Mobilizazioak Estatu frantses guztian zehar hizkuntza gutxituen alde maiatzaren 29an

Estatu frantses mailako Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboak deituta, maiatzaren 29an protesta ekintzak izanen dira, hizkuntza gutxituen hezkuntzaren alde. Ipar Euskal Herrian Mauleko plazan eginen da 11:00etan. Hezkuntzari loturiko beste hiru mobilizazio ere izanen dira heldu den egunetan.

2019ko abenduan Parisen Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboak deituta egin zen manifestazioa. (POUR QUE VIVENT NOS LANGUES)
2019ko abenduan Parisen Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboak deituta egin zen manifestazioa. (POUR QUE VIVENT NOS LANGUES)

Estatu frantsesean diren hizkuntza gutxituen defentsan ari diren eragileak biltzen dituen Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen (Pour que Vivent Nos Langues) kolektiboak deialdia egin du maiatzaren 29rako. Berezko mintzairak dituzten eskualde guztietan ekintza ezberdinak eginen dira, Ipar Euskal Herrian Maulen egitea deliberatu du Euskal Konfederazioak ‘Euskarak murgiltzea behar du’ lelopean. Heldu den egunetan hezkuntzari loturiko beste hiru ekintza antolatuak izan dira, brebeta eta baxoa euskaraz aldarrikatzeko, eta kolegio publikoetan euskarazko ikasgaien kopurua handitzeko.

Bi prentsaurreko izan dira elkarren segidan gai hau jorratzeko, Estatu mailan Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboan diren eskualde ezberdinetako ordezkariek hartu dute hitza. Ondoren Euskal Konfederazioko hezkuntza eremuko ordezkariek Ipar Euskal Herriko egoerari buruz mintzatu dira.  

Estatu mailako kolektiboak «lurralde hizkuntzen irakaskuntzak bizi dituzten erasoak salatzeko, eta orohar hizkuntza horien aniztasuna, indarra eta lurraldean duten presentzia zabala ikustera ematea» du xede. Prentsarreko telematikoan Okzitania, Flandria eta Euskal Herriko ordezkariek hartu dute hitza, eta eskualde bakoitzean erronkak ezberdinak izanik lelo ezberdinak izanen direla nabarmendu dute.

Apirilaren 8an Asanblea Nazionalean onartu zen ‘Eskualde hizkuntzen patrimonio babeserako eta promoziorako’ legearen onurak, eta Kontseilu Konstituzionalean legearen finantzaketari buruzko artikuluari 61 diputatuk ezarri dioten helegitea salatu dute. Behin baino gehiagotan Hezkuntza Ministerioak, eta bereziki Jean-Michel Blanquer ministroak hizkuntza gutxituen kontra hartu dituen neurriak ere salatu dituzte, helegitearen gibelean ministerioa dagoela ere nabarmenduz.

Ipar Euskal Herrian murgiltze eredua

Ipar Euskal Herrian aldarrikapen nagusia hezkuntza publikoan eta pribatu katolikoan Haur Hezkuntzan murgiltze eredua garatu ahal izatea izanen da. Momentu honetan heldu den ikasturteari begira lau eskolek eredu hori ezartzea eskatu dute, eta Akademia Ikuskaritzatik ezezkoa jaso dute. Aiherra, Arrosa-Ortzaizen, Larrainen eta Idauzen-Mendin guraso, irakasle eta hautetsiak mobilizatu dira, baina ez da aldaketarik izan. Azken urteetan, murgiltze ereduak ezarri ahal izateko, hautetsien bitartekaritza beharrezkoa izan dela ere azpimarratu dute.

Elkarretaratzea Mauleko plazan izanen da 11:00etan, Euskal Konfederazioak ekintza Zuberoan egitea hautatu du, lehen aldia delako bertan ikastoletatik kanpo murgiltze eredua ezartzeko nahikeria delako, Idauze-Mendin eta Larrainen hain zuzen ere. Bertaratzeko autobusak antolatzen ari dira, eta hiriburuko plazan merkatu eguna izanik oihartzun handia izatea espero da.

Hori azaltzeko ekintzaren antolatzailea den Euskal Konfederazioa kolektiboaren baitan dauden hiru hezkuntzari loturiko eragileek prentsaurrekoa eskaini dute: Marie-Andree Ouret Biga Bai sare publikoko hezkuntza elebiduneko guraso elkartearen izenean, Arantxa Uhalde Euskal Haziak sare pribatu katolikoko hezkuntza elebiduneko gurasoen elkartearen izenean eta Seaskako zuzendaria den Hur Gorostiaga.

«Legea pasatzen bada ere, lau eskola horietan murgiltzea ezartzea ez da erreza izanen, horregatik ez dugula barkatuko mezua igorri behar dugu mobilizazio honen bitartez» adierazi du Ouretek.

Brebeta, baxoa eta kolegio publikoa

Heldu den egunetan hiru ekintza gehiago aurreikusita daude. Asteazken honetan Brebeta azterketa euskaraz egin ahal izatea aldarrikatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte Seaskako kolegioetako ordezkariek Urruñan, Baionan, Larzabalen eta Kanbon. Bertaratzera gonbidatu dituzte hautetsiak eta ekainaren 20an eta 27an ospatuko diren hauteskunde departamentaletarako hautagaiak, jakinik kolegioen ardura departamentuak daukala.  

Ostiralean, maiatzaren 21ean, Seaskako Bernart Etxepare lizeoko ikasleak 10:00etan Baionako suprefeturaren aitzinean Jo Pilota ekintza eginen dute. Baxoa azterketan aurten bi ikasgai izanen dira presentzialean: filosofia eta ahozko handia deiturikoa. Biak frantsesez egitera behartuak izanen dira. Aldi berean baxoa era jarraikian egitea ere eskatuko dute.

Maiatzaren 26an Donibane Garaziko Jai Alaiko biribilgunean 12:00tan elkarretaratzea izanen da, kolegio publikoetan sare elebidunean eskaintzen diren ikasgaien kopurua handitzeko. Lekuaren hautaketa bertako Zitadelako kolegioan zentzu horretan dagoen arazo bati lotua da. Fisika ikasgaia euskaraz eskaini ahal izateko kontratatu behar den irakasle berria euskalduna izatea eskatu behar baitu deialdiak, eta Akademia Ikuskaritzak ez du hori onartu.

Egoera berean dago Angeluko Endarra kolegioa, baina kasu horretan heziketa fisikoa ikasgaiari dagokionez. Irakaslea behin hautatuta, hurrengo urte edo hamarkadetarako postua finkatua izanen da, hori dela eta, etorkizunera begira garrantzitsua den erabakia delako, mobilizatzera deitu du Euskal Konfederazioak.

Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen

Pour Que Vivent Nos Langues kolektiboa, 2019ko udazkenean sortu zen, Hezkuntza Ministerioak lizeoen erreforma egin zuelarik. Estatuko hizkuntza gutxituen kontrako eraso hain handia izanik, Estatu guztian zehar hizkuntzen defentsan ari diren elkarteak bildu egin zirela.  

Lehen ekimena urte horretako abenduan egin zuten Parisen, bertan milaka pertsona bilduz. Bigarrena 2020ko urrian izan zen, eta orduan eskualdeetan egin zen, Baionan arrakasta izan zuelarik. Maiatzaren 29koa izanen da hirugarren ekintza publikoa.

Aldi berean, eremu politikoan egiten duen presio lana ere aipagarria da, apirilaren 8an Asanblea Nazionalean onartu zen Eskualde hizkuntzen babeserako eta promoziorako legea bozkatua izan aitzin lan handia egin zuten parlamentariekin. Agerraldi telematikoan zentzu horretan egindako lana gogora ekarri dute.

Kolektiboak eman duen prentsaurrekoan gutxitan aipatzen diren «hizkuntza ahantziak» gogoan izan ditu Flandria mendebaldeko Akademie voor Nuuze Vlaemsche Taele elkartearen izenean Jean Paul Cochek. Izan ere normalean bretoia, euskara, katalana, okzitaniera… aipatzen dira, baina ez aldiz proventzala, pikardiara, normandiera edo mendebaldeko flandriera, eta horiek ere errekonozimendua izan dezatela aldarrikatu du.