beste behin, partida irabazita.

Eta aspermenak etenik ez badu, beti dago buruko gaitzetako profesional bat kontsultatzeko azken aukera bat.