Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Labur bezain zuzen, pentsamendua xaxatzera dator Juan Kruz Igerabide

Hirugarren aforismo bilduma du Juan Kruz Igerabidek «Labur txintan». Azken hamarkadan orri bazterretan eta paper zatietan bildutako pentsamenduak hamabi koadernotan sailkatu eta, hautaketa eginda, denbora horretan gogoetagai izan dituenak ekarri ditu bildumara. Erlijioa du aztergai, baita hezkuntza, gizartea, psikologia edota artea ere, ironiaz zipriztinduta. Hamabi arlo, eta pentsamendua xaxatzera datozen dozenaka ideia. Labur bezain zuzen.

«Izatea eta ez izatea ente bera dira, lehenxeago eta geroxeago». «Maitaleek ohantzetik gobernatzen dute mundua, bietakoren batek bizkarra emanez bada ere». «Izaki internazionala ere nazionala da, biderkatuta». Ale bakoitzean geldialdia eginda irakurtzeko liburua da Juan Kruz Igerabideren “Labur txintan”, argitara eman duen hirugarren aforismo bilduma. 2004an azkena argitaratu zuenetik hona, etorri ahala orri bazterretara eta paper zatietara ekarri dituen gogoeta laburrak gaikako hamabi koadernotan bildu eta horien hautaketa eginda osatu du Igerabidek liburua.

«Zientzia eta jakintza eraikitzeko erabili izan dira aforismoak hausteko baino gehiago, baita kritika egiteko ere. Gerora etorri da buelta eman beharra, eta apustu hori etengabea izan da. Gaur egun erabiltzen da aforismoa aforismoaren aforismoa egiteko; liburu hau edozeinek hartu eta irakurritakoari buelta emango lioke», ziurtatu zuen bildumaren aurkezpenean, baita zenbait aforismoren atzean irakurlea «probokatzeko» nahia egon badagoela aitortu ere.

«Saiatu naiz iritzi horietan zerbait barrurago begiratzen, pentsatutakoari buelta bat ematen», azaldu zuen, eta bere lanetan ohikoa duen ironiak hemen ere bere lekua aurkitu duela adierazi zuen, «gaur egun pentsamendu sistematikoak ez baitigu existentzia esplikatzen osorik», nabarmendu zuen.

Hala, hamabi ataletako bakoitzak eremu jakin bateko aforismoak biltzen ditu. Lehenean gizarte gaiak eta kritika soziala izan ditu hizpide; bigarrenean irakaskuntzaren gaineko gogoetak bildu ditu, hezkuntza «gizakiak eskatu gabe txikitatik sartzen zaigun zerbait» baita bere aburuz; hirugarrenean heriotzari umoretik begiratzen saiatu da, «aurrez aurre, gero eta gertuago ikusten dudalako»; laugarrenean «etxeko psikologia», emozioak kudeatzeko erabili ohi direnak izan ditu hizpide; bosgarrenean arteri buruz duen «ikuspegi kontraesankorra» aztertzen du; seigarrenak poetikarantz jotzen du; zazpigarrenak idaztearen gaineko gogoetak bildu ditu, «pentsamenduaren zipi-zapa iruditzen baitzait, saiatuta ere ni behintzat ez naiz iristen nahi nuen horretara»; zortzigarrenean egiez edo, bere hitzetan, «gezur zintzoez» ari da, gaurko egiak «bihar beste egia batzuek ordezkatuko baitituzte»; bederatzigarrenarekin zientziaz mintzatzen da; hamargarrenean, erlijioaz eta jainkoaren ideiaz; hamaikagarrena umorezko aforismoei eskaini die, «baina hemen batez ere beste koadernoen irakurketa umoristikoa dago, koadernoak nolabait saretuta baitaude»; eta bilduma ixteko «jarrera kontenplatiboa, existentziaren aurreko jarrera, espiritualtasun laikoa» hartu du hizpide Igerabidek.

Babesik gabeko sosegua

Aforismoak banan-banan irakurri, horietako bakoitzean pausatu eta norbere gogoetetan arakatzeko lanabes diren aldetik, Igerabidek norbere baitan eragin dezakeenaren gainean hausnartu zuen: «Batzuetan, dena erlatibizatze horrek babesik gabe uzten du bat, baina barne sosegu bat badaukazu, ez zaizu inporta, badakizulako dena formak direla eta aldatu egingo direla»,

Bere aldetik, Pamielako Jose Angel Irigarayk hausnartu zuen «bizitzari lotutako filosofia» gordetzen dutela aforismoek eta pentsamenduan eragiteko duten indarra nabarmendu zuen: «Gogoeta egiteko bide emankorrena da, laburrean adieraz daitezkeelako zer pentsa ematen duten horiek. Leiho bat uzten du irekia, norberak gero hori bere baitan barneratzeko».

Euskarazko edizioarekin batera, «inprenta kontuak tarteko», gaztelaniazko bertsioa ere kalean da: “Breviario perplejo”.