Asier AIESTARAN
PILOTA

Finalerako sarrerak asteazkenean ipiniko dituzte salgai

Erosketa internet bidez egin behar da eta prezioak 45 eta 140 euro artekoak dira.

Iker Irribarriak eta Oinatz Bengoetxeak maiatzaren 28an Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko duten Buruz Buruko Txapelketako finalerako sarrerak bihar ipiniko dituzte salgai. Internet bidez erosi beharko dira, Aspe eta Asegarceko web orrien bitartez, eta prezioak 45 eta 140 euro bitartekoak dira.

Zehazkiago esanda, merkeenak hirugarren solairukoak dira, errebotekoek 45 euro balio dute eta besteek, 50; bigarren solairuan, errebotekoak 55 euroan ipini dituzte eta besteak, 80an; kantxako errebotekoak 65 euro kostako dira; eta kantxako eserleku onenak 100, 120 edo 140, lekuaren arabera.

Baina finala ez da Buruz Burukoa amaitzeko falta den partida bakarra, hirugarren posturako lehia ere igande honetan, maiatzak 21, jokatuko baita Donostiako Atano III.a pilotalekuan, Mikel Urrutikoetxea eta Beñat Rezustaren artean. Partida hori lehen aldiz ospatuko den Pilota Eguna borobiltzeko erabiliko dute, eta, Gipuzkoako Federazioak aipatu duenez, sarrerak erreserbatzeko telefono berria dute (693 05 91 21), aurrekoarekin arazoren bat izan ostean. Partida horretarako material aukeraketa ostegunean egingo dute, 11.30ean hasita.

Promozio Mailan, azkenik, dena prest dago larunbatean Labriten Axier Arteagak eta Joanes Bakaikoak jokatuko duten finalerako ere. Horien kasuan, pilota hautaketa bihar bertan egingo dute, hau ere 11.30ean.

EPEL Rankinga eta Masterra

Enpresak, ordea, aurrera begira daude jada eta gaur beste aurkezpen bat egingo dute Bilboko hotel ezagun batean. EPEL Esku Pilota Enpresen Ligaren Ranking berria eta ranking horretako onenek jokatuko duten EPEL Masterra aurkeztuko dituzte. Aspek eta Asegarcek garrantzia handia eman diote proiektu berri honi eta gaur azalduko dituzte xehetasun guztiak.