Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Euskal Herriko ekintzaileak Global Sumud Flotillara batuko dira Gazaren alde

Gasteizen egindako agerraldian, Gazarako Mugimendu Globala Euskal Herria taldeko ordezkariek iragarri dute Global Sumud Flotillan parte hartuko dutela. Ekimenaren helburua «Israelen blokeoa haustea eta genozidioa salatzea» da, Bartzelonatik abiatuko den itsas bidaia baten bidez.

Abuztuaren 31n hainbat itsasontzi abiatuko dira Bartzelonatik Gazara. Euskal Herriko ordezkaritzako kideek eta 44 herrialde baino gehiagotako -Global Samud Flotilla- ko kideek parte hartuko duten nazioarteko ekimena da
Abuztuaren 31n hainbat itsasontzi abiatuko dira Bartzelonatik Gazara. Euskal Herriko ordezkaritzako kideek eta 44 herrialde baino gehiagotako -Global Samud Flotilla- ko kideek parte hartuko duten nazioarteko ekimena da (Endika PORTILLO | FOKU)

Eskoriatza-Eskibel jauregiaren begiradapean, kufiyaz eta bandera palestinarrez hornituta, Gazarako Mugimendu Globala Euskal Herria taldeko ordezkariek iragarri dute astelehen honetan Global Sumud Flotillan parte hartuko dutela. Ekimenaren helburua da «Israelen blokeoa haustea eta genozidioa salatzea», Zerrendara iristeko prestatutako itsas bidaia baten bidez.

Ontzidia hilaren 31n abiatuko da Bartzelonatik. Euskal Herritik lau kide parte hartuko dute, eta bi autobus joango dira beste guztiei ere agur eta babesa ematera.

Ekainean, Rafahko pasabidera heltzeko egindako saiakera hutsaren ondoren, March to Gaza ekimenak norabidea aldatu behar izan du. Orain, itsasoz egingo dute bidea. Zibilek gidatutako flotillak helburu argia du: «Elkartasuna adieraztea eta munduko gobernuen pasibotasuna salatzea», adierazi dute antolatzaileek.

Ekintza nagusiarekin batera, hainbat jarduera egingo dira Euskal Herrian. Erakundearen esanetan, helburua ekintzek «konpromiso kolektibo eta jarraitua» erakustea, eta, aldi berean, genozidioa sustatzen duten produktu, enpresa eta erakunde guztien aurkako boikot deia zabaltzea da.

Ekimen nagusien artean itsas-martxa eta baraualdia nabarmendu dituzte. Lehenak Euskal Herriko ontziak bildu nahi ditu, Santurtzitik Itsas-Museumeraino nabigatzeko, Gazarekiko elkartasunez. Bigarrenak, berriz, genozidioa eta gosetea salatuko ditu, astelehenean hasita hilaren 29ra arte luzatuko den baraualdi baten bidez. Beste jarduera batzuk ere aurreikusi dituzte, hala nola Tutera eta Hendaia arteko martxa edo Espainako Itzuliari egindako boikota, bertan Israelgo talde bat gonbidatua izan delako.

Ekitaldia «Palestina askatu!» eta «Boikot Israel!» oihu artean amaitu da. Antolatzaileek gogorarazi dute palestinarren ahotsa entzun gabe jarraitzen dutela munduko gobernu gehienek.