
«Manhattan, Santa Katalina eta Ipar kanalean galdutako 'kokoak' topatzen joango gara udaran» adierazi zion Ion Garateri joan den apirilean Iskander Sagarminaga ur irekietako igerilariak NAIZ Irratian eginiko elkarrizketan. Eta esatea ez dela, goitik behera bete du bizkaitarrak bere buruari ezarritako erronka hirukoitza.
Iaz Ipar Irlanda eta Eskoziako kostaldeak lotzen dituen eta 35 kilometro dituen Ipar Kanala zeharkatzeko helburua bete ezinik geratu zen, baina urtebeteren buruan, orduko hartan bete zuena eta beste bi erronka beteta, sekulako balentria erdietsi du Sagarminagak.
Manhattaneko irlari buelta eman zion ekainaren 29an, Kaliforniako Santa Katalina irlatik Los Angeleserako gaueko zeharkaldia osatu zuen uztailaren 7 eta 8an eta abuztuan iazko Ipar Kanala zeharkatu duen aurreneko euskalduna bilakatu da, balentria hori bete duen munduko 176. igerilaria eta hamazazpigarren igerilaririk azkarrena zeharkaldi hori burutzen, 10 ordu eta erdiz azpitik lanak amaitu ostean.
Orotara 120 kilometrotik gorako zeharkaldia amaitu du Iskander Sagarminagak, Eider Eibar marrazkilari eta bikotekideak kokoak.eus webgunean galdakoztarraren balentriak marraztu dituelarik, beti ere Zazpi Itsasoen Erronkaren baitan.
Ipar Kanaleko urak bereziki dira hotzak, are gehiago neopreno gabe egin beharreko zeharkaldia izanik. «Neguan, neopreno gabe sartu behar zara itsasoan, proba hauek neopreno gabe baitira. Ipar kanaleko ura 13 gradutan dago, eta 12-13 ordu egon behar duzu. Beraz, egokitu egin behar zara», zioen Sagarminagak NAIZ Irratian eskainitako elkarrizketan.
Iaz Ipar Kanaleko proba ezin izan zuen burutu oso baldintza eskasak aurkitu zituelako. «Iaz, ia hilabete egon nintzen irteteko itxaroten, eta eguraldi txarra zela-eta egun bat ere ez ezin izan nintzen irten. Azkeneko egunean esan zidaten ondo egon zitekeela, baina oso gaizki jarri zen, marmokak tarteko, eta ezinezkoa zen itsasontziak erritmo horretan niri norabidea mantentzea», onartu zuen.
Aurten baldintza hobeak aurkitu ditu eta Eider Eibarrek berak esan bezala, «hiru kokoak» aurkitu dituzte, zeharkaldi guztiak espero bezala osatuta. «'Kokoak' irudimena gustatzen zaien bitxitxo batzuk dira, eta gero, 'Margo Piratak' dugu. 'Kokoak' mundu batetik bestera mugitzen dira, eta Eiderrek ilustratzen duenean eta ni igerian nagoenean, munduak elkartu egiten dira. Magia, irudimena eta abentura elkartzen direnean, hor agertzen dira 'Kokoak', 'Margo Piratak' eta umeen mundu hori; abentura hau guztia kontatuko dugu», zioen Iskander Sagarminagak pasa den apirilean, eta orain bete du orduan buruan zebilkion balentria hirukoitza.

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz
