Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
BAIONA
KREMAILERA BIDEZKO TRENAREN MENDIAN, HIKAMIKA

«Larrun 2020» proiektuak aldeko eta kontrako iritziak ekarri ditu

Larhungo trena, harrera eremua eta tontorra eraberritzeko aurkeztu berri den «Larrun 2020» egitasmoaren kontra sortu da Larrun Ez Hunki kolektiboa. «Herritar, hautetsi eta eragile desberdinekin zer-nolako Larhun nahi dugun gogoeta egin eta horren arabera irizpide batzuk finkatzea» proposatzen dute. Harrabots handia sortzen ari da.

Larhun mendira igotzeko trenak, turistentzako aparkalekuak eta tontorreko eraikuntzek egokitzapenak behar dituzte. Horretan denak ados dira, inork ez du zalantzan jartzen badirela egin beharreko berrikuntza lanak. Alta, batzuek naturari ahalik eta kalte gutxien egin eta «mendi gisa atxiki nahi dute», eta besteek, turismoa sustatu eta bisitari kopurua handitzeko proiektu bat gauzatu nahi dute.

Testuinguru honetan sortu da Larrun Ez Hunki kolektiboa. Proiektuaren inguruko argi-ilunak azaleratu eta Larhunen etorkizunari buruzko gogoeta baten beharra mahaigaineratu dute. Uztailaren 18an eta 25ean herritar talde batek egindako bileretan erabaki zuten mugimendua martxan jartzea eta abuztuaren 6an egin zuten lehen elkarretaratzea Larhunen bertan.

Ibilbide laburra izan arren, jada eragile eta arduradun politikoekin bilkura andana egin dituzte. Batetik, atxikimendua lortzeko hainbat eragile eta elkarterekin elkartu dira, eta aldi berean, proiektuaren aldeko politikariekin ere bildu dira «jada kaltetua izan den mendia, behar baino gehiago desitxuratu ez dezatela» eskatzeko. Mezu hori bera helarazi zieten gutun baten bidez Nicolas Hulot Estatu frantseseko Ekologia ministroari eta Eric Morvan prefetari.

Berrikuntza proiektu honen atzean «beste zerbait» dagoela ohartarazi du Ellande Alfarok. Kolektiboko kideak azaldu zuenez, Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Departamenduko lehendakariarekin bildu ziren egunean izan zuten elkarrizketak argiki erakusten du eraberritze lanen aferaz harago, sakonagoa den beste arazo bat dagoela muinean, turismo ereduari lotua dagoena.


Larhungo tontorrean eraiki nahi dituzten arrapala, pasarela eta atrakzioen egitasmoko planoaren irudia.

Proiektua aurrera eramateko guztien artean gune bat sortu beharko litzatekeela proposatu zuen Lasserrek, baina Alfarok jakinarazi zuenez, «ezetz erantzun genion, gu proiektu hartatik kanpo kokatzen ginela, gaur egun diren arazoak konpontzeko elkarlan bat sustatzearekin ados garela, baina hitz egin beharrekoa modeloa dela, eta ez bere modeloa nola gauzatu behar den».

Batasun faltsua

Pasa den ekainean aurkeztu zuten Saran “Larrun 2020” proiektua. Pirinio Atlantikoetako Departamenduko presidentea den Jean-Jacques Lasserre, Sara, Azkaine eta Urruñako alkateekin agertu zen jendaurrean egitasmoaren nondik norakoen berri emateko. Argazki harekin proiektuaren aldeko batasuna erabatekoa zela pentsa zitekeen, baina Larhungo lurrek Nafarroa Garaiko eremua ere hartzen dute, eta Berako auzapeza falta zen. Aitzitik, gerora jakin ahal izan da udalerriek duten proiektuarekiko atxikimendua ere ez dela erabatekoa.

Larrun Ez Hunki kolektiboko kideek orain artean egindako bileretan bildu duten informazioaren arabera proiektuak jaso duen babesa lausoa da. «Azkaineko hautetsiak duda batzuk agertu ditu, Urruñakoak ez dakigu, eta Sarakoa bai, proiektuaren aldekoa da, baina Berakoa, proiektuaren kontra agertu da», azaldu zuen Alfarok.

Hain zuzen ere, Josu Iratzoki alkate beratarra kexu zen proiektuaren inguruan jaso duten informazio urriagatik. Edonola ere, esku artean dituen datuen arabera, mendi tontorrean egingo liratekeen lanek «kalte konponezinak ekarriko» lituzketela adierazi zuen.

Aurkeztu berri den proiektuan Nafarroako lurrak gehiegi ukitzen ez badira ere, kontuan hartu behar da Larhungo eremu handi bat (mendebaldera ematen duen magala) eta puntan dauden hiru bentak, Berako barrutian aurkitzen direla.

Kontrara, egitasmoaren aurka altxatzen ari diren ahotsak gero eta ugariagoak dira. Lehendik ere, CADE (ingurumenaren defentsarako elkarteen kolektiboa) bezalako elkarteak Larhun babesteko lanean ari baziren, orain proiektu zehatz honen kontrako mugimendu oso bat sortu da. «Larrun ez Hunki lemaren inguruan dozena bat elkarte bildu gara, momentuz, gehienbat herritarrak», esplikatu zuen Alfarok.

Aurrera begira, «elkarte gehiago atxiki eta inguruan diren lau herriez haragoko jendea ere bildu» nahi dute; izan ere, bozeramailearen ustez, «Larhun guztiona da eta bertara jende asko joaten da, beraz proiektu horrekin desadostasuna duen orok kolektiboan parte hartu ahal izango du».

Atrakzio parke bat

Egun, eskaintza baino handiagoa da eskaera. 1924an jarri zuten martxan trena, eta garai hartan, urtean 70.000 bisitari hartzeko pentsatuta egin ziren eraikinak. Ordutik, urtez urte bisitari kopuruak gora egin du eta iaz 364.033 lagunek erabili zuten trena. Horri guztiari oinez bertaratzen diren turistak gehitu behar zaizkio. Hori dela eta, eraikuntzak egokitzeko premia handituz doa urteak pasa ahala.

Biarritzeko Itsas Museoaren aurretik, bisitari gehien erakartzen dituen gune turistikoa da Larhun. Bertako trena gainera, erlikia bat da, kremailera sistema bidez funtzionatzen du eta egun ez da erraza mota horretako trenak aurkitzen. Tontorrera iritsita ikus daitezkeen bistak ere bereziak eta ikusgarriak dira, horregatik eman zizkion Michelin Gida Berdeak hiru izar.

Proiektuaren bultzatzaileentzat, ordea, mendiak berezko duen xarma nahikoa ez eta jendea erakartzeko atrakzioak egin nahi dituzte. «Tontorrak ez du gauza handirik paisaiaz gain, eta bestelako zerbitzuak proposatu nahi ditugu», azaldu zuten Euskal Herria bere baitan hartzen duen Departamenduko buruek. Hauxe da hain justu Larrun Ez Hunki ekimeneko kideek gehien deitoratzen dutena, ez baitute nahi «kaskoa atrakzio parke bilaka dadin».

Hiru eremu, egitasmo bakarra

Proiektuaren alde ikusgarriena eta polemikoena tontorreko lan egitasmoa da, baina ez da izango gastu gehien ekarriko dituena. Guztira 35,9 milioiko aurrekontua (zergak kanpo, beraz egiazko kopurua handiagoa da) duen plana hiru zatitan banatzen da. Garestiena trenari dagokion atala izango da, errailak, materiala, tren berriak eta abarretan 20'6 milioi euro xahutuko dituzte. Larhun tontorreko lanetarako berriz, 9 milioi euro bideratuko dituzte, eta San Ignazio lepoan den harrera eremuko zein aparkaleku inguruko berrikuntza lanetarako 5'1 milioi euroko aurrekontua dute.

Behar duten diru hori guztia nondik lortuko duten ez dago argi. Ez dute hitzarmenik egin, udaletxeei zenbat kostako zaien ere ez dakite eta ez dute finantziazio zehatzik iragarri.

Inork ez du zalantzan jartzen berriztatze lanak egin behar direla, bai tontorrean, bai harrera eremuan eta baita trenari dagokionez ere, zeren egiturak zaharkituak geratu dira. Arazoa da, batekoak zein bestekoak ez direla ados jartzen aldatu beharrekoa zer den eta nola aldatu behar den. «Orain, egiteko deliberoa hartzen dutenean, egokitu bakarrik ez, bisitari kopurua handitu ere egin nahi dute», salatu zuen Alfarok.

Hortaz, bi dira proiektuaren kontrakoek dituzten desadostasun nagusiak. Batetik, proiektuak sustatzen duen turismo masiboaren eredua legoke, eta bestetik, berrikuntza lanak egitearen aldeko izan arren, oinarrizko aldaketak zeintzuk diren esaterako orduan ez dira ados jartzen. Batzuek jada gehiegi eraldatua dela uste dute, «ukitzekotan, kentzeko beharko luke eta ez gehitzeko». Besteak, ordea, eremuari atrakzio gehiago eranstearen aldekoak dira.

Arreta desbideratzeko taktika

Berrikuntzez harago, proiektu honekin egokitze lanekin zerikusirik ez duten beste gauza batzuk eraiki nahi dituztela diote Larrun Ez Hunki kolektiboko kideek, eta polemikoagoak izan daitezkeen bestelako eraikuntza lanak oharkabean pasatu daitezen, segurtasun neurriak edo alde teknikoak arreta desbideratzeko aitzakia gisa erabiltzen ari direla salatzen dute.

San Ignazio lepoan den harrera eremuan aparkaleku gehiago egitearekin ados dira, baina zalantzak dituzte 500 plaza gehiagorekin –gaur egun 300 daude– benetan arazoa konpon daitekeenik, gaur egun aparkalekutik kanpo inguruetan pilatzen diren autoek sarri kopuru hori gainditu egiten baitute.

Aparkalekuarekin batera egin nahi diren beste obretan ezarri du begirada Larrun Ez Hunkik, zeren «garrantzi gehiago ematen diote errepidea pasealeku bilakatzeari». Atseden guneak, askaldegiak edo komunek, egungo beharrei erantzuten dietela onartzen dute, baina benetan beharrezko diren gauzen poltsan, sustatzaileek beharrezko ez direnak ere sartzen dituztela iritzi diote mugimenduko kideek.

Trenen kasuan ere kritiko dira. Egungo lau trenez gain beste bi tren gehiago erantsi nahi dituzte eta horrela bisitari kopurua %30 handitu daiteke. Kolektiboko kideak ordea, ez dira ados eta lau treneko muga ez gainditzeko eskatzen dute.

Inguruetako herritarrak bereziki arduratuta daude Larhun tontorrean egin nahi den egitasmoarekin, izan ere, «jadanik antenekin eta eraikinekin nahikoa itsustua den mendia gehiago desitxuratu nahi dute, kaskoa inguratuko duen pasarela, harmaila, txirrista eta antzeko gauzekin». Gainera, «eraikuntza lanek kalte handia egingo diote ingurumenari», hausnartu zuen Ellande Alfarok.

Mendi tontorrera jende gehiago erakarri ahal izateko atrakzioak egiteko asmoa dute proiektuaren sustatzaileek, eta jende askok hori begi onez ikusten ez duenez, segurtasun neurrien aitzakiarekin egiazko proiektua estaltzea egozten die Alfarok: «Atrakzio eta animazioak ez dituzte bereziki aurkezten proiektuan, zalapartarik ez ateratzeko; beste norabide batean seinalatzen dute, elbarrientzako arrapalak eta antzeko gauzak erakutsiz. Beraz, tranpa txiki bat egiten dutela ikusten dugu».

Guztiaren atzean, eredu talka azaleratzen da behin eta berriz. Alfaroren hitzek garden erakusten dute aferaren muina zein den: «Beharrezko berrikuntza lanekin ez gara sartzen, gertatzen dena da proiektu hau beste zerbait dela, turismo masiboa sustatzea helburu duen egitasmo bat da, eta guk horri ezetz esaten diogu».