Maite Ubiria

Iratxe Sorzabalen kontrako laugarren euroagindu eskaera aztertuko dute bihar Parisen

Parisko Dei auzitegiak asteazken honetan aztertuko du Madrilgo Auzitegi Nazionalak Iratxe Sorzabal euskal presoaren kontra igorritako laugarren euroagindu eskaera. Auzia martxoaren 25an egitekoa zen baina pandemiaren ondorioz gibelatua izan zen. Preso irundarra espainaratzeko laugarren eskaeraren azterketak torturaren auzia azalaratuko du beste behin frantses auzitegi batean.

Iratxe Sorzabal Reauko espetxean dago preso. (Jon URBE / FOKU)
Iratxe Sorzabal Reauko espetxean dago preso. (Jon URBE / FOKU)

Iratxe Sorzabal preso irundarraren kontra espainiar justiziak eskaturiko laugarren euroaginduaren azterketa bi aldiz gibelatua izan da. Otsailaren 19an egin behar zen auzia martxoaren 25era gibelatua izan zen, baina pandemiaren ondorioz bigarren data hori ere bertan behera gelditu zen.

Finean bihar arratsaldean aztertuko du Parisko Dei auzitegiko instrukzio ganberak mahai gainean torturaren gaia beste behin ezarriko duen eurogindu auzia.

Xantiana Cachenaut abokatuak askotan nabarmendu duenez Madrilek bideraturiko euroagindu gehienek torturapean egindako adierazpenak izan dituzte froga bakar gisa.

Izan ere, Reauko presondegian dagoen irundarraren dosierrak ezaugarri bereziak baditu.

Dokumentazioa osatzeko txosten berri bat

Alde batetik, espainiar Estatuan bertan Sorzabali dagokion torturen gaineko auzia sakonki dokumentatua dago, nahiz eta espainiar Auzitegi Nazionalak salaketa artxibatu zuen.

Bestetik, Sorzabalen defentsak eginiko eskaerari bide emanez Parisko Dei auzitegiak aditu frantses baten esku utzi zuen auziaren azterketa berria.

Adituak txostena egin zuen preso irundarrak eginiko tortura salaketari buruz Istanbuleko protokoloa baliatuz.

Iratxe Sorzabali hainbat azterketa egin ostean irundarrak 2001ean Guardia Zibilak Hernanin atxilotu ondotik, pairatu behar izan zituen torturei buruzko salaketaren sinesgarritasuna baieztatu zuen adituak txosten horretan.

Hala eta guztiz ere, epaile frantsesek Madrilek aitzinetik igorritako beste hiru euroagindu onartzeko urratsa eman zuten. Lehehenengo bi entrega eskaerak 2018ko irailean onartu zituen auzitegiak eta hirugarrena berriz 2019ko urrian ontzat eman zuen.

Europako Justizia Auzitegiari galdera

Gauzak horrela, Sorzabalen defentsak eskaera luzatu zion jujeari «arazo prejudizial» bat aurkezteko Europako Justizia Auzitegian galdetuz. Alta, eskaera hori baztertu zuen auzitegiak.

Izan ere, biharko saioan Xantiana Cachenaut-en ondoan izanen den Serge Portelli epaile ohiaren iritziz «arazo prejudiziala»ren gaineko eztabaida judiziala ezin da itxitzat eman.