GARA
DONOSTIA

Eskola jazarpenari aurre egiteko KIVA programa ezarriko dute 52 ikastolak

Ikastolen Elkarteak eta Finlandiako Unibertsitateak atzo Donostian izenpetu zuten akordioaren bitartez, datorren ikasturtean 52 ikastolatan martxan jarriko dute KIVA programa. Dena den, atea irekia dute une honetan sartu ez diren ikastola guztiek.

Ikastolen Elkarteak eta Finlandiako Unibertsitateak hitzarmena sinatu zuten atzo Donostian datorren ikasturtetik aurrera eskola jazarpenari aurre egiteko KIVA programa ikastoletan inplementatzeko. Guztira, 52 ikastolak hartu dute parte programa martxan jartzeko erabakian.

Ikastolen Elkartetik Koldo Tellituk sinatu zuen akordioa, eta Finlandiako Unibertsitatetik, berriz, Pasi Kaskinen lehendakariordeak. Finlandiako Unibertsitatearen Turkuko campusa da, hain zuzen ere, KIVA programa garatu duena. Aipatutako programak, Europako hainbat herrialdetan martxan jarri dena, eraginkortasun handia erakutsi du eskola jazarpena murrizteko orduan.

«Bullying-az ari garela, ezin gara kopuruez mintzatu. Kasu bakar bat ematea ere oso larria da; ondorio larriak ditu eta ezin dugu onartu», azpimarratu zuen Tellituk, «gizarte bezala» arazo larri honi arre egin behar zaiola ohartarazi zuenak. «Ikastolek argi dugu hori, eta horretan sakondu nahi dugu KIVAren bitartez, bereziki indarra jarriz prebentzioan», gaineratu zuen.

Elkarteak ohar batean azaldu zuenez, Kakinenek ere prebentzioan jarri zuen indarra. Haren arabera gakoa da prebentzioa, ikasleek bullying-a zer den eta zer ez den jakitea, hurrena bullying kasu baten aurrean daudenean hura detektatu ahal izateko. Era berean, KIVA programa ezartzeko ikastolek erakutsitako seriotasuna, irmotasuna eta gogoa nabarmendu zituen.

Ateak irekita

Hitzarmenaren bitartez, datorren ikasturtean 52 ikastolatan inplementatuko dute KIVA programa. Dena den, atea irekita dute une honetan sartu ez diren ikastola guztiek. Izan ere, 2017ko urtarriletik aurrera hasiko dira lantzen ikasgeletan Finlandiako Unibertsitateak garatutako programa. Eta horretarako prestakuntza lan handia egin beharra dute ikastolek.

Zentzu horretan, iragan urtarrilaren 19an KIVAri buruzko lan saio bat egin zutela Gasteizen gogoratu beharra dago, eta atzo bertan bildu ziren KIVA martxan jarriko duten 52 ikastola horietako ordezkariak bigarren lan saioan. Finlandiatik etorritako bi prestatzailerekin aritu ziren KIVA programan sakontzeko.

Hurrengo asteetan, berriz, hezitzaile talde bat Finlandiako Unibertsitatera joango da prestakuntza bertan jasotzera. Haiek izango dira, gero, Euskal Herrian beste irakasleak prestatuko dituztenak. Programa Lehen Hezkuntzari begira dago garatuta, eta une honetan Finlandian Bigarren Hezkuntzarako ari dira garantzen KIVAren hurrengo fasea. Prestakuntzarekin batera, ikasgeletan erabiltzeko materiala, paperezko euskarrikoa zein digitala eskuratu beharra dago.