GARA

Duintasunaren martxak, enplegua aldarrikatzeko

Hamarnaka lagun atera ziren atzo kalera Sestaon, Getxon eta Bilbon, «Duintasunaren martxen» inguruan lana, etxebizitza eta gizarte zerbitzuak aldarrikatzeko eta herritarrak pobreziara eramaten ari diren murrizketak salatzeko. Estatu espainiarrean ere izan ziren mobilizazioak.

«Lana, ogia, etxea... duintasuna» lemapean, murrizketen eta gizartearen sektore bat pobreziara kondenatzen ari diren politiken amaiera eskatu zuten atzo hainbat herritarrek Ezkerraldean, Getxon eta Bilbon egindako mobilizazioetan. «Duintasunaren martxak» deitu dituzten hauek Estatu espainiarrean ere egin dira aste osoan zehar.

Bilbo Zaharrean, Getxon eta Sestaon egindako mobilizazioetan hainbat eragilek hartu zuten parte; horien artean ziren sindikatuak eta enpresa batzordeak. Alderdi politikoen artean, EH Bilduk bere atxikimendua adierazi zuen. UGTk eta CCOOk bere kasa antolatu zituzten protestak eta PSE, Ezker Anitza eta Ezker Batuko ordezkarien babesa izan zuten.

Bilbon egindako manifestazioa Lakuako Gobernuaren egoitza aurrean amaitu zen. Bertan, Gasteizko Gobernua eta Lanbide gauzatzen ari diren «politika antisozialak» salatu zituzten. Zehazki, Caritasek berriki argitaratutako Foessa txostena eta Enplegu eta Gizarte Politikako Ordezkaritzak egindako Gizarte Beharren eta Pobreziaren Inkesta aipatu zituzten, eta horiek pobrezia handitzen ari dela diotenean murrizketa politikak ezartzen jarraitzea larritzat jo zuten.

Ekimen honek Estatu espainiarrean kaleratutako manifestuan, krisi ekonomikoak eta gizarteak sortu ez duen «zor ez-legitimo» baten ordainketak «drama» larriak eragin dituela salatzen du.

Horren ondorioz, gizartearen sektore ahulenetan larrialdi egoera muturreraino iristen ari dela gaineratzen du eta horri aurre egiteko «langile mugimenduaren, gizartearen gehiengoaren eta herrien erantzun kolektiboa» behar-beharrezkoa dela azpimarratzen du.