NAIZ

Damaris Egurrola: «Amets bat egi bihurtu da pentsatu baino arinago»

Damaris Egurrolak Txapeldunen Liga irabazi zuen pasa den larunbatean Olympique Lyonnais taldearekin. Europako futboleko garaikur handiena irabazi duen lehendabiziko euskal emakumea bilakatu da eta Euskadi Irratian emandako elkarrrizketan onartu du «ametsa egi bihurtu» dela.

Damaris Egurrola, Txapeldunen Ligako garaikurrarekin.
Damaris Egurrola, Txapeldunen Ligako garaikurrarekin. (@DAMARISEGU)

«Duela bi urte Txapeldunen Liga guraso eta familiarekin etxetik ikusten nengoen. Ez daukat hitzik», adierazi du Damaris Egurrolak Euskadi Irratian emandako elkarrizketan. Txapeldunen Liga irabazi zuen larunbatean Olympique Lyonnais taldearekin eta garaikur hau irabazten duen lehendabiziko euskal emakume futbolaria bilakatu zen. Aurrean, beste euskaldun bat izan zuen, Irene Paredes Bartzelonako jokalaria, eta talde frantsesak zortzigarren Txapeldunen Liga erdietsi zuen.

«Amets bat egi bihurtu da espero baino arinago», onartu du gernikarrak, zeinak gogorarazi duen duela bi udara «taldez aldatzeko» izan zituen «arazoak». Orduan, familia eta lagunek babestu zuten eta Txapeldunen Ligako garaipena «lagun eta familiarekin ospatzea, momentu hauek beraiek bizitzea ere ahaztezina da».

Olympique Lyonnais taldera 2021. urtean iritsi zen –Evertonekin denboraldi erdian nabarmendu ostean– eta helburu bezala bai jarri zuen horrelako txapelketa handi bat irabaztea baina ez zuen espero hain arin iritsiko zenik: «Bide luzea izan da hona iristeko». Gainera, adierazi du aurten irabaztea bereziki garrantzitsua zela iaz titulu gabe geratu zirelako. «Taldean urte asko daramaten horientzako beharrezkoa izan da, zortzigarren aldiz irabaztea berezia izan da», adierazi du.

Txapeldunen Liga irabazita, orain Frantziako liga irabazteko buru belarri jarriko dira: «Bi egun hauetan ospatu dugu eta gaurtik aurrera PSGren aurkako partida garrantzitsua prestatuko dugu, taldea prest dago».

Behin denboraldia bukatuta, atseden hartzeko denbora gutxi izango du gernikarrak. Eurokopa jokatuko da eta Herbehereetako selekzioarekin jokatzeko hautatua izango da. «Ez nuen pentsatuko Eurokopa jokatzeko urratsa ere hain arin emango zela. Gogo askorekin nago», azpimarratu du.