NAIZ

Lucas Fernandez: «Europan zehar Gernika, Bizkaia eta Euskal Herria harro ordezkatuko dugu»

Elitzur Ramla talde israeldarrarekin zer gertatzen den argitzen den bitartean, Lointek Gernika Bizkaiak Emakumeen Eurocupeko ligaxkan aurreneko dema izango du Sportiva Azoris Hotels talde portugaldarraren aurka. Salvadoresen lesioaz kamustuta ere, itxaropentsu dago Lucas Fernandez entrenatzailea.

Giannina atzean laga ondoren, Emakumeen Eurocupeko ligaxkan murgilduko da Lointek Gernika Bizkaia.
Giannina atzean laga ondoren, Emakumeen Eurocupeko ligaxkan murgilduko da Lointek Gernika Bizkaia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Europan aritzeko beste aukera bat dugu aurten berriz ere, eta Gernika, Bizkaia eta Euskal Herria harro ordezkatuko dugu», adierazi du Lucas Fernandez Lointek Gernika Bizkaia talde entrenatzaileak ligaxkako aurreneko neurketa jokatu bezperan, Azore irletako Sportiva Azoris Hotels taldearen aurka 20.00etan hasita eta ETB4-ren bitartez zuzenean eskainia.

Iaz ezin izan zuen Europan jokatu talde bizkaitarrak eta pozik hartu du aurten itzultzeko abagune hau, azken urteetan maila txukuna eman baitute gernikarrek baita izen eta aurrekontu askoz handiagoa duten aurkarien kontra ere. Greziako Giannina aurre-kanporaketan atzean laga eta gero, bizkaitarrek itxura batean hurrengo faserako urratsa emateko modukoa den C multzoan jokatuko dute, baina tartean Israelgo Elitzur Ramla dago ere eta jakina da talde gernikarraren erabakia: ez duela talde israeldarraren aurka partidarik jokatuko, ezta ligaxkako neurketa biak Malosten jokatzea proposatuta ere, Gazako genozidioa dela-eta.

Lehiaketaren webguneak bere horretan mantentzen du talde israeldarra eta, orain arte bederen, ez dute lehiaketatik kanporatu. Ondorioz, oso litekeena da Lointek Gernika Bizkaia taldea jokatzen ez dituen partida hauetan galtzaile jotzea FIBAk, ez baitu oraindik inolako erabakirik hartu gai horren inguruan. Ondorioz, gainerako neurketatan, bai Sportiva Azoris Hotels taldearekin zein Hungariako NKA Universitas Pecs taldearekin ere, oso fin jokatu beharko dute bizkaitarrek, hurrengo faseetara igarotzeko aukerarik izango badu.

Egoera ezatsegin honi bizkaitarrak lesioekin izaten ari diren zorte txarra ere gehitu behar zaio. Hala, denboraldiaurrean fitxatu zituen bi pibotak galdu ditu Lointek Gernika Bizkaiak; Cameron Williams eta Taylor Jones, biak ala biak min hartuta. Horrez gain, Estudiantesen aurka Angela Salvadoresek orkatila bihurritu zuen neurketako azken laurdenean eta nekez izango du jokatzerik asteazken honetan.

«Talde portugaldarreko jokalari askok elkar ondo ezagutzen dute. Kanpoko lerro sendoa dauka, baina barruko bi jokalariak, Monique Soares brasildarra eta Rita Rodrigues dira agian garrantzitsuenak. Horiek aurrena, nolanahi, gure ohikoa erritmoa ezartzen saiatuko gara eta baloia ondo banatuta abantailak bilatzen ahaleginduko gara», gaineratu du Lucas Fernandezek.

«Jokalariak falta direnean, jokatzeko daudenek pixka bat gehiago eman beharko dute, baina konfiantza daukat Malosteko zaleen laguntzarekin hala izango dela», azpimarratu du entrenatzaileak. Lesioen ondorioz, berriz, Ane Iturrioz harrobiko jokalariak bere lekutxoa egingo du ere Lointek Gernika Bizkaia taldeko aulkian, Lucas Fernandezek jokatzera ateratzeko noiz deituko zain.