Khaled Desouki (AFP)

SS Sudan, Agatha Christieren espiritua

Agatha Christieren arrastoaren atzetik dabiltzan turistez betetzen da SS Sudan gurutzaontzia Nilon. Izan ere, ‘krimenaren erreginak’ bertan idatzi zituen Hercules Poiroten abenturarik ospetsuenaren lehen kapituluak eta, gainera, istorioa ere bertan kokatu zuen.

SS Sudan, Niloko gurutzaontzi dotorea.
SS Sudan, Niloko gurutzaontzi dotorea.

SS Sudan, Niloko gurutzaontzi dotorea, Agatha Christie idazlearen arrastoaren atzetik dabil, beste behin ere. 1885ean errege-familia egiptoarrarentzat eraikia, 1921ean gurutzaontzi bihurtu zuten eta, 1933an, Christie eta haren bigarren senarra, Max Mallowan arkeologoa, hartu zituen bere barruan. Mende batean zehar Nilo ibaiko ur geldoak zeharkatu ondoren, polizia-nobela egile ospetsu honen arrastoaren atzetik dabiltzan turistak erakartzen jarraitzen du. Eta nola, gainera.

Egiptoko hegoaldean kokatutako Aswan hirik portuan, zurezko belaontzi tradizionalen artean nabarmentzen da SS Sudan-en silueta dotorea. 30eko hamarkadaren hasieran, ‘krimenaren erreginak’, senarrarekin egindako opor egun batzuetan, Hercules Poiroten abenturarik ospetsuenaren lehen kapituluak gurutzaontzi honetan idatzi zituen, baita istorioa bertan kokatu ere. ‘Death on the Nile’ polizia-generoko eleberri klasikoari buruz ari gara, non detektibe belgikarra, Nilon nabigatzen ari direla, bidaiari dirudunen hilketa batzuk ikertzen hasten den.

1933an, SS Sudan-ek britainiar nobelagilea hartu zuen barruan, bigarren senarrarekin, Max Mallowan arkeologoarekin, batera. Amir Attiak itsas bidaiaren zuzendariaren, esanetan, itsasontziko 23 gelen eta suiteen artean, bikotearen gela da gaur egungo turisten arreta gehien jasotzen duena. Oraingo bidaiariek Christiek egin zuen ibilbide bera egiten dute, leku arkeologiko berberetan gelditu... baina gauza batzuk aldatu dira, transatlantikoak orain dieselarekin eta eguzkienergiarekin funtzionatzen baitu, ikatzaren ordez.

Zortzi eguneko luxuzko bidaia da eta bi hotel historikotan egonaldia egiten da. Guztira, 67 zerbitzari, bidaiarien esanetara. Zenbat balio duen horrek guztiak? Bidaiari bakoitzeko 4.000 euro inguru. Halere, Christieren kabinan gelditzeko itxaron-zerrenda luzea dago: «Bi urte arteko epea duten erreserba-eskaerak ditugu», kontatu du Attiakek.

Egiptoko turismoan eragin handia izan dute covid-19aren murriztapenek, 2019tik 2020ra bitartean bost aldiz diru-sarrera gutxiago izan baitute, baina ontziko langileek diote pandemiak ez duela ontzi historikoa hondoratuko. Attiaken esanetan, «Egipto ez da inoiz agortuko turismo-leku gisa».

Egia esan, aurretik SS Sudan-ek krisi garaiak bizi izan ditu. Bigarren Mundu Gerraren ondorengo hamarkadetan abandonatuta egon zen, eta 1991n erreskatatu eta berregokitu egin zuten. Urte batzuetan berriz utzita egon zen, eta 2000. urteaz geroztik Nilon barrena dabil. Iaz, lehorreratuta egon zen portuan, baina osasun-arauek baimendu zuten bezain laster hasi zen lanean.

«SS Sudan izan zen urrian turismoan berriro lanean hasi zen lehen gurutzaontzia», dio Attiak. «Berehala jaso genituen erreserbak... eta, pentsa, batzuk baztertu egin behar izan genituen overbookinga dugulako». Pandemia osteko susperraldi baten esperantza dugu Egipton. Agatha Christiek berriro “magia” egingo duela uste dute, bisitari berriak erakartzeko. Kenneth Branagh zinema zuzendari eta protagonista duen aurrekontu handiko zinemarako bertsioa filmatu du Hollywoodek, Annette Bening, Russell Brand eta Gal Gadot izarrekin. Estreinaldia 2021. urte amaierarako dago aurreikusia eta Christieren “Murder on the Orient Express” nobelaren jarraipena da.

Gu gurutzaontziaren azken geltokian gaude, Old Cataract hotelean. Winston Churchillek eta Naguib Mahfouz idazle egiptoar handiak egin zuten lo hemen. Inguru hau historiaz blai dago.