Naiz

LAB: «Ez dugu onartuko EiTB EAJren propaganda tresna bezala erabiltzen jarraitzea»

ETBk Andoni Aldekoa izendatu du zuzendari berri gisa eta LABek, erabaki hau, «onartezina» dela iritzi du. «EAJk komisario politiko bat jarriko du». Horren aurrean, eragile ezberdinen artean EiTBko zuzendari kargua aukeratzeko prozedura berri bat adostea proposatu du.

Aldekoa, Azkunarekin batera, 2012an. (Marisol RAMIREZ | FOKU)
Aldekoa, Azkunarekin batera, 2012an. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

LAB sindikatuak gaitzetsi egin du ETBk Andoni Aldekoa zuzendari berri izendatu izana: «EAJk bere alderdikide bat jarriko du EiTBko zuzendari karguan, inolako disimulurik eta lotsarik gabe. Erabaki eskandalagarria eta onartezina komunikabide publiko batean», adierazi dute ohar baten bidez.

Aldekoa Iñaki Azkuna Bilboko alkatearen aholkularia izan zen 16 urtez eta Iñigo Urkulluren Lehendakaritzako Komunikazio zuzendaria 2015 eta 2017 urteetan. «Gizon hori EiTBko zuzendari izendatuta, EAJren asmoa agerian geratzen da: EiTBn kontrol politikoa indartu nahi du, komunikabide publikoa Gobernuaren komunikabide izaeran sakonduz interes alderdikoien mesedetan jarraitzeko», iritzi du sindikatuak.

Honela, EiTB EAJren «propaganda tresna bezala erabiltzen jarraitzea» ez dutela onartuko azpimarratu du. «EiTBk objektibotasuna, profesionaltasuna, aniztasuna eta neutraltasun politikoa bermatu behar ditu. Euskal herritarren zerbitzura egon behar du, eta ez EAJren edo Eusko Jaurlaritzaren zerbitzura», gehitu du ohar baten bidez.

Era berean, eragile ezberdinen artean EiTBko zuzendari kargua aukeratzeko prozedura berri bat adostea proposatu du. «Prozedura berri hori irizpide profesional eta objektiboetan soilik oinarritu beharko litzateke, eta, noski, erabat gardena izan beharko luke. EiTBko zuzendari berria ezin da Sabin Etxean erabaki».

Bestetik, «ezinbestekotzat» jo du EiTBko zuzendari batek euskalduna izan behar duela.

«Osasun egoera larrian, inoizko krisi sozio-ekonomikorik handienak jota eta EiTBko enpresak fusionatzeko prozesu konplexu batean murgilduta gauden honetan, EAJk komisario politiko bat jarriko du EiTBko zuzendari karguan. Garai zailak eta ilunak datoz komunikabide publikora», gehitu du LABek.