GARA LAUDIO

Manex Agirrek irabazi du Arabako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa

Aramaioko bertsolariak lortu zuen puntuaziorik altuena Laudion, Arabako Bertsolari Txapelketako lehenengo itzuliko bigarren finalaurrekoan. Bigarren itzulian parte hartu ahal izango du, beraz.

Manex Agirrek irabazi zuen atzo Arabako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa. Saioa Laudioko Lanbide Heziketako Udal Ikastetxeko aretoan jokatu zen atzo arratsaldean.

Arabako Bertsolari Txapelketan parte hartzen ari diren 18 bertsolarien artean beste bost bertsolarik kantatu zuten 70 bertsozaleren aurrean txapeldun aramaioarrarekin batera: Gasteizko Jagoba Apaolazak eta Felipe Zelaietak, Zalduondoko Jon Ruiz de Pinedok, Amurrioko Unai Mendibilek eta Abornikanoko Zigor Enbeitak.

Aurreko edizioetan baino bertso puntuagarri gehiago kantatu behar izan zituzten bertsolariek Olatz Santocildesek hala eskatuta, eta ariketa guztiak egin ondoren, Agirrek lortu zuen puntu gehien (351,5 puntu). Hori dela-eta, Agirre Zigoitiko Kultur Etxean jokatuko den bigarren itzuliko bosgarren finalaurrekoan kantatuko du, otsailaren 28an. Beste bertsolariak puntuazioen zain geratuko dira bigarren saioa non kantatuko duten jakiteko. Gainerako puntuazioak honakoak izan ziren: Zigor Enbeitak, 321 puntu; Felipe Zelaietak, 314; Jagoba Apaolazak, 259; Unai Mendibilek, 258,5; eta Jon Ruiz de Pinedok, 234.

Datorren igandean, Legution, lehen itzuliko azkeneko finalaurrekoa jokatuko da. Bertan erabakita geratuko da lehenengo itzuliko sailkapena eta horren arabera osatuko dira bigarren itzuliko hiru saioak. Aurreko saioan Oihane Perea izan zen garaile; hala, berak badu jada bigarren itzulian parte hartzeko txartela.

Finalaurrekoak amaitutakoan puntuaziorik altuena lortzen dutenek izango dute finalera joateko aukera.