Ariane Kamio
7k-ko editorea eta edukien erredakzio burua / editora de 7k y jefa de redacción de contenidos

Joan Mari Irigoien hil da, pentsamendu bat haratago zebilen idazlea

Altzatik mundura eta mundu hura liburuetara, bai kanpokoa eta bai barnekoa, ispilu garden baten isla zintzoa izan da Joan Mari Irigoien. Esklerosia gaitz, pentsamendu bat haratago joan izan da beti. Gaur hil da 74 urterekin.

Joan Mari Irigoien.
Joan Mari Irigoien. (Juan Carlos Ruiz | FOKU)

Endekapenezko gaixotasun bat pairatzen zuen azken urteetan Joan Mari Irigoienek (Altza, 1948). Esklerosia. Hizkerari eragin zion bereziki nahiko hasieratik eta mugikortasunaren ataka ere hortxe zegoen. Izaera berezi eta, batez ere, samurreko gizona izan da altzatarra. Zapi bat beti lepoan, eta kapela bere ideien babesleku, era irekian eta zintzoki agertu izan ditu beti esateko zituenak.

‘Babilonia’ (1989, Elkar) –Kritikaren saria jaso zuen– eta ‘Lur bat haratago’ (2000, Elkar) –euskaraz idatzitako nobelarik zabalenen artean katalogatua izan zen, egileak berak garrantzia apaltzearren marketin maniobra bat izan zela argudiatzen bazuen ere– izan dira bere literaturako mugarri garrantzitsuenak, edo batez ere horiengatik izan da ezagunagoa bere obra literarioa. Iraganera eraman zuen irakurlea bi liburu haietan, baina iraganaz hainbeste gauza konta daitezkeen bezala, erdigune batean zehaztu zituen Irigoienek bere asmoak: indarra eta indarkeria.

«Ni Gandhiren zalea naiz, antimilitarista, baina ez itsua eta ez inozoa. Zer esan nahi dut horrekin? Badakidala, gutxi gorabehera, mundu honek nola funtzionatzen duen. Eta zer ikusten dut, bada? Munduan ezarri nahi den ordenan, norberaren indarra –armak eta armadak, alegia– dela erabakigarri: euskaldunok, baina, Orreagakoaz aparte, ez dugu gerra bakar bat ere irabazi. Are gehiago: gure etsai politikoek gerra irabazi izan duten bakoitzean legedi estuago bat jarri izan digute –estatutuak, konstituzioak, eta abar–, beren armadak bermatua beti, hori bai. Zer lortzen dute horrela? Propaganda-tresnak beren ideologiaren zerbitzuan jartzea. Zertarako? Ideologia hori eta eta hari lotutako pentsamendua normaltasunari lotzeko. Gainerakoak, berriz –gu, alegia–, normaltasunetik kanpo geratzen gara: anormalak gara».

Politika erdigunera ekartzearen aldekoa ere bazen, nahiz idazle askok kontrako iritziak erakutsi bere ohiko jardunean. Nola ez eraman politika nobela batera eleberria bada formaturik orojaleena? ‘Pistolak eta epistolak’ (2014, Elkar) izan daiteke adibideetako bat, batez ere publiko gaztearengana hurreratzeko intentzioz egindako lana. Ustelkeria, boterekeria, Barcenas auzia, PPko buruzagi ustelak, CAN auzia Nafarroan… «Munduko boteretsuek, izan ere, nahi dutena egiten dute gurekin –usatu eta abusatu–, eta guk ez ote dugu haiekin haserretzeko edo haien kontura barre egiteko eskubiderik, kritika zorrotz bat eginez, bide batez? Obligazioa ere bai, esango nuke nik…». 2015ean botatako hitzak dira, etxe honekin izandako azken elkarrizketan.

Munduaren bila

1948an Altzan jaioa –inola ez Donostian–, bere aitaren literaturazaletasuna izan du Irigoienek bere literatur-zubiaren ikur. ‘Kixote’ hogei bat aldiz irakurria izan zuela aipatu izan zuen eta hainbat izan zirela aitak haurrei irakurritako ipuinak. Kirolarekin ere harreman estua izan zuen idazleak, Realeko bigarren taldean jokatzera ere iritsi baitzen. Gaztaro betean zen, Batxilergoa amaitu berritan eta bizimodua zein bidetik ezin erabakita, «errazena» egin zuela aitortu zuen. Ingeniaritza ikasketak, Donostian. Baina Irigoien gazte hark bazekien hura ez zuela betiereko helmuga izango, «fabrika batean ez nuela luze iraungo, alegia!». Hartara, ikasketak amaitu, futbola alboratu eta Venezuelarako bidea hartu zuen.

Amazoniako proiektu bat bultzatzekotan joan zen, baina egitasmo hura atzeratu eta irakasle lanetan jardun zuen jesuitek zuzentzen zuten Caracasko auzo marjinal batean. Bi urte egin zituen Latinoamerikako herrialdean. Urterik ontsuenak, idazlearen iritziz, haurtzaroan bizitakoekin batera. Eta orduan iritsi ziren bere begien aurrera Rulfo, Garcia Marquez, Onetti, Benedetti, Borges, Cortazar eta enparauen literatur lanak. «Ni, Venezuelara joan aurretik, mutil xume bat nintzen, herri txiki batean jaioa –Altzan–, nahiz eta gure Altza hura ere berandu gabe hazi zen, itxuragabe hazi ere, zementua hemen eta zementua han...; kontrastean, Venezuelan jaio nintzen mundu zabalera: hantxe ireki zitzaizkidan, bai, zeru-infernuetaraino, begiak…!».

Zeru-infernu haietatik etxera itzultzeko tenorea heldu zitzaion altzatarrari. Enpresa batean luze irauteko esperantza-gogo hura ere ez ote zuen oraindik bere baitan gordea izango, lehen geldialdia ‘Egin’ egunkarian egin baitzuen euskarako testuen zuzentzaile gisa. «Venezuelatik bueltan, ‘Egin’-en hasi nintzen lanean, testuen zuzentzaile taldean. Egunkari berriak hasiera gogorra izan zuen: egunkariaren ekoizpenean, izan ere, bazegoen elementu ezinbesteko bat –garun elektronikoa–, noiznahi huts egiten zuena. Erantsi horri borroka ideologiko bat ere bazegoela, hainbat sektoreren artean... eta errazago izango zaizu ulertzea nola egunkaria, halako batean, iritsi zen krisi larri batera. Orduan, gastuak-eta murrizteko, enpresa uzteko boluntarioak eskatu zituzten... eta, nik garbi nuenez ordurako idazlea izan nahi nuela, izena eman nuen».

Bi urte egin zituen langabezian eta euskara maila hobetzeko aldia izan zen hura Irigoienentzat, eta handik aurrera erdibideko lanen bila aritu zen, idazteko grinaz gaindi, zer poltsikoratzeko beharra ere bai baitzuen. Hainbat ikastolatan irakasle, Euskal Telebistan pelikulak itzuli eta egokitzen aritu zen eta, libratzen zituen orduetan, idazle jarioari aterabidea ematen zion, harik eta Elkar taldearekin akordioa erdietsi eta egun osoa idazketari emana bizitzeko aukera eskaini zien arte.

Akordio hartatik aurrera hamaika lan eman zituen argitara Irigoienek. ‘Babilonia’ eta ‘Lur bat haratago’ ospatuak heldu ziren, baina ez ziren inola bakarrak izan. Aipagarria, baita ere, bere bibliografiari erreparatuta, 89tik aurrera argitaratutako lan guztiak Elkar taldearekin egin zituela, bai nobelan, bai poesian, bai eta haur eta gazte literaturan, erdietsitako bizi-bide aukera hari esker. Titulu batzuk aipatzearren, 2008 eta 2010 artean argitaratutako Orbetarrak trilogia, ‘Arma, tiro, bammm!’ (2013) eta ‘Derbia’ (2019) nobelak –azken horretan futbola jarri zuen ituan, bere alderik dotore eta, era berean, ganberroena azaleratuz–, edota poesiari emandako beste hainbat lan.

Irigoien, erdian, Irati Jimenez eta Xabier Mendigurenekin batera, iaz ‘Babilonia’ren edizio berritua aurkeztu zuenean.Gaitzaren poliedrikotasuna

2012an jasoko du gaitzaren berri Joan Mari Irigoienek. Esklerosia. Endekapenezko gaixotasuna. Gutxira erretiroa hartuko du Altzako idazleak, baina ez dio horregatik idazteari uko egingo. Ondare kutxa bat osatzen joango da hurrengo urteetan, bizitakoari eta bizitzeke dagoenari, ametsei eta errealitateei leku egingo diena. Eta poesia izango da, gehienbat, bere ideien babesleku.

Kirolari eleganteenek nola, halaxe hitz egingo du Irigoienek bere gaixotasunaz, kiroltasun osoz, nahiz hasiera batean depresio bati aurre egin behar izango dion. «Bere egunean esklerosia diagnostikatu zidaten; handik urte erdira-edo, berriz, depresio bati egin behar izan nion aurre; ondorio gisa, neure gaitz horien inguruko poema-liburu bat lantzen ari naiz, hilabete pare bat barru-edo aterako dena». Egunero ordenagailu aurrean eseri eta lanean jartzeko hautua egin zuen, beste erritmo batean, baina lanean jarraitu zuen. Eta 2015ean iritsi zen ‘Bi urtetako kronika fakultatiboa’ poema bilduma, 2012 eta 2014 urteen artean idatzia, esklerosia diagnostikatu ondoren ondua, aitortzaren kronika bat.

Bere azken lana iaz kaleratu zuen: ‘Sorgin-argien ehizan’, poesia modura hura ere, idazlearen garrasi, kexu eta aldarriz betea. Aurkezpen bikoitza izan zuen hura Irigoienek, bere argitalpenaren hogeita hamargarren urteurrenean ‘Babilonia’ berpiztu bat ere kaleratu baitzuen.

Gaixotasunarekin lotuta, hainbatetan izan du aipagai eutanasiaren afera. Eta jarrera argia erakutsi izan du zentzu horretan. Era horretan abandonatu du mundua idazleak, halaxe jakinarazi du behintzat erredakzio honetara bidalitako poema baten bitartez, bere azken lerroetan dioenez, ‘Eutanaxi’rekin batera. Duintasuna bermatzen duen heriotza baten alde agertu izan du bere nahia, ohartu gabe, akaso, duintasunaren zimenduak aspaldian zituela idazleak berak ondo armatuak bere baitan eta irakurleon zentzumenetan. Bekiola lurra gozo.

‘Bihar arte’ (Mario Benedetti)

Begiak ixtera noa ahopean
loan sartzera noa haztamuka
oraintxe herra ez dabil lanean

herio patroi eskasaren alde
borondateak taupada eten du
eta ni urrun nago, honen txiker

eze Jainkoari hel egin eta
deus ez eskean, partekatzearren
doi unibertso hau gure lorpena

derrigorrean zein inoiz onean.
Zeren ez ber gauza amets mundua
eta esku bete herio dakarrena?

Amesgaizto dut baikor izatea:
ahul lokartu ametsean indartsu
zain etorkizuna. Amilbidea.

Ez esan niri deus iratzartzean.