
Catherine Destivelle alpinistak WOP Mendi Film saria jaso zuen ostiral honetan, mendiaren balioak transmititzen egindako lanagatik. Mikel Renteria eta Jabier Baraiazarra WOPeko eta Mendi Filmeko zuzendariek egin zioten harrera Bilboko Euskaldunako agertokian. Hunkituta, eta bildutako ia 600 ikusleen txaloen berotasuna eskertuz, hitzaldi beroa eman zuen.
«Hemen banago, nire pelikulei esker da, nire liburuei esker, eta nire familiari eta lagunei esker. Pozgarria da inspirazio iturri izana. Ona da belaunaldi batzuek beste batzuek inspiratzeko balio izana», esan zuen.
Mikel Renteriak eman zituen saria Catherine Destivelli aitortu izanaren zergatiak: «Benetakotasuna, apaltasuna, konpromisoa, ahalegina, sakrifiziorako gaitasuna, ausardia eta bizitzarekiko maitasuna eta errespetua» erakutsi dituela goratu zuen. «Pasioz bizitako bizitza da berea, beste askorentzat gida. Pasio kutsakorra da, gazteen gogoetan hazi txikiak ereitea helburu duena. Hazi horiek, denborarekin, pasio bihur daitezke, edo gutxienez ametsak piztu ditzakete».
Iñigo Aristegui artista eskultoreak eginiko ‘Laia’ garaikurra jaso zuen Catherinek, eta WOP Mendi Film sariaren zerrendara batu da haren izena eta arrastoa. Aurretik, Euskal eta Nafar mendi federazioak, Edurne Pasaban, Eduardo Martinez de Pison, Sebastian Alvaro, Baltistan Fundazioa, Nives Meroi e Romano Benet, Juanjo San Sebastian, Peter Habeler, Sir Chris Bonington, Josep Manuel Anglada eta Drawn film by Jeremy Collins izan dira sarituak.
Abenduaren 5etik igande honetara arte, hamar egunez, Bizkaiko hiriburua mendiko kiroletan eta naturan oinarritutako ekoizpenen aterpe izaten ari da. 45 pelikula lehiatu dira sail ofizialean eta, denera, hamar sari banatu dira. Horretaz gain, egitarau oparoa eskaini dute.

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo

