Erreportajea
Bidaiak etxetik
Tbilisi, alaia, dinamikoa eta abegikorra

Tbilisi edo Tiflis, Georgiako hiriburua, ez da oso turistikoa. Oraindik, ez. Akaso, horrexegatik liluratzen du bisitaria, bat-batean hiri alaia, dinamikoa eta abegikorra aurkitzen duelako. Bertan harmoniaz bizi dira meskitak, elizak, sinagogak, eraikin modernoak eta egurrezko balkoi deigarriak dituzten kolore biziko etxe zaharkituak. Zetaren Ibilbideko merkataritza-gune oparoa izan zen hiriaren historia luze eta korapilatsuaren seinale.

Eguzki AGIRREZABALAGA|2020/03/27
Tsminda_sameba
Tsminda Sameba katedrala.

Ekialde eta Mendebaldearen artean estrategikoki kokatutako hiriaren bisita Leninen Plaza zaharrean has daiteke. Gaur, Askatasunaren Plaza da. Rustaveli etorbidetik –hiriko garrantzitsuena– aurrera egin ahala, honako eraikin hauek aurkituko ditu bisitariak bidean: Georgiako Museo Nazionala, Opera Jauregia eta Arte Ederretako Museoa, egun Pirosmaniren artelanik onenak biltzen dituena. Prospero's kafetegi-liburudenda ezaguna ere inguruan dago.

Handik oso gertu, Shavteli kalea dago; hori ere jendetsua eta zenbait geldialdi egiteko aproposa: Patriarchate –Georgiako Aita Santuaren jauregia–, Anchiskhati Basilika –fresko zoragarriak dituen XVI. mendeko tenplua– eta Erlojuaren Dorrea, Gabriadze antzokiaren ondoan. Azken hori ezaguna da, batez ere, eskaintzen dituen txotxongilo ikuskizunengatik.

Kala, kale-labirinto erakargarria

Behin hara iritsita, alde zaharreko kale-labirintoan galtzea aholkatzen dute. Kala da hiri zaharraren erdigunea. Georgiako historia gogorarzten duten eliza, museo eta landarez betetako etxe okertu eta koloretsuez josita dago. Seguruenik, konturatu gabe, Kote Abkhazira iritsiko da bisitaria; hau da, Ardogileen kalera. Sinagoga Handia eta Siongo eliza ere bertan dira.

Samebako katedrala izan liteke ibilbidearen hurrengo geldialdia. San Elijah tontorrean dago eta hiriko edozein txokotatik ikus daiteke, 78 metroko altuera baitu. Gainera, 15.000 lagun har ditzake.

Beste aukera izan liteke funikularrean Mtatsminda mendira igotzea. Batzuk jolas-parkera joaten dira zuzenean, baina beste batzuek, berriz, nahiago dute hiriaren panoramikaz gozatu bertako begiratokitik: pisu bloke erraldoiak, etxetxoen auzoen, gotorleku hondatuen eta ermita bakartien ondoan. Kaukaso Handiaren inguruak ere ikus daitezke txoko berezi horretatik.

Narikalako gotorlekutik Lorategi Botanikora

Mendi-tontorra baso artean zeharkatzen duen bidezidorretik sartzen denak Kartvlis Deba edo Georgiako Amaren metalezko estatua ikusi ahal izango du; baita Narikalako mogol gotorlekua ere, hiriko milaka urteko historiaren lekuko isila izan dena. Behin hara iritsita, bi aukera daude: batetik, oinez itzuli eta bidean ikusi Tbilisi Jumah meskita –otomandarrek eraikia eta azken 300 urteetan hiru aldiz suntsitua eta berreraikia–; edo, bestetik, tirolinaz jaitsi Lorategi Botanikoraino. Kaukasoko handiena da eta, zalantzarik gabe, atsedena hartzeko gunerik egokienetakoa. Noski, baita indarrak berritzeko txoko aproposa ere; eta are gehiago bertako menua aukeratzen bada: pkhali (barazki), khachapuri (gaztaz betetako ogia) eta khinkalis (haragi xehatuzko pintxoak). Eta, zer esanik ez, plater guztiak chachaz bustitzen badira; alegia, mahatsez edo beste fruta batzuez destilatutako pattarraz.

Eta, behin indarrak berrituta, Meidan izan liteke hurrengo helmuga, plaza horretatik zeharkatzen baita Kura ibaia Metekhira iristeko. Kura Kaukasoko mendien hegoaldean jaio eta, Turkia, Georgia eta Azerbaijanetik igaro ondoren, azkenik, Kaspiar itsasoan itsasoratzen da. Ibaiaz bestaldeko irudia erakargarria da, benetan, koloretako etxeak amildegitik zintzilik agertzen direlako, bata bestearen gainean, egurrezko balkoi deigarriekin. Gainera, hantxe dago Rike parkea, batez ere ilunabarraz gozatzeko leku aproposa.

Bakearen Zubia eta ur sulfurosoen bainuak

Halaber, hortxe dago Bakearen Zubia, altzairuzko eta beirazko oinezkoentzako pasabide jendetsu eta modernoa. Tbilisi zaharra barruti berriarekin lotu nahi du. Gainera, inguruan, Kuraren ertzean, diseinu ikusgarria duen beste eraikina ikus daiteke: Fuksas estudioa. Lore forma duen estalki txundigarri eta erraldoiak erakartzen du, bereziki, bisitarien arreta.



Honenbestez, amaierarako utz daiteke Abanotubani, hiriko auzo zaharberrituena. Ezaguna da, batez ere, ur sulfurosoen bainuengatik. Hiriaren erakargarritasun nagusi bihurtu ziren Zetaren Ibilbidearen garairik gorenean. Garai haietan, 63 bainu zeuden; gaur, aldiz, bost baino ez dira gelditzen. Dena dela, horietako edozeinetan bainu lasaigarria hartzea aukera ezin hobea izan liteke Tiflisiri behar bezala agur esateko. Gainera, batzuek diote hiriaren izena, hain zuzen ere, lurraren erraietatik datozen iturburu naturaletatik datorrela. Horregatik esaten omen diote ‘Ur beroen hiria’.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK

 

 

NAIZ
Loading player...


Koronabirusaren krisiak kaltetutako taldeei laguntza ekonomikoa eman eta euskal musikaren industria babestu eta kulturari egiten dion ekarpena balioan jarri nahi du NAIZ Kontzertuak ekimenak.

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik.