Maider IANTZI
DURANGO

21. Euskal Denda, makila hartuta lan ona munduratzen

“Jalgi hadi mundura...” leloaren bidez, artisauak urratsez urrats nazioartera atera daitezen animatu nahi ditu Euskal Dendak. Hori bakarrik ez, Bernat Vidal Arbasoko lehendakari eta artisauak azaldu bezala, munduak lan ona egiten duten pertsona hauek topa ditzan baliabideak jartzea ere bada helburua.

Udan Washington DC-n egin zen Smithsonian Festibalean parte hartu zuten artisau batzuek, tartean Vidalek, eta esperientzia hark eraman zituen nazioartekotzearen garrantziaz jabetzera. «Artisautza gakoa da herrialdearen kulturaren eta ongi egitearen bereizgarri gisa», adierazi du Arbasoko lehendakariak.

Azokak irauten dituen bost egunetan, antzina liburu eta diskoak saltzen ziren toki berean, Merkatu Plazan, zabalik dago Euskal Denda. 21. edizioa beteko du aurten, eta antolatzaileek agertu dute, nahiz eta urtez urte arrakastatsuagoa izan, oraindik ez duela goia jo: iaz 23.000 bisitaritara iritsi zen eta aurten, «ekonomia globala pairatzen ari den krisialdia gaindituko delakoan», kopuru hori gainditzeko esperantza dute.

Euskal Herriko hainbat txokotako ordezkariak hartu ditu bertze behin; guztira 52 artisau, Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroa Behere eta Garaikoak. Durangon egonik, Bizkaia da kide gehien dituena, hogeita lau artisau. Feriaren berritzea ere azpimarratu du Vidalek: hamazazpi artisau berri etorri dira.

Sektoreei dagokienez, bitxigintza, zeramika eta ehungintza dira nabarmentzekoak. Eguberriak hurbil dira eta opari berezi eta ederrak erosteko aukera aparta ematen du Euskal Dendak. Adibide bat aipatzeagatik, Elorrioko Anithak paperarekin egiten ditu belarritako, lepoko eta gainerako bitxiak, baita koadroak eta bertzelako apaingarriak ere. Bitxi eder horiei erresistentzia eta iraupena nola ematen dien galdetuta, ordea, ez digu sekretua kontatu. Zer jan eta edan ere bada Merkatu Plazan. Nobedadea Euskal Garagardoa da.

Artetsu Sariak banatu zituen atzo Arbasok: Bizitza Osoari saria Maria Jesus Kortabitartek jaso zuen; Euskara sustatu eta tradizioak hedatzeagatik Etxepare Euskal Institutua goratu zuten; erakundeen artean Iurretako Udala; eta hedabideetan DOTB Durangaldeko Telebista.