Asier AIESTARAN
PILOTA

Poto asko eta distira gutxi «beste» txapelketan

Aimar Olaizolak eta Ander Imazek hirugarren garaipena lortu dute Logroñon, Victor eta Albisuren huts etaopariak baliatuz. Sendotasun horrek jada sailkapeneko buruan kokatzeko balio die irabazleei.

OLAIZOLA II.A-IMAZ 22

VICTOR-ALBISU 20


Erabaki zaila hartu behar izan zuten atzo arratsaldean Euskal Herriko etxe, taberna, lokal eta beste gune askotan: telebistan Bertsolari Txapelketaren finala ikusi ala Logroñoko pilota partidaren alde egin. Bada, behin igarota, argi esan daiteke: bertsoen alde egin zutenek bete-betean asmatu zuten; «beste» txapelketaren hautua egin zutenek badute zertaz damutu.

BECeko finala goi mailakoa izan bazen, ezin daiteke halakorik esan Adarragako neurketaz. Olaizola II.ak eta Imazek 22-2o menderatu zituzten Victor eta Albisu, huts gehiegi izan zituen partida kaxkarrean. Edo bertso hizkuntzan esango luketen moduan: poto asko eta distira gutxi Errioxako hiriburuan.

Hala ere, Aimar Olaizolak eta Ander Imazek ez dute merezi azterketa zorrotz horren pisua beren gain hartzea. Aurrelari nafarra astean zehar gaixo egona zen, eta esana zuen juxtu samar iristen zela atzoko demara. Hala ere, lanerako buzoa jantzi eta serio-serio jokatuz neurketa aurrera ateratzea lortu zuen, seriotasun horretan bere neurri-neurrikoa den Ander Imaz on baten laguntzarekin.

Ezin da berdina esan Victor Estebanek eta Jon Ander Albisuk erakutsitako aurpegi ilunaz. Aurrelari errioxarrak eta atzelari gipuzkoarrak pilota asko, ikaragarri, galdu zituzten, batez ere lehen erdian, eta garesti ordaindu zituzten opari horiek. Tantoren bat gorabehera, hanka sartzeko beldurrik gabe esan daiteke bien artean 15 pilota argitik gora galdu zituztela, eta gertatutakoa azaltzeko balio dezakeen beste datu bat: gorriak markagailuan 11-6 aurreratu zirenean, 11 tanto horietatik 10 aurkariek galdutako pilotak izan ziren.

Hala ere, eta piloteoan erraz nagusitzen zirelako, urdinak neurketan sartuta egon ziren azken uneraino, eta baita 19-20 aurreratu ere Victorrek era xelebrean egindako horma-biko bati esker. Ezkaraikoak egindako 11. tantoa izan zen hori, eta segidan txapa azpira bidali zuen errematea, galdutako 9. pilota. Oparia ederki eskertu zuen Aimarrek bi tantorekin –bata txokoan eta bestea sakez– garaipena itxi eta sailkapenean oso urrats garrantzitsua emateko.

«Ez zen erraza gaur tanto asko egitea. Beraiek nagusitu egin dira piloteoan eta guri lana egitea tokatu zaigu, pilota gutxi galtzea. Hori ongi egin dugu eta horrelako garaipenak ezinbestekoak izango dira guretzat finalerdietan egon nahi badugu», adierazi zuen Olaizolak.