Xavier Moret (Argazkiak: Alfons Rodriguez)

Osa penintsula, Pazifiko aldeko Costa Rica berezi eta erakargarria

Nahiz eta txikia izan (herrialdearen azalera 51.000 kilometro koadrokoa da), Costa Ricak bidaia baterako baino gehiagorako ematen du. Erreportaje honetan, baina, Pazifikoko aldeari helduko diogu, eta bereziki, Osa penintsulari.

Koronabirusaren pandemiak gutxien eragin dion Latinoamerikako herrialdeetako bat da Osa penintsula.
Marino Ballena parkeko Balearen Buztana ospetsuaren ikuspegia.

Costa Rica Erdialdeko Amerikako herrialde txiki bat da, natura ikusgarria eta kontraste handiak dituena. Batetik, karibetar kostaldearen edertasuna dugu, Tortuguero eta Limón toki nabarmenenekin; erdialdean, sumendi kate eta parke nazionalak, eta beste muturrean, Pazifikoko kostaldea. Beraz, aberatsa eta anitza da. Hala ere, orain Pazifikoko aldeari helduko diogu, eta bereziki, Osa penintsulari.

Koronabirusaren pandemiak gutxien eragin dion Latinoamerikako herrialdeetako bat da, baina egoera aldakorra da eta, nahiz eta zenbaki txikiak dituen eta kontrol neurriak ezarri dituzten, uda hasieratik izan den kutsatze kopuruaren hazkundeak kezka eragin du. Hala ere, Nazio Batuen Erakundearen eta Osasunaren Mundu Erakundearen aitorpena jaso du herrialdeak pandemiaren kudeaketa ona dela-eta. Costa Ricako hiriburu San Josétik 40 minutuko hegaldian iritsiko gara Puerto Jiménezera, penintsula honetako hiririk handienera, non natura beste guztiari gailentzen zaion, hondartza bakartiekin eta Corcovadokoa bezalako parke nazional zoragarriekin.

Puerto Jiménezen sekulako hezetasunak egin digu harrera. Izerdiak bustita dugu kamiseta eta zerumugan palmondoak dira nagusi. Aireportu ondoan, hilerrian erabateko lasaitasuna topatu dugu. «Lotaratuen auzo» esaten diote ironiaz, «isilen auzo».

Osan egin daitekeen onena, iritsi berritan behintzat, bertako tabernaren batean esertzea da; esaterako, Doña Dora-n edota Helen’s-en, gallo pinto bat jateko (Costa Ricako espezialitatea) edota kafe bat edo zuku bat hartzeko, herrialdeak eskaintzen dituen aukera guztiez ohartzen garen bitartean. Aukeretako bat Golfo Dulceko kostaldera joatea da; itsaso itxi eta hondartza zoragarriak ditu, giro lasaia eta olatu otzandu samarrak. Palmondo ugariak, zuhaitz handiak, nagiak, iguanak, lapa gorriak, tximuak eta beste animalia batzuk arduratzen dira bidaia animatzeaz.

Osa penintsulako brankan dagoen Matapalo lurmuturrerako bidean hainbat hondartza daude, Playa Preciosa, Playa Blanca, Playa Sándalo eta Playa Colibrí, bata bestearen atzetik; hondartza bakartiak, ur-jauzi ezkutuak eta giro exotikoa. Matapalo ondoan, hondartzatik oso gertu, Casa Verde delakoa dago, Floridan bizi den iparramerikar baten jabetzakoa, eta eguneko alokatzen duena.

«Iparramerikar asko etortzen dira hona urtero hilabete batzuk pasatzera», esan digu Carlosek, etxeko zaindariak. «Hurbil geratzen zaie, eta Estatu Batuetan baino askoz hobea da klima. Ni hemendik hurbil jaio nintzen, eta, atzerrira joan naizen arren, uste dut paradisu paregabea dela kosta hau».

Carlosek mendiko txerriei, basurdeei, buruz hitz egin digu, menditik jaisten direla eta uztak txikitzen dituztela. Pumei buruz ere hitz egin digu. Puma asko geratzen ez diren arren, noizean behin ateratzen dira, Osa penintsula naturak ia beti harrituko gaituen lekua dela gogorarazteko.

Parke barruan

Corcovado Parke Nazionala da Osa penintsulako beste harribitxietako bat, oraindik masa-turismoa iritsi ez den lekua. 1975ean sortu zen, 40.000 hektarea baino gehiago ditu, eta fauna eta landaretza pribilegiatuak. Bertan bizi dira ere zenbait orero, ezkutuko urre-bilatzaileak, basoa suntsitzen dutenak, zortea izango duten itxaropenak bultzatuta. Rangerrak haiek harrapatzen saiatzen dira, baina oreroek ondo ezagutzen dute eremua eta atxilotu aurretik alde egiten dute.

Ifigenia San Josen jaiotako ekologista bat da, eta hamazazpi urte daramatza Osan. Corcovadorako bisita egiten lagundu dit. «Nik Biologia ikasi nuen San Josen, baina pistolekin egindako eraso baten ondoren, Osa penintsulara etortzea erabaki nuen», esan dit. «Orain turismo arduratsuko enpresa bat daukat, Osa Wild, eta nire lehentasuna Costa Ricako zati honen izaerari eustea da. Urbanizazio handia egin nahi izan zuten, Marina de Puerto Dulce, baina zorionez gelditzea lortu genuen». «Ustelkeria arriskutsua da», gehitu du. «Pazifikoko kostaldean, Gaunacaste eta Manuel Antonio Parke Nazionalean ikusi dugu hori, han gehiegi eraiki baita. Osan, ordea, oraindik garaiz gaude geldiarazteko».

Costa Ricako Gobernuak politika alderraia egin du Osan. 80ko hamarkadan deforestatzeko eta ganadua sartzeko laguntzak eman zituen, baina 90eko hamarkadaren amaieran zuhaitzak landatzea sustatu zuen. Kontraesana.
Corcovado parkean, zorionez, itsaso ondoko oihan eder bat babestea lortu da. Bertan tximino, guakamaio eta pizote ugari daude. Tapireak, pumak eta jaguarrak, ordea, ez dira hainbeste ikusten.

Oihanaren erdian, Tropikoko hezetasunak jandako ur-ponpa handi batek atentzioa ematen du. Duela urte asko abandonatu zuten urrea bilatzen zuten kanadar batzuek. Pixka bat harago, Madrigal ibaian, Álvaro Montoya gidari beteranoak hau kontatu digu: «Orain dela 35 urte etorri nintzen hona lehen aldiz, aitari laguntzera, oreroei gazta saltzera. Ni umea nintzen, eta gogoan dut aitak beti esaten zidala inoiz ez nendila urre bila hasi, diru madarikatua zelako. Lur hauek sakon bizi izan ditut, eta orain oso harro nago babesten laguntzeaz».

«Orero» zaharrak

Osan oreroei buruzko istorio asko kontatzen dira. 70eko hamarkadaren erdialdeaz geroztik debekatuta dago penintsulan urrea bilatzea, baina lehen hainbat herrialdetatik jende asko etortzen zen aberasteko asmoz, eta gaur egun oraindik ere badira basoetan sartzen diren isilpekoak, milioiak emango dizkien pipita bat aurkitu nahian.

Egun, orero zahar horietako batzuek tour-ak egiten dituzte urre bideetan barrena. Juan Cubillok 56 urte ditu eta Rancho Quemado inguruko lursail batean bizi da emaztearekin eta lau seme-alabekin. «27 urte nituela iritsi nintzen hona –esan digu– eta 25 urtean orero lanetan aritu nintzen. 70eko hamarkadan urre bilatzaile asko etorri ziren hona. Egunean hiru kilo ere atera zitzaketen. Gaur egun, ordea, debekatuta dago eta niretzat benetako urrea mendi berdeak dira. Landatzen edo salbatzen dugun zuhaitz bakoitzak lur hori hobetzen laguntzen du».

Juanek inguruko basoan barrena aurrera egiten duen uhar batera ekarri gaitu. Han, ordubete inguru egon gara, pala, erretilu eta bahearekin lanean, garai batean oreroek egiten zuten bezala. Urrea aurkitu dugu, oso gutxi, baina hunkigarria da aleak harea beltz artean dirdir ikustea. Itzultzean, ekaitz izugarri batek ulertarazi digu zein gogorra izango zen oreroaren bizitza.

Cizia Zyke abenturazale frantsesak, Marokon jaioa eta aita albaniarra zuenak, “Urrea” eleberrian azaldu zuen nola bizi izan zen orero gisa denboraldi batez penintsula horretan. Oihanean sartu zen, gerrikoan pistola zeramala, Osa-k Far West-a zirudien garai batean. Bizitza abenturazalea izan zuen, neurri batean ondo atera zena. Urrea bilatzen hasi ziren lehenak, ordea, diquis indiarrak izan ziren. Konkistaren aurretik, urregintza oso fina eta granitozko esfera misteriotsu batzuk egiten zituzten, eta gaur egun oraindik ere Drake badiatik gertu ikus daitezke.

Ez oso urrun, kostaldeko mendian, boruca komunitatea arbasoekin konektatzen saiatzen da. Ulises izeneko indiar batek kontatu dit: «Ni hemen jaio nintzen 1965ean. Gogoan dut umetan ez zegoela argirik, dena basoa zen eta ibaia garbi zegoen. 13 urte nituela, izan nituen nire lehen zapatak. Udan iguanak eta iguana arrautzak jaten genituen, eta ehizara ateratzen ginen. Baina 1984an iritsi zen elektrizitatea, eta dena aldatu zen. Indigenei ez zieten inoiz galdetu zer nahi zuten. Inposatu egin zitzaien».

Iraganarekin lotzeko asmoz, Ulisesek tenplu moduko bat eraiki du mendiaren goialdean. Han erritu indigenak egiten ditu, egurrezko maskarak lantzen ditu eta bisitariei sendabelarrak ezagutzen laguntzen die. «Naturan dena dago», dio. «Orain lursaila basoberritzen ari naiz bizirik mantentzeko».

Aitzindariei buruzko istorioak

Puerto Jiménezen astiro pasatzen dira orduak. Nahikoa da taberna batean esertzea, norbait aitzindarien istorioak kontatzen hasteko, bai oreroei buruzkoak, bai beste esparru batzuetakoak, zeintzuk errealismo magiko estiloko nobela batetik irtenak diruditen.

«Jimmy izeneko gazte iparramerikar bat zebilen hemen», hasi da kontatzen Don Marcos. «Istripua izan zuen kostaldeko errepidean, eta ibaian botata aurkitu nuen. Laguntzera jaitsi nintzenean, esan zidan: ‘Errua elefanteena da, Don Marcos. Ama elefante bat zubi batetik pasatzen ari zen kumearekin, eta bolante-kolpea eman behar izan dut baby gaixoa ez harrapatzeko’».

Don Marcosek Costa Rican elefanterik ez dagoela gogorarazi zionean, Jimmyk ero begiekin begiratu eta esan zion: «Baina nik ikusi ditut...». Biharamunean argitu zen dena, gorputza oraindik minberatuta zuela, Jimmyk onddo psikodelikoak hartu zituela onartu eta agian ez zuela autoa hartu behar esan zionean.

«Ipar Amerikako gazte asko onddo horien bila etortzen dira –jarraitu zuen Don Marcosek–. Baina aurkitu dudan kasurik arraroena 18 urteko neska batena da, apo bat txupatzen hasi baitzen kalean». Apoa? «Bai, bai, zapo handietako bat. Antza denez, zirikatzen dituzunean substantzia haluzinogeno bat jaurtiz defendatzen dute euren burua. Txupatzen dituenak, begitazio arraroak izaten omen ditu. Eta neska hori hain geratu zen zintzilik, ezen gurasoei jakinarazi behar izan baikenien, eta Estatu Batuetatik etorri ziren alaba jasotzera».

Laburbilduz, Osan kontatzen diren istorioak dira, Costa Ricatik kanpo bizi dela dirudien Costa Ricako penintsulan. Penintsulatik eta Sierpe ibaitik harago, ordea, Baleen Itsas Parke Nazionalean, hondartzen eta inguruen edertasunak Costa Ricaren xarma aldarrikatu du berriro. Herrialde horretan, abenturarako aukerek ez dute mugarik.