Manex Altuna

Nico Williamsek ezezkoa eman dio Aston Villari

Unai Emeryk zuzentzen duen taldea 50 miloi euroko etete klausula ordaintzeko prest agertu da neguko merkatuan, baina Ingalaterrako ‘Daily Mail’ komunikabidean ziurtatu dutenez, Nico Williamsek Athleticen jarraitzeko asmoa daukala erantzun omen die.

Nico Williams Real Madrilen aurkako Ligako partidan.
Nico Williams Real Madrilen aurkako Ligako partidan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Premier League da munduko ligarik aberatsena gaur egun eta Ingalaterrako taldeen nagusitasun ekonomikoa agerian geratzen da fitxaketen merkatu bakoitzean. ‘Daily Mail’ komunikabideak emandako informazioaren arabera, Aston Villa Nico Williams fitxatzen saiatu da. 50 miloi euroko etete klausula ordaintzeko prest zegoen Unai Emeryk zuzentzen duen taldea, baina jokalari zuri-gorriaren ezezko erantzuna jaso dute. Argitaratutako albisteetan diotenez, 7 miloi euro inguruko soldata eskaini diote.

Orain dela urte batzuk bere anaia Iñakik ere uko egin zion Ingalaterrara joateari. Hain zuzen ere, 2019ko udan jaso zuen proposamena eta Aitor Elizegiren zuzendaritza batzak kontratua luzatu zion 2028rarte.

Nico Williamsek 20 urte besterik ez ditu eta 2024an amaitzen zaio kontratua Athleticekin. Oihan Sancet ere egoera berdinean aurkitzen da eta Felix Tainta da bi jokalarien ordezkaria, baita Iñaki Williamsena. Athleticek ahalik eta azkarren mugitu beharko du, etorkizuneko taldearen bizkar hezurra izan daitezkeen jokalariak mantentzeko.

Azkar egin du tokia

Nico Williamsek Marcelinorekin egin zuen debuta lehen taldean eta hamaikakoetan egonkortu da Valverderekin. Partida guztietan hasieratik zelairatu da denboraldi honetan lehen jardunaldian Mallorcaren aurka izan ezik. Taldearen erreferentzia bilakatu da hegaletik eta etengabe bilatzen dute. 5 gol daramatza dagoeneko 22 partidatan. Estatu espainiarreko selekzioarekin Qatarren ospatu zen Munduko Kopan ere parte hartu zuen.

Jokalari gaztea da Williams txikia eta igartzen da dohai asko dituela goi mailan aritzeko. Sekulako abiadura eta erregaterako abilezia dauka. Oso jokalari ikusgarria eta arriskutsua da erasoko jokoan, baina oraindik gauza asko ikastea falta zaio. Defentsa lanean adibidez kosta egiten zaio eta sortzen dituen gol aukera guztiei etekin gehiago atera behar die.

Real Madrilen aurkako azken jardunaldian jaurtiketa on bat egin zuen urrunetik eta gero aukera garbi bat huts egin zuen area barruan. Anoetako derbian ere Athleticen jokalaririk hoberena izan zen Sancetekin batera erasoan, baina lehen golean ez zuen ondo defendatu eta hirugarrena berak begiratu gabe atzera botatako baloi baten ondorioz iritsi zen.