Testua: Gaizka Martinez Argazkiak: Delil Souleiman (AFP)

Qal'at Ja'bar, irla bihurtu zen zitadela siriarra

Estatu Islamiarraren esku 2013tik 2017ra, jihadisten base militarra izatera heldu zen Qal’at Ja’bar edo Qalaat Yaabara (ingelesez) gotorlekua. Siriako gerraren erdi-erdian, bake erlatiboa aurkitu du 2022an eta, horri esker, baita ia hamar urtez faltan izan dituen bisitariak ere.

Qal'at Ja'bar zitadelaren ikuspegia zerutik, Buhayrat al-Assad lakuak inguratuta. Delil SOULEIMAN (AFP)
Qal'at Ja'bar zitadelaren ikuspegia zerutik, Buhayrat al-Assad lakuak inguratuta. Delil SOULEIMAN (AFP)

Buhayrat al-Assad -edo Assad soilik- 80 kilometroko luzera eta 8 kilometroko zabalera duen laku artifiziala da, 1973. urtean Eufrates emaritsua Al Raqa hirian -Siriako iparraldea- geratzea erabaki zutenean sortua. Tabqa presari esker, ubide-sare zabal batek ibaiaren bi aldeetako lurrak ureztatzen ditu eta aldameneko Alepo hiria edateko urez hornitu. Aldi berean, ur bazter aberatsek ekonomia -arrain-industria batik bat- eta bioaniztasuna sustatzen dituzte.

Tabqatik autoz ordu erdira, ur andanaren gainaldean igerian-edo, buztinezko adreiluz eta zizelkatutako harriz eraikita dagoen nenufar bat agertzen zaigu, oasi bat, urteetako giza joan-etorriek eta haizeek marruskatua izan bada ere, zutik oraindik. Ez da, baina, landare bat, bere paretetan iragana zizelkaturik duen Qal’at Ja’bar zitadela baizik.

Bost metroko garaiera duen oinarri karratu baten gainean dagoen minarete zilindriko bat altxatzen da gotorlekua hartzen duen mendixkaren erditik. Goiko partea Nur al-Din emirra aipatzen duen inskripzioz markaturik dago. Minaretearen forma zilindrikoak erabateko haustura ekarri zuen Siriako tradizioan.

Hobekien kontserbatutako siriar gotorlekuen artean dago, hainbat zaharberritzeren ondorioz. Siriako mongoliar inbasioetan erabat kalteturik izan ostean, XIV. mendean zaharberritu zuten lehen aldiz, eta 60ko eta 70eko hamarkaden artean, azkenekoz, uretatik babesteko asmoz.

Turkiar lurraldea Siriaren erdian

Udako eguzki gupidagabearen pean, familia taldeek argazkiak ateratzen dituzte horma gorri zarpailetan igota edo leiho eta zubietara irtenda. Gehienak gazteluak gordetzen duen zama historikoaren kontziente dira, askok hona egin ohi baitzituzten txikitan ikasbidaiak.

Haien seme-alabek eskoletan entzun dute ere, esaterako, hemen VII. mendetik aurrera Dausar kokagune aurreislamiarra bazela, laurehun urtez, gerraz gerra, eskuz esku igaro zena seljuktarren eta mamelukoen garaiko -XI. mendetik XVI. mendera- defentsa leku bihurtu arte.

XX. mendearen erdia, 1921etik 1973ra, Turkiako lurraldea izan zen eremu txiki hau. Izan ere, Soliman Schah-en hilobia izateagatik, herrialde horren mugetatik at babesten zuen soldadu turkiar tropel batek. Osman I.aren aitona (K.a. 1323-4) izan zen Soliman Schah, Otomandar Inperioaren sortzailetzat hartua. Ur mailaren igoera zela eta, bere hilobia 86 kilometro iparraldera lekualdatu zuten eta hara mugitu zen turkiar garnizio militarra ere, Qal’at Ja’bar berriz siriar agintepera igaroz.

Estatu Islamikoaren ondorengo bisitariak

Hogeita hamabost zubi eta meskita bat dituen gotorlekuarekin lotzen du ibaiertza errepide estu batek. Handik sartu ziren Estatu Islamikoko kideak eta handik atera zituzten ere irlako museoak babesten zituen dozenaka objektu. Bertan gotortu ondoren, operazio-zentro militar eta espetxe bihurtu zuten gune estrategikoa, harik eta, 2017an, kurduek jihadisten eskuetatik berreskuratu zuten arte.

Gerrak itsasontzi-ibilaldiei eta piknikei utzi die tokia orain, gotorlekua eta Assad lakua bera familia helmuga bihurtuz. Harresi ikaragarrion itzaletan, musika arabiarrez lagundurik, nargilea erretzera hurbiltzen dira gazteak orain, edo lakuaren ur gardenetan beroa arintzera.