Naiz.info
Donostia

Euripean bada ere, umorez jantzi da Euskal Herria inauterietan

Umorea, kolorea, mozorroak eta festa. Festa da ordu hauetan Euskal Herriko hainbat tokitan nagusi den elementua. Euria oztopo izan da leku gehienetan, baina ez du inauterien bidea etetea lortu.

Inauterietako egun handien zain badira ere, Tolosan festa ez da momentu bakar batez eten. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Inauterietako egun handien zain badira ere, Tolosan festa ez da momentu bakar batez eten. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Hotza eta euria. Inauterietako larunbata nekez izan da eguzkitsu Euskal Herriko paraje desberdinetan. Negu giroa izan da nagusi, baina festa zapuzteko aitzakia gutxi ikusi da gaurkoan hiri, herri eta auzoetako kaleetan.

Kaleak dira, zinez, inauterien erakusleiho. Eta mozorroak, protagonista nagusi. Umorez laztantzen toki gehienetan egunaren goiz, arratsalde eta gaua. Gorputzak kitto esaten dueneraino.

Tolosa izan daiteke egun hauetako zita nagusi, baina itxaron apur bat, beraien egun handia iristear dago oraindik. Igande, astelehen eta astearte, iristear dira.

Larunbatez, baina, beste hainbat tokitan ospatzen dira inauteriak. Hiriburue eta herrietako zita izan ohi da gaurkoa. Lagun arteko karrozak, desfileak... mozorro festa, azken batean.

Mozorro festa, eta umore eta ironia festa, beste behin ere. Egungo egoera politikoarekin lotutakoak, abortoaren ingurukoak, pertsonaia ezagunenak... Noraino irits daiteke gizabanakoaren irudimena? Hura ere, dirudienez, muga gabea da, Inauterien mugarik eza bezalakoa. 

Nora joan ez dakizula datozen orduetan? Aukera aski luzea duzu, bada. Tolosa, ostegunean hasi eta asterteartera arte dantzan ibiliko da, atsedenik gabe. Donostia, Gasteiz eta Bilbo bezalako hirietan ere egitarau aberatsak prestatu dituzte –Bilboko Konpartsek ere bai berea, urtero bezala–, baina amaigabea da euren neurriko ospakizunetan murgildurik dauden herrien zerrenda: Lekeitio, Santurtzi, Irurtzun, Leioa, Legazpia, Hazparne, Abanto, Olazti, Elizondo, Bera, Eskoriatza, Segura, Zumaia...

Urtero bezala, gainera, Goizuetan Zahagi-dantza egingo dute; Zalduondon Marquitos aterako da: Lanzten, berriz, Miel Otxin; Unanuan, mamoxarroak; Altsasun, momotxorroak; txantxoak Amezketak eta Abaltzisketan; Lesakan, zakuzaharrak; Antzuloan Sorgin dantza egingo dute; Antzar jokoa Markinan; Elegante Eguna ospatuko dute azpeitiarrek...

Zerrenda, esan bezala, luzea da...