2017/11/13

Kronika
BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA
DURANGON SEITIK BOSTEK EGIN DUTE SALTO AURRERA, MENDILUZEK OSO GOITIK

KOSKA BAT GORA TXAPELKETAK. POZIK AURRERA DOAZENAK ETA APALAGO BIDEAN GERATU DIRENAK. DURANGOKO LANDAKON BERTSO ARRATSALDE BIKAINA ATZOKOA, BERTSOZ ETA TXALOZ JANTZIA. MENDILUZEK TONTOR EDERRA IGO ZUEN.

Amagoia MUJIKA
1113_kul_mendiluze

Aitor Mendiluzek oso goitik osatu zuen saio osoa. Gogoz zegoen eta igartzen zitzaion. Bigarrenari koska handia atera zion puntutan

Bertsolari Txapelketa Nagusia, Txapelketa izena duen neurrian, lehia da. Puntuak, sailkapenak, lorpenak eta erorketak. Badira, baina puntutan kabitzen ez diren sentsazioak, neurtu ezin diren hasperen kolektiboak. Aitor Mendiluze kantuan hasi zenerako Landakoko lurrean sentitu zen lokomotorraren burrunba. Makina martxan. Jon Maiak kartzelakoa habaneran hasi zuenean irri zurrumurru bat zabaldu zen 2.100 bertsozaletik gora batu zituen plazan, norbaitek leihoa zabaldu balu bezala. Zorionez, txapelketaren arimak ez ditu puntuak, puntak baizik, ziztadak, gustukoak.

Landakoko saioa berezia zen. Finalaurrekoen lehen bueltako azken saioa zen eta, beraz, hurrengo koska igoko duten bertsolariak zehaztu ziren. Atzoko seikotetik bostek egingo dute aurrera. Hain juxtu, bigarren bueltarako langa atzo kantatu zuen Aitor Apalategik jarri du, 648 punturekin. Miren Artetxe da atzoko saiotik kanpoan geratu den bakarra. Puntutan azkena, baina ez puntatan. Amaieran txalotan gozatu zuen bertsozaleak; berak saio guztian bertsotan gozatu zuelako entzulea. Artetxek atzo utzitako puntu erantzunak, esaterako, txapelketan apartatzeko moduko aleen tiraderan gorde behar dira. Hiru perla. Ez da ohikoena puntutan azkena geratu denarekin hastea saioaren kontakizuna. Baina, zergatik ez?

Aitor Mendiluze, tope

Mendiluzek batu zuen atzo puntu gehien: 740,5. Maialen Lujanbioren 750 puntuetatik hurre. Saioa hasterako eman zuen abixu. Ofiziotan, txaloak isildu aurretik hasi zen kantuan behin baino gehiagotan. Gogoz zegoen eta igartzen zitzaion. Kartzela kenduta, ofizio guztietan lehena izan zen puntutan. Eta nabarmentzekoa da puntuak erantzuten egin zuen ariketa –orokorrean, atzoko saioan oso emankorra izan zen ariketa hori–. Kartzelakoan, baina, ez zuen bete-betean asmatu. Asmatu izan balu, ezin imajinatu zenbat puntu pilatuko zituzkeen.

Zortziko txikian, adibidez, Miren Amurizarekin aritu zen. Ederki biak. Pisukideak ziren. Garai batean Mirenek animatu zuen Aitor tango ikastaro batera eta geroztik Aitorrek elkarrekin entseatzeko eskatzen dio beti. Miren hasi zen, «nahiz dituzun ritmo ta pausaje eskasak/ egongelan egin nahi dantzaldi demasak/ beti ez dira izaten zurekin errazak/ nire ordez ez al dizu balio erratzak». Eta, Aitorrek, «erratzak balio du Miren zure partez/ berdin moldatuko naiz bietako batez/ baina zu jardun zinen noizbait borondatez/ ta orain ordainetan zeu animatu zaitez». Oso goitik josi zuten ariketa. Hirugarrenean, Mirenek; «zapaltzea nahi duzu Aitor hau da marka/ ados banator egin eztaizun bakarka/ zure gainean nago baina barka-barka/ zer dela ta dauzkazu belaunak dardarka». Eta Mendiluzeren errematea; «beldurra izatea ez al da zilegi/ hurrengo pausoaren arrazoia bedi/ hanka hanka tartean sartuidazu neri/ altxa takoia baina ez altxa gehiegi».

Egia esan Aitor Mendiluze oso goitik aritu zen saio guztian. Seiko motzean Oihana Iguaranekin batera ertz ederrak marraztu zizkioten saioari. Iguaranek ikusmen urritasuna zuen eta Mendiluzek proposatu zion txirrindularitza proba batean tandemean parte hartzeko. Mendiluzeren seiko motzeko lehena: «zortea noizbait etsaitu/ itsu bilakatu baitu/ baina jardunak ta harremanak arreba-anaitu/ nik gidatu zuk jarraitu/ nik eragin zuk bukatu/ tandemak behingoz zu eta biok berdinduko gaitu».

Zazpi puntu eta erdi

Bigarren Miren Amuriza geratu zen, 678,5 punturekin, lehenengotik koska nabarmenera. Bigarrena, hirugarrena eta laugarrena zazpi puntu eta erditan sartu ziren, Amuriza bera, Jon Maia eta Oihana Iguaran. Estu joan zen puntuazioa, beraz.

Miren Amurizak amaierako agurrean Miren Artetxe aipatu zuen, hari esker ez zuela behea jo esan zuen. Oso zentratuta ikusi genuen Amuriza, oso langile. Zortziko handian, hain juxtu, biak aritu ziren elkarrekin, Amuriza eta Artetxe. Hauxe zuten gaia: «Arratsaldero elkarrekin paseatzen duzuen bi lagun zarete. Azkenaldian bide bazterretan gero eta zereal barra eta gel energetikoen hondakin eta bilgarri gehiago ikusten dituzue». Hauxe Amurizaren lehen alea: «ikusten ditut ibiltariak nik estilo handikoak/ tortitak eta arroz gaileta prezio nabarikoak/ ta gero bota eiten dituzte bazterrera plastikoak/ beraz ez dira esaten duten bezain ekologikoak». Kartzelakoa ondo konpondu zuen, bere doinu eder eta ondo kantatuan. Down sindromea duen haur baten amaren ahotik kantatu zuen.

Saioak punta asko izan zituen orokorrean, baina kartzelakora iritsi zenean behera egin zuen pixka bat. Hain juxtu, azken bi bertsolarien kartzelakoak izan ziren eskertuenak eta puntuatuenak. Jon Maiak kartzelan eman zuen onena. Saioaren amaieran jakin genuen Durangora bidean auto istripu oso larria izan zuela eta izoztuta igo omen zen oholtzara, sustoa pasatu gabe. Kartzelakoan, habaneran, plaza kulunkatu zuen. «Bere urtebetetzea ahaztu zait eta ze zama/ bederatzi urtetxokin nere alaba laztana/ beti bezela aitzaki nere agenda ta lana/ bertsolaria naizela eta badudala fama/ etxea ixilik dago algara da iragana/ nabaritzen da pasatu dela hemen ume andana/ ta orain plater hustuak biltzen ditut banan bana/ pena beteta zeudela hemen egon ez izana». Eta beste biak berdin joan ziren, gozo eta zuzen.

Eta Oihana Iguaranen kartzelakoa ere oso txalotua izan zen, tristeki erreala. «Hirurogei urte dauzkat ta nahi nuen agertzea/ sukalde bete janari ta denak pozez lehertzea/ eta lortu dedanean gose hori baretzea/ joan dira eta gaude ni eta malaletxea/ festa nerea zelako eta nerea etxea/ mahaia jasoz bukatzen det nere urtebetetzea». Hurrengo koska, Amurrion.