NAIZ

Txinak baieztatu du Hego Amerikan atzeman duten globoa ere berea dela

Txinako Gobernuak baieztatu du Hego Amerikan atzeman duten globoa ere berea dela, baina soilik «asmo zibilak» dituela ziurtatu du. Pekinek ustez espioitzarako erabili duelakoan, AEBek eraitsi egin zuten bere aire espazioan zebilen globoa.

AEBen misil batek globo txinatarra eraitsi zuen unea.
AEBen misil batek globo txinatarra eraitsi zuen unea. (J. GRANITA | ZUMA PRESS)

Txinako Gobernuak astelehen honetan baieztatu duenez, Hego Amerikan atzemandako globoa, AEBetako gerra hegazkinek larunbatean ozeano Atlantikoan eraitsi zutenaren antzekoa, berea da, baina «asmo zibilak» baino ez dituela ziurtatu du. Washingtonek, ordea, espiotza lanetarako erabiltzea leporatu dio.

Mao Ning Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaileak azaldu duenez, bigarren globo hori «akats baten ondorioz» sartu da hainbat herrialdetako aire espazioan, tartean Kolonbian.

Txinak ziurtatu duenez, Nazioarteko Zuzenbidea errespetatzen du eta globoa «ez da inolako mehatxua herrialde batentzat». Maok ez die erantzun hain denbora laburrean globoen kontrola galtzeko arrazoi zehatzei buruzko galderei: «Ez naiz aditua», esan du.

AEBek bere lurraldea zeharkatu zuen globoa eraitsi izanak krisi diplomatikoa eragin du bi herrialdeen artean eta tentsioa areagotu. Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaileak salatu egin du AEBetako agintariek globoa eraisteko hartutako erabakia «onartezina eta arduragabea» dela, Bloomberg agentziak jasotako adierazpenen arabera.

Hori dela-eta, Xie Feng Txinako Atzerri ministrordeak Gobernuaren «ezinegona» helarazi dio AEBek Txinan duten enbaxadari. Txina «irmo» agertu da eraistearen aurka eta erantzun gisa «neurri berriak hartzeko eskubidea» aldarrikatu du.

AEBetako Defentsa Departamentuak ostiral gauean jakinarazi zuen bigarren globo bat atzeman zuela Hego Amerikan eta Kolonbiako Armadak asteburuan baieztatu du berria.