gara, donostia
EUSKAL PRESO POLITIKOEN KOLEKTIBOAREN BARNE EZTABAIDA

EPPK-REN AGIRIA EUSKAL JENDARTEARI

Agiri honen helburu nagusia EPPK-k joan den urteko abenduaz geroztik burutu duen eztabaidaren emaitzaren berri euskal jendarteari ematea izanik, hori baino lehen espetxeetan bizi dugun egoera larriaren aurrean egiten dugun hausnarketa jakinarazi nahi dugu.

Jasotzen ditugun berrien arabera, euskal jendartean indar politiko eta sozialak gero eta gogotsuago ari dira presoon eta gure hurkoen eskubideen alde ekinean, Euskal Herrira zuzentasuna, bakea eta askatasuna ekartzeko helburuz. Bitartean, Estatu espainiarreko agintariek erabakia hartua dute gure hurkoak errepidean eta gutako norbait edo norbaitzuk kartzelan hil gaitezen.

Zazpi istripu gertatu dira aurten. Ez da inor hil, baina gerta zitekeen. Gerta daiteke. Zentzu horretan, gure deserriratzea mantentzeko arrazoien artean ustez egin ez dugun autokritika aipatzeak orbaindu gabeko zauriak odoletan jarri dizkigu, gutako askori polizia-etxeetan tormentupean zeuden gure senideak askatzeko aitorpena eskatzen ziguten garai ilunak biziarazi baitizkigu. Jakina da nork erabaki zuen gure sakabanaketa, jakina ere nork eman zuen ontzat eta urte luzetan sustatu eta txalotu, orain kontrakoa esan arren. Bego. Soilik espero dugu orain ahalegin handiagoa egingo dutela gure etxeratzea aldarrikatu eta erdiesteko, orduan gure deserriratzearen alde egin zutena baino.

Egin berri dugun eztabaidetako ekarpenetan behin eta berriro agertu den bezala, gaixo larri dauden preso burkideak etxeratuta ere ez litzateke aldatuko gatazkaren muina, kartzeletako egoeraren irtenbideak orokorra izan behar duelako. Baina gaixo ditugun burkideen eta beren hurkoen sufrimendua arindu egingo litzateke eta kartzeletan lokaztu nahi duten gatazkaren konponbiderako urratsa izan liteke. Gaur egun, gutxiengoan eta muinetaraino ustelduta dagoen Espainiako eskuin muturreko alderdi batek eta gatazka armatua bi aldeetatik indarrean zegoen garaian elikatutako elkarte ultra batzuek eta beren bozgorailu lana egiten duten hedabideek agintzen dute presoon aurkako politika.

Hogeitik gora kide ditugu Kolektiboan larriki gaixorik daudenak, espetxealdiak bere gaitza behar bezala artatzea eragozten duenetik hil zorian dagoenera. Horietatik 12 izen ezagunak dira, beste batzuk ez, haiek hala hautatuta.

Berriki, Estatu frantseseko agintariek gure burkide Oier Gomez aske uztea onartu dute. Hartara, daukan gaitz larriari baldintza ahalik eta hoberenetan eta bere maiteez inguratuta aurre egin ahal izango dio. Gertatutakoa agintari frantsesen jarrera aldaketa baten lehen urratsa izatea nahi genuke guztiok, badakigu eta horren alde lanean ari zaretela hor kanpoan. EPPK-k eskerrak eman nahi dizkie bere askatasunaren alde borroka eta ekimenak burutu dituzten guztiei. Gure aldetik, oraingoan ez dugu izan bere aldeko dinamika bateraturik bideratzeko ahalmenik, baina guztiok gaude buru bihotzez zurekin, Oier!

Aldiz, Estatu espainiarreko agintariek hoztasun handiz aldarrikatu dute hiltzeko arriskuan dauden kideen aurka erabili asmo duten krudelkeria: beren jainkotasun txiker horretatik igartzeko gai omen diren azken-azken une horretara arte beren atzaparretan sufritzen gordetzeko erabakia iragarriz. Jarrera horren atzean mendekua besterik ez ikustea okerra litzateke. Agintari espainiarrek helburu politiko argiekin erabiltzen baikaituzte presook, Euskal Herriaren askatasun prozesuaren aldekoen baitan ezintasunak sortutako kontraesanak eta zatiketa eragiteko.

Berriro ere kartzelatu zutenetik, Ibon Iparragirre torturarekin pareka daitekeen tratu txar eta krudela jasaten ari da. Eta orain, lerro hauek idazten ari garenean, Ibon hilzorian dago.

Ibon Iparragirrek eta gainontzeko preso gaixoek etxean behar dute. Euskal jendarteak, euskal eragileek eta euskal erakundeek daukate beren askatasunaren giltza.

Hemen barruan, etengabe ari gara gure buruari galdetuz zer eta nola egin. Gauza bat dugu argi: egin beharrekoa, eztabaida txostenean proposatu bezala, herriari atxikita egin nahi dugu.

Hain zuzen ere, eztabaidari dagokionez, oraintsu iritsi dira azken ekarpenak. Hori dela eta agiri honen bidez emaitza orokorraren berri baino ez dugu emango, uda beterako utziz eztabaidaren ondoriozko txostena bideratzea.

Emaitza orokorren berri eman aurretik, une honetan Kolektiboa nola osatuta eta zein egoeratan dagoen jakinarazi nahi dugu: guztira 334 kide gara. Hiru kide dauzkagu kartzela zigorra beren etxeetan betetzen; horiez gain, beste bi kide dauzkate Euskal Herriko kartzeletan. Beste guztiak, zein hurbilago eta zein urrunago, deserriratuta gauzkate. Horietatik, 253 Espainiar Estatuko kartzeletan eta 73 frantses Estatuko kartzeletan. Beste hiru kide hiru herrialde banatan (Portugalen, Brasilen eta Suitzan) espetxeratuta daude une honetan.

Gure artean, esan bezala, 21 gaixo larri daude; baina badira ere 70 urtetik gorako hiru.

Kartzelan daramatzagun urteei dagokienez, gutako 14k daramate 25 urtetik gora; 24k 20 urtetik gora; 104k 15 urtetik gora; 82k 10 urtetik gora; 81k 5 urtetik gora; eta gainontzekoek 5 urtetik behera.

Korapilatsuegia litzateke Estatuek bizkarreratu dizkiguten zigor ugari eta desberdinen arabera gutako bakoitzak askatasuna noiz lortuko duen hemen azaltzea. Hain zuzen ere, aurrera begirako ildoaren baitan, herritarrekin konpartitu asmo dugu bakoitzaren txosten juridiko eta penala, guztiok jakinaren gainean egon gaitezen zeri egin behar diogun aurre eta urratsak herriaren babesarekin egiteko.

Hauek dira eztabaida osteko lehen ondorio orokorrak:

– EPPKren zuzendaritzak proposatutako hausnarketarako txostenak onespen zabala jaso du, hainbat iruzkinekin batera.

– Kolektiboaren sakabanaketa eta deserriratze egoerak ezinezkoa egin du txostenak burkideongan eragin dituen galdera, kezka eta zalantzak argitu ahal izatea.

– Kolektiboak inoiz egin duen eztabaida aberatsenetarikoa izan da: idatzizko 91 ekarpen egin dira, banakakoak batzuk eta taldeka beste batzuk. Ezinezkoa da ekarpen horietan biltzen den guztiaren berri modu laburbilduan ematea.

– Txostenaren alde zein aurka agertu direnen artean bateratasuna agertu da honako kezka honetan: Euskal Herria askatzeko prozesuan partaide izateko ildorik egokiena nola indartu. Horrela, adostasuna agertu dutenen artean bi iritzi nagusi agertzen dira: bata, txostenean planteatzen den ildoarekin erabateko adostasuna; eta biga, aurrera egiteko ildo aproposa dela irizten diote, baina zailtasunak ahaztu gabe. Desadostasuna agertu dutenen artean, arrazoi ezberdinak agertzen dira, eta horien artean hiru nagusiki: bata, txostenean planteatzen den ildoa okerrekotzat jotzen dute; biga, ildoa garatzeko ezintasuna ikusten dute; higa, Kolektiboaren batasuna mantentzea zaildu edota ezinezko egingo luke.

Sakabanaketa egoerak ezinezko egiten zuen eztabaida kontsentsu bidez ebaztea. Hartara, bozen bidea erabiltzea erabaki zen. Lerro hauek idazterakoan Kolektiboa 334 kidek osatzen badugu ere, 345ek izan du prozesuan parte hartzeko aukera.

Hona emaitzak:

– Ekarpen eta bozka %87'2 kidek eman dute.

– Beste 40 kideren ekarpena edota bozka jasotzerik ez dugu izan arrazoi eta arazo desberdinengatik: hurbil duten askatasuna, gaixotasuna, dispertsioaren traba gaindiezina, parte hartu nahi izan ez dutenak, eta, azkenik, beren burua EPPKtik kanpo kokatzen dutenak.

– Beren iritzia (bozka) eman duten kideen artean hau izan da emaitza: 221 (%73'4) alde; 42 (%14'00) aurka; 18 (%5'98) zuri; 20k (%6'64) ez dute bozkarik eman zentzu batean edo bestean.

Eztabaidarako txostenarekin batera Kolektiboaren ordezkaritza berria osatzea ere bagenuen helburu. Txostenean hamabi kideko ordezkaritza proposatu bagenuen, kopurua zortzira murriztea hobetsi dugu: bina gizonezko eta emakumezko Estatu espainiarrean eta beste bina Estatu frantsesean. Eta aurrerantzean, Kolektiboak bozeramaile bakarra izango du Estatu bakoitzean.

Hainbat izen proposamen iritsi dira eta, ezinbestez, zerrenda gehiegi ez luzatzeko, gehien izendatuak izan diren izenak hartu ditugu aukeraketarako. Hauek dira hautaketa egiteko lau zerrendak:

– Bi ordezkari Estatu espainiarreko espetxeetan dauzkaten gizonezko hauen artean: Lorenzo Ayestaran, Fernando Alonso, Iñaki Arakama, Josetxo Arizkuren, Josu Arkauz, Joseba Arregi, Julen Atxurra, Iñaki Beaumont, Joseba Enbeita, Aitor Esnaola, Unai Fano, Harriet Iragi, Alberto Lopez de Lacalle, Jon Olarra, Asier Ormazabal, Andoni Otegi, Gorka Palacios, Igor Portu, Mikel San Argimiro, Balbino Saez, Jon Igor Solana.

– Bi ordezkari Estatu espainiarreko espetxeetan dauzkaten emakumezko hauen artean: Lierni Armendariz, Oihane Bakedano, Anabel Egues, Idoia Martinez, Ainhoa Mujika, Maite Pedrosa.

– Bi ordezkari Estatu frantseseko espetxeetan dauzkaten gizonezko hauen artean: Mikel Albisu, Jon Bienzobas, Iñaki Esparza, Ibon Fernandez Iradi, Zigor Garro, Mikel Irastorza, Mikel Karrera, Zigor Merodio, Mikel Orbegozo, David Pla, Iñaki Reta, Igor Suberbiola.

– Bi ordezkari Estatu frantseseko espetxeetan dauzkaten emakumezko hauen artean: Marixol Iparragirre, Izaskun Lesaka, Iratxe Sorzabal, Itxaso Zaldua.

Beraz, esan bezala, hausnarketarako txostena onartuta, bertatik eratorritako ildoa izango da aurrerantzean EPPK herritarren laguntza eta babesarekin aurrera eramaten ahaleginduko dena. Uda betean jakinaraziko dugu zein modutan zehazten den EPPKren ildo berria eta zer nolako bide-orriri atxikita egingo duen gutako bakoitzak aurrera. Ordura arte eta aurrerantzean ere, eztabaida prozesuan agertutako galdera, kezka eta zalantzak argitu eta ildoa egikaritzeko barneprozesuan jarraituko dugu.

Eskertu nahi ditugu Kolektiboak eztabaida burutzea ahalbidetu duten guztiak. Euskal Herrira askatasuna eta bakea ekartzearen aldeko ekimena izan da. Zuen laguntza izanda ere eztabaida aurrera eramatea ez bada izan erraza, laguntzarik gabe ezinezkoa zatekeen. Milesker!

Bereziki eskertu nahi ditugu ere presoon eta gure hurkoen alde udaberri honetan burutu diren ekimenetan parte hartu duten herritarrak, eta dei egin nahi dizuegu udan antolatutako ekimen abarretan ere parte hartzera. Herriz herri antolatutakoez gainera, aipamen berezia egin nahi diegu Askatasunaren Martxari eta “Nahikoa da, denak etxera” goiburua duen Hatortxurock jaialdiaren 20. edizioari.

Azkenik, Bakegileek deituta abenduaren 9an Parisen egin asmo den ekimenari begira EPPK-k bere prestasun osoa agertzeaz gain, ekimen hori laguntzeko moduari buruzko barne-hausnarketari ekingo diola jakinarazi nahi dugu.

Guk ere maite zaituztegu! Batasuna, elkartasuna eta herriarenganako lotura! Jo ta ke, irabazi arte!

Euskal Herria bihotzean, 2017ko ekainean

EPPK

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa

Euskal presoak Euskal Herrira! Amnistia! Independentzia