2017/05/06

JUANJO OLASAGARRE
IDAZLEA

Hemeretzi urteko bikote harremanean aurkitu du Juanjo Olasagarrek (Arbizu, 1963) bere azken nobelarako gaia. Kontakizun sendoa da «Poz aldrebesa» (Susa), denboran atzera eta aurrera doan eleberria, erpin batetik unibertsaltasunerako bidean idatzia.

«Zoriontasuna lan bat da eta askotan nekatu egiten zara horretaz»
Ariane KAMIO|BILBO
0506_kul_olasagarre2

Axi eta Joseba egin ditu bere nobelako protagonista Juanjo Olasagarrek. Hemeretzi urteko harremana dute, eta ez daude unerik onenean. Garai bateko momentuetara darama idazle arbizuarrak irakurlea, gaur egunera egiten dituen jauziak tartekatuta. Militantzia homosexuala, bikote harremanak, fideltasuna, leialtasuna, sexua eta mundu ikuskera zehatz bat eraman ditu lerro horietara, gay-tasunetik unibertsaltasunera hurreraketa bat egiteko ahaleginean.

Sendoa atera zaizu nobela.

Bai. Esan izan didate hasieran kosta egiten dela. Ez nuen jakinminaren gainean oinarritutako nobela bat egin nahi. Gero ohartu naiz egin dudanaz, baina jakin-mina dago oso atzeratua.

 

Hasieratik zeneukan pentsatuta eleberria horrela egituratzea? 19 urteko harreman bat, atzera aurrera doan kontakizuna…

Hasieratik argi neukan saltoka egingo nuela, aurrera eta atzera. “Post it” arrosak eta horiak nituen idazten ari nintzenean, garaiak bereizteko. Oso argi nuen.

Gauza konkretuak idatzi ahala sartu ditut, beste batzuk ere kendu ditut. Badago jendea esaldi bat jartzen duena eta ez duena mugitzen. Nik ez. Egiten dut “txurro” bat eta gero hor gauzak kendu edo berriak eransten dizkiot. Estruktura oso argi nuen hasieratik, baita bukaera ere.

Urte dezente joan dira aurreko liburutik («T», 2008). Zenbat denbora egin duzu honekin?

Honen ideia berez bukatuta izan nuen, 2002an edo. “Post it” horiek 2010ean-edo hasi nintzen ja jartzeko. Baina hor gauza asko gertatu zaizkit bizitza pertsonalean eta hona –Bilbora– etorri nintzen bizitzera, eta egon nintzen urte eta erdi idatzi gabe. Eta gainera gogorik gabe, eta jakin gabe ote bueltatuko nintzen, eta kezkarik gabe.

Presiorik gabe…

Bai. Azken lau urteetan aritu naiz intentsoago lanean. Nobela, dena dela, prest zegoen iazko otsailerako. Atera behar zuen aurreko urteko udaberrirako, baina arrazoi desberdinengatik atzeratu egin da bere publikazioa.

Esan izan duzu zoriontasunarekin beti izan dituzula arazoak. Pertsonaia hauekin ere antzeko zerbait gertatzen da.

Zuri iruditzen zaizu ez direla zoriontsuak?

Ez dakit. Agian denoi gertatzen zaigun bezala neurri batean.

“The promise of happiness” liburua irakurri nuen eta hor ikusten da nola zoriontasuna lan bat den. Askotan nekatu egiten zara lan horretaz. Gehiago duzu agian poza…

Erosotasun bat?

Bai. Badago behar bat zoriontsuak izateko. Batzuetan bai, hala da, tokatzen denean. Horregatik desmuntatu nahi nuen hori. Eta gero, gainera, errealitatearen irakurketa gay bat egiten denez, oso erraz zetorkidan esatea zoriontasuna heterosexualen kontu bat dela. Eta hor ere probokatu egiten dut pixka bat.

Pertsonaien zoriontasunari ez ezik, horien barrunbeei begira jarri zara.

Gizaki sozialak gara eta interesatzen zait inguratzen gaituzten baldintza sozioekonomiko eta soziokulturalek zenbat eragiten diguten. Badirudi barrura begiratzen dugunean barruko hori gurea bakarrik dela eta hori ez da horrela. Eta hau brometan esanda, baina 400 orrialde betetzeko barrunbeak erakutsi behar dituzu. Nik badakit liburu honetako anekdota ipuin batean konta daitekeela. Gehiago mundu bat islatu nahi nuen.

Gay batek idatzitako liburua gay harreman bati buruz. Ezer jakin gabe, zer uste duzu espero duela irakurleak?

Askori ez zaie interesatuko.

Ez da gay liburu tipiko bat.

Ez dakit… Gay harreman normalizatuak esango genukeenak edo kontatzeko modukoak, hau da, errepresiotik kanpokoak, horiek duela gutxi hasi dira. Eta hasieran ziren oso nobela antropologikoak. Pertsonaiak ez zeuden kinka batean. Azken finean, gero denak igualak gara, kinkak, zalantzak, erabakiak… Nobela haiek antropologiatik asko zuten; “Badoa tabernara, larrua jotzen du batekin…”, baina ez zeukaten literaturak izan behar duen funts hori, pertsonaiak jartzearena beren bizitzari buruzko erabakietan. Hori ez nuen aurkitzen. Hori asko dago Prousten literaturan, baina bere harreman zentrala ez da homosexuala. Jakina da inspiratu zela bere harremanetan, baina neska eta mutilen arteko harremanak dira.

Nik erakutsi nahi nuen gay bizimodua, baina gehiago interesatzen zitzaidan bikote baten arteko istorioa. Maitasuna, fideltasuna… Ez, “badoaz eta larrua jotzen dute”. Hori ere badago. Baina badoaz saunara eta batek txakurrarena egiten badu da nire inguruan edo gay bizitza mota batean gauza horiek izan badirelako.

Fideltasuna eta leialtasuna. Biak bereizten dituzu nobelan. Gure mundu sozialean fideltasunera murrizten gara gehiago leialtasunera baino bikote harremanetan?

Nik uste dut, gay jende batzuk popularizatu duguna gure artean –ez asmatu, zeren hori asmatua zuten dagoeneko Sartrek edo Simon de Beauvoirrek– harreman irekiaren asunto hori. Hori normalduta dago edo asko gertatzen da gay munduan. Nire inguruko bikoteek oso ongi bereizten dute hori. Oso ongi bereizten dute zer den beste batekin larrua jotzea eta zer den beraien arteko leialtasuna. Leialtasuna da oinarrian gezurrik ez esatea eta hori da garrantzitsuena, larrualdi bat gorabehera.

Orain “poliamor” eta hori guztia modan dago. Baina ezagutzen ditut bikote heterosexualak horrelako harremanak dituztenak. Hor beti arriskua dago norbait desengantxatzekoa. Dantzan ibili behar duzu norbait gehiegi gustatu ez eta zure betiko bikotea ez uzteko, baina gezurrik esan gabe ere. Horiek azkenean kontratuak dira.

Liburuan aipatzen da Pablo Vidartek idatzitako «Etica marica» liburua. Zergatik erreferentzia hori?

EHGAMen garai hartan bazebilen etika bat. “Los novios pasan las hermanas permanecen” esaten zen. Liburu hori beranduagokoa da. Jasotzen du 90eko hamarkadan sortzen den etika. Talde guztietan dago etika bat eta niri horrekin bururatu zitzaidan jolas egitea. Liburu hori oso graziosoa da. Interneten dago, 30 orrialde ditu, oso indartsua da. Marikak garen neurrian gara gizarteko paria batzuk eta orduan gizarteko beste paria batzuekin bat egin behar dugu. Ikusten zen gero gertatu dena, onartzen gaituzte, ez dago klase sozialik eta denak zoriontsu. Eta hori ez da horrela. Eta geopolitikoki irakurtzen baduzu, Ugandan jendea hiltzen dute, eta Txetxenian kontzentrazio esparruetara eramaten dituzte homosexualak.

Cruising-az galdetuko dizut.

[Barreak]

EITBn atera zinen publikoki…

Bai. Liburuan hiru cruising mota daude. Lehenengo eszena Artxandan gertatzen dena, aplikazio informatikoak ere cruising modu bat dira. Gazteek esaten dute: “Mendira joatea larrua jotzera?”. Lehen ez zen mobilik eta norbait topatzeko joan behar zenuen leku batera. Eta cruisinga da ere saunako eszena. Mekanismo bera da. Toki batera joan ea zer gertatzen den, sexu bila.

Zer moduz sentitzen zara horretaz hitz egiten?

Ez dut arazo handirik. Batzuetan iruditzen zait erakusten ari zarela gauza sekretu bat neurri batean. Ari zarela erakusten zerbait inori axola ez zaiona eta beste batzuk izorratuko dituena. Zeren horra joaten gara jende klase guztia, emakume batekin ezkonduta dagoena, armairutik atera gabekoa, edo erabat liberatuta dagoena… Joaten zena, zeren orain gauzak aldatu dira aplikazio informatikoekin. Aplikazio batean arrisku gutxiago daukazu deskubritua izateko.

Kasualitatea izango da. Esku artean izan ditudan azken bi liburuak Kattalin Minerren «Nola heldu naiz ni honaino» eta zurea dira, biak homosexualek idatzitakoak, biak sexuari buruz libreki hitz egiten dutenak.

Badira eszena batzuk, baina ez dut uste hainbeste dagoenik sexuaren inguruan.

Ez diot kopuruagatik, gaiagatik baizik.

Orain kasik bueltan gatoz. Nire lagun gay batek esaten du sexua gainbaloratuta dagoela. Eta ezkertiar idazleek diote kapitalismoa iritsi dela sexuraino eta kolonizatu dutela. Eta egia da. Hori oso argi daukat.

Zein zentzutan?

Zu lehen joaten bazinen cruising batera zindoazen deskubrimentura. Ea norekin topo egiten dudan eta hortik aurrera sexua zen gau hartan elkar ezagutzeko modu bat. Eta orain sexua bihurtu denez kokaina arrasto bat sartzea bezala, jendeak aplikazio informatikoekin ez du deskubrimenturako tokirik, zeren ailegatzen da produktu konkretu bat kontsumitzera. “Niri gustatzen zait atzetik eman diezadaten”, “nik nahi dut hau eta hau eta hau”. Hor ez dago deskubrimenturik. Hori galdu da. Produktuak erostea ailegatu da sexuraino.

Ogitarteko bat egitea bezala? Solomoa, gazta eta piperrak, eta kito.

[Barreak]. Bai, hala da. Lehen meritu bat iruditzen zitzaidan eta orain ez. Nobela batek ireki badizu errealitatearen zati bat, zuk ezagutzen ez zenuena, niri gaur egun ez zait meritua iruditzen. Zuek agian neskak desberdinak zarete. Baina sexua edonon dago, pornoa asko ikusten da…

Nobela enkasillatua dagoela uste duzu?

Enkasillatua da gay?

Bai.

Uste dut ezetz. Ni saiatu naiz nobela honetan daudenen arazoak unibersal bihurtzen.

Errealitatea den bezala erakusten saiatu zarela esan daiteke.

Buelta emango dizut; ni fikzioaren bidez saiatu naiz errealitatea argitzen.

LEIALTASUNA


«Inguruan ditudan bikoteek oso ongi bereizten dute zer den beste batekin larrua jotzea eta zer den beraien arteko leialtasuna. Leialtasuna da oinarrian gezurrik ez esatea eta hori da garrantzitsuena, larrualdi bat gorabehera»

SEXUA PRODUKTU


«Orain sexua bihurtu denez kokaina arrasto bat sartzea bezala, jendeak aplikazio informatikoekin ez du deskubrimenturako tokirik, zeren produktu konkretu bat kontsumitzera ailegatzen da»