Amalur ARTOLA
BARAKALDO

Urte eta erdiko prestaketa lana, hamabi orduko olatua behar bezala kudeatzeko

Ez da edonolako zeregina BECen lanean dabiltzanek esku artean dutena. Igandean zortzi bertsolari hartuko dituen oholtzaren aurrean 14.600 bertsozale batuko dira eta horiek behar bezala hartzeko bideak jartzen ari dira ehun langile, Jon Agirresarobe «Torrotxo»-ren koordinaziopean. Agindu eta egiaztatze lanen artean, tarte bat hartu du gurekin mintzatzeko.

Bezperan agendan apuntatu gaitu: 13.30ean, GARArekin hitzordua. Puntualak izan gara, bai baitakigu Bertsolari Txapelketako finala azken txanpara heltzearekin batera sua atera beharrean aritzen dela Jon Agirresarobe Torrotxoren sakelakoa. Ez da harritzekoa: bere ardurapean dago BEC bertsoaren plaza bilakatu behar duen ehun pertsonako lantaldea. Igandean, aldiz, 450 lagun izango dira Bizkaia Arenak bilduko duen 14.600 pertsonako olatuaren kudeaketa erraztuko dutenak.

Urduri dagoela aitortu digu Torrotxok. «Urduri, eta gogotsu. Halako ekitaldi bat antolatzeak badituelako bere handicapak; jende asko izatea zailtasuna da, eta dena hamabi ordutan pasatzen da. Urte eta erdi daramagu ezusteetarako prestatzen, hau guztia planoetan egon da urte eta erdiz, baina paperak dena irensten du». Hala ere, Torrotxok hirugarren aldia du koordinazio lanetan eta esperientziak eskarmentua dakar: «Inoiz baino prestatuago goaz BECera eta inoizko zerbitzu onena eman nahi dugu», ziurtatu du.

Atzo 15.00etan sartu ziren BECera. Gaur lantalde murriztu bat ariko da lehen muntatze lanetan eta biharkoa izango dute egun handia. «Airean egin beharreko lanak dira egiten lehenak, argiztapena, soinua... eta horiek lanean ari direla azpian ezin dugu aritu. Oholtza dator ostean». Kezka nagusia oholtzan izaten dute. Ez dadila ezer falta. «Bertsoa oso elementu soila da. Zuk eduki ditzakezu argiztapen zoragarria eta abar, baina azkenean hor bertsolaria ari da lanean, bat-batean ari da, asko exijitzen zaio, baita berak bere buruari ere, eta antolakuntzatik ere serioak izan nahi dugu beraiek egiten duten ahalegin horrekiko. Lehen begia hor eduki nahi dugu». Bigarrena, sarreran: «Sarreren balidazioan. 14.000 pertsonak pasatu behar dute 16 torno edo karriletatik. Horrek esan nahi du karril bakoitzetik mila pertsona sartuko direla bi orduan, hau da, minutuko zazpi pertsonak pasatu behar dute. Eta saioa 11.00etan puntual hasteko erritmo egokia izan behar du. Pasa eta pasa, baina galbahea behar adina pasatuz». Sarreran ehun pertsona ariko dira lanean eta, adi, kode bera duten bi sarrera agertuz gero, lehena soilik sartuko baita aretora.

Hirugarren ataka segurtasuna da. «Jendeak egun osoko plana egiten du eta joan-etorri handiak sortzen dira, isiltasuna nahi da…». Beste ehun pertsona ariko dira segurtasunean, Torrotxo barne, eta Gurutze Gorrikoak ere gertu izango dituzte, ezbeharren bat suertatuko balitz unean artatzeko. «Eta lan asko ematen diguna da langileak eta gonbidatuak ondo atenditzea. Palkokoak, baita kanpotik etorriko diren atzerriko inprobisatzaile eta ikertzaileak ere, ondo atenditu nahi ditugu. Baita lanean ari diren hedabideak ere: azkenean, BECera sartu gabe geratu da jende mordo bat eta horiei zein munduko edozein puntutatik jarraitzen ari denari ere zerbitzua eman nahi diegu».

Saiorako ehun akreditatutik gora dago, berrogei hedabide inguru. Horien artean, noski, GARAko kazetariak eta emankizuna zuzenean lau haizeetara zabaltzen ariko diren NAIZeko lankideak. Irrati uhinak nahiago dituenak Info7 irratia izango du aukeran: Mirari Martiarenak gidatuko du 10.30ean abiatuko den emankizuna eta alboan izango ditu goizeko saioan Agin Laburu eta arratsaldez Erika Lagoma. ETBren bidez ere zuzenean jarraitu ahalko da saioa, baita www.bertsoa.eus eta www.hamaika.eus atarietan ere.

Sarreren salmenta bereziki bizia izan da aurten eta, horren gainean, Torrotxok baieztatu du 2017koa «azken hiru-lau txapelketetatik jendetsuena» izan dela. «Kontziente gara txapelketaren formulak jendea animatu egiten duela, baina hartzen dugu bere neurrian. Hau lau urtean behingo olatu bat da, eta olatuek hori dute. Guk garrantzia ematen diogu plazak berak betetzeari, astero-astero herriz herri jendea mugitzeari, eta bertso mugimendutik zenbaki horiei begira gaude», zehaztu du.

Protagonistak

Igandeko zortzi protagonistak, baina, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Sustrai Colina, Unai Agirre eta Maialen Lujanbio izango dira. Horiek 8.00etan dute hitzordua Bizkaia Arenan: «Saiatzen gara finalari berezitasun handirik ez ematen tratuan. Banbalinetako lana, teloi beltzetik atzera dagoena, antzekoa izaten da. Txapelketa osoan zehar lau zaintzaile izan dituzte eta beraiek arituko dira finalean ere. Kotxez iritsiko dira bertsolariak, oholtza atzera, eta 10.00etan zozketa izango dute, ordenak-eta jakiteko. Gero ordubete hantxe egoten dira, oholtza atzean. Hau handia bezain prekarioa da; leku handia da eta paseatzeko leku ederrak dituzte, baina ez dago aparteko luxurik». Azken urteetan ohitura den gisara, bertsolariek elkarrekin bazkalduko dute. «Han bertan, lasai, patxadaz eta ongi egon daitezen bazkaltzeko lekua prestatzen diegu».

Bertsolaria pertsona xehea dela dio Torrotxok, ez dela exijentea eskarietan. «Baina guk sentitzen dugu beharra beraien ahalegin horrekin ahal den gehiena enpatizatzeko. Egun luzea da, ordu piloa dira buru-lan batean aritzeko, egunean zehar ikusten dituzu gorabeherak, oraintxe nekatuta daude… Festa handia da, baina ahalegina ere bai. Hirugarren txapelketa dut, baina esango nuke oraindik ere gerturatu eta beraiekin egoten naizenean txundituta geratzen naizela, ze neke den, ze presio, ze ardura… Batez ere ardura».

Txapelketa antolatzeak baditu bere abantailak, baina baita desabantailak ere: bertsoari emanak biziko ditu Torrotxok gaurtik igandera bitarteko egunak, baina ezin bertsorik aditu: «Koordinaziotik gertu samar gaudenak ez dugu saioa jarraitzeko aukerarik eta burua ere ez dugu horretarako izaten. Ni seguru nago astelehen edo asteartean osorik irentsiko dudala saioa, eta bi aldiz gainera, baina igandean bost minutuko tarte bat badut nahiago izango dut gradetatik buelta bat eman eta dena ondo doala frogatu».