NAIZ

‘Ipuscua’ izena lehen aldiz aipatu zuen dokumentuaren milagarren urteurrena ospatu dute Altzon

Aurten 1.000 urte bete ditu ‘Ipuscua’ izena lehen aldiz aipatu zuen dokumentuak eta Altzon ospatu dute urteurrena. Bertan izan dira herrialdeko hainbat agintari eta ordezkari politiko eta Gipuzkoako armarrian ageri diren hiru haginen oroigarri, beste horrenbeste landatu dituzte ekitaldian.

Haginok landatu dituzten unea.
Haginok landatu dituzten unea. (GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA)

Gipuzkoako armarrian ageri diren hiru haginen oroigarri gisa landatu dute hagin bana Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako lehendakariak, Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Xabier Olano Altzoko alkateak, ‘Ipuscua’ izena idatzirik ageri den 1.025 urteko agiria gorde duen herriari Batzar Nagusiek egindako oparia. Izan ere, 1.000 urte bete ditu agiriak eta oroimen ekitaldia egin dute igande honetan Altzon.

Agintariek hitza hartu dute haginak landatu aurretik. Lehenik, Ezeizabarrenak Gipuzkoako armarriko hiru zuhaitzen esanahia aletu du, Gipuzkoaren eraketatik abiatuta: «Herriek beren borondatez erabaki zuten elkartzea Gipuzkoa eratzeko. Erabaki horren sustrai sakonak elkartasuna eta berdintasuna dira».

Batzar Nagusiek Altzoko herriari Aiako Harritik, Herniotik eta Aralartik ekarritako hiru haginak oparitzea nabarmendu du Olano alkateak: «Izan daitezela nafar eta gipuzkoarron harreman naturalen lekuko, goza dezatela hementxe bertan Altzoko umeek, helduek eta adinekoek, euskara naturalki erabiltzen dugunean, poztu daitezela bisitariek euskal kultura eta euskara errespetatzen dituztenean».

Amaitzeko Eider Mendoza diputatu nagusiak berretsi du Euskal Herrian oso errotua egon den ohitura izan dela esanahi berezia duten zuhaitzen babesean batzartu, hitz egin, elkarri entzun, eztabaidatu eta, ondoren, komunitatearen mesedetan erabakiak hartzekoa. «Hain zuzen ere, Gipuzkoa hitzaren aipamen zaharrenaren milurtekoa ospatzen dugun honetan, erakundeok ere bat egiten dugu komunitatea indartzeko helburuan», adierazi du diputatu nagusiak.

Ospakizuna txalaparta soinuarekin girotu dute Juan Mari Beltranek eta Aitor Beltranek, Xabier Olano alkateak eta udalbatzak Gipuzkoakoei ongietorri eginda.

Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako buruarekin batera izan dira Mahaiko kide Zelai Amenabarro, Jesus Zaballos eta Jorge Mota, eta alderdi guztietako batzarkideak, besteak beste, Maddalen Iriarte, EH Bilduren bozeramailea; Maria Eugenia Arrizabalaga, EAJrena; Alberto Albistegi, PSOErena; PPko Iñigo Manrique eta Elkarrekin Gipuzkoako Miren Etxebeste. Foru Aldundiaren ordezkaritza Mendoza diputatu nagusiak eta foru gobernuko lau diputatuk osatu dute: Irune Berasaluze Gobernantzakoak eta bozeramaleak, Felix Urkola, Bide Azpiegituretako diputatuak, Xabier Arruti, Lurralde Oreka Berdekoak, eta Goizane Alvarez, Kulturakoak.