Gari Mujika ZUBIARRAIN
BAIONA

Bidasoaz bestaldeko kolore guztietako 180 hautetsik bat egin dute larunbateko manifestazioekin

Euskal parlamentari guztiek, Akitania-Limousin-Poitou-Charente erregioko 21k kontseilarik, Paueko ganberako 7 ordezkarik, Ipar Euskal Herriko 24 alkatek eta hamarnaka alkateorde eta zinegotzik atxikimendua adierazi diete ‘Euskal presoak Euskal Herrira. Eskubideak. Konponbidea. Bakea’ goiburupean larunbatean Bilbon eta Baionan egingo diren manifestazioei. Hori bakarrik ez, zuzenean interpelatu dute frantses Gobernua eta «hitzetatik ekintzetara pasatzeko» eskatu diote, baduela garaia bake prozesuan «osoki engaiatzeko».

Hautetsien ordezkaritza batek Baionan egin du agerraldia. (Bob EDME)
Hautetsien ordezkaritza batek Baionan egin du agerraldia. (Bob EDME)

Argazki indartsua, gogoan iltzaturik geratzen den horietakoa, atera da gaur Baionan. Kolore ezberdinetako 180 hautetsik bat egin dute euskal presoak Euskal Herriratzeko eskatzeko deialdiekin. Tartean dira Asanblea Nazionalean aulkia duten Collette Capdevielle eta Sylvianne Alaux (PS) eta Jean-Jacques Lasserre (UDI), baita ere departamenduko edo erregioko kontseilari Alice Leiciagueçahar (Berdeak), Max Brisson (Les Republicains), Michel Veunac (UDI), Kotte Ezenarro (PS) eta Alain Iriart (abertzalea), azken hiru hauek, hurrenez hurren, Biarritz, Hendaia eta Hiriburuko alkate ere badirenak.

Alkateen zerrenda zabala da: Jean-Rene Etchegarai Baionako alkatea (UDI), Bruno Carrere Uztaritzeko alkatea (Uztaritze Bai), Jean Michel Coscarat Baigorrikoa, Jean Mari Iputxha Ezpeletakoa… Udal hautetsiena, berriz, ia amaigabea.

Guztien izenean ordezkaritza bat agertu da Baionan eta agiria irakurri dute. Aipatu Leiciagueçahar eta Alaux eta Lekorneko auzapez Lucien Betbedere eta Donibane Lohizuneko zinegotzi Yvette Debarbieux-ek hartu dute hitza «kolore guztietako hautetsien» izenean.

Sinatu duten adierazpenak dio Aietez geroztik «geroz eta ahots gehiago altxatzen» ari direla Euskal Herrian bakearen eta konponbidearen alde eta ahots horiek erabat «ulertezintzat» jotzen dutela egungo espetxe politika. Gogor gaitzetsi dute sakabanaketa politika indarrean izatea, bai eta baldintzapeko askatasunak ez onartzea eta gaixo dauden presoak ez askatzea. Lorentxa Guimon angeluarraren kasua –ospitaleratua eta atzera espetxeratua– zehazki aipatu dute. 

Eskaera Gobernu frantsesari

Agiriak, Sylviane Alaux diputatu sozialistak berak frantsesez irakurri duenak, interpelazio zuzena egiten dio bere alderdiak gidatzen duen frantses Gobernuari. Christiane Taubira Justizia Ministroari «hitzetatik ekintzetara pasatzeko» eskatu diote, iazko udan euskal presoen gerturatzearen aldeko jarrera publikoki agertu zuela gogoan.

Parisko agintariei, berriz, ETAk armak uztea erabakiz geroztik Euskal Herrian ireki den agertoki berria «kontuan hartzeko» eta bake prozesuan bere burua «osoki engaiatzeko» eskatu diete. Larunbatean manifestazioan izango direla iragarri dute guztiek eta berdin egiteko eskatu herritarrei, aldarri hau herriaren gehiengoarena dela erakustea «benetan garrantzizkoa» delako.