Oliver Matthews (Efe)

Aplikazio digital bat, Afrikako hizkuntzak hedatzeko

Chido Dzinotyiwei eta Dorcas Kwaramba zimbabwetarrek aplikazio digital bat jarri dute martxan Afrikako hizkuntzak irakasteko eta kontinenteko ondare linguistikoa babesteko.

Emakume bat smartphone bat erabiltzen.
Emakume bat smartphone bat erabiltzen. (Pexels | EUROPA PRESS)

Zimbabweko Chido Dzinotyiweik eta Dorcas Kwarambak ‘Vambo Academy’ aplikazio digitala jarri dute martxan. Aplikazioaren bidez, erabiltzaileek Afrikako hizkuntza desberdinak ikasi ditzakete kontinenteko ondare linguistikoa babestuz.

Dzinotyiweik azaldu duenez, proiektua «frustrazio» batetik sortu zen. Izan ere, 25 urteko zimbabwetarrak zazpi urterekin emigratu zuen Hegoafrikara bere familiarekin batera. Ondorioz, Hegoafrikan ingelesez eta zulueraz mintzatuz hazi zen, baina, urteen poderioz, bere ama hizkuntzan, shoneraz, hitz egiteko gaitasuna galdu zuen.

Alabaina, shonera Zimbabweko biztanle gehienek, 15 milioi pertsona inguruk, erabiltzen dute. Hori horrela, Dzinotyiwei bere Zimbabweko familia bisitatzera joaten zenean, ezin zen bere senideekin komunikatu. «Etxera itzultzen nintzenean, ezin nuen nire lehengusuekin hitz egin», azaldu du Lurmutur hirian hararez eskainitako elkarrizketa batean.

«Nire kulturaren eta identitatearen zati bat galtzen ari nintzela ikusteak bereziki frustratu ninduen», azpimarratu du.

Testuinguru honetan, Dzinotyiweik eta bere lagun Kwarambak ‘Vambo Academy’ aplikazioa jaurti zuten, hizkuntza afrikarrak online ikasteko erreminta gisa.

Sustraiekin bat

‘Vambo’ hitzak jatorria esan nahi du shoneraz, eta diasporan bizi diren pertsona askok beraien sustrai kultural eta linguistikoekin bat egiteko sentitzen duten beharrizanari erantzuten dio. Hortik dator aplikazioa ‘Vambo Academy’ izendatzeko hautua.

Shonera eta ndebeleraz gain, zeinak Zimbabweko hizkuntza erabilienak diren, plataforma digitalak Hegoafrikan, Lesothon eta Eswatinin hitz egiten diren beste hamar hizkuntza irakasten ditu. Dzinotyiweik zehaztu duenez, aplikazioa hegoafrikarrei zuzenduta badago ere, berak eta bere lantaldeak Zimbabweko hizkuntza gehiago gehitu nahiko lituzkete plataformara, tongera eta nambyera kasu.

Dzinotyiwei eta bere taldearen helburua ‘Duolingo’, ‘Memrise’ eta ‘Babbel’ aplikazioen antzeko app bat sortzea da, ahalik eta pertsona gehienek bertara sarbidea izate aldera. Hala ere, gaur-gaurkoz aplikazio hauek eskaintzen ez duten baliabide bat du ‘Vambo Academy’-k: klase partikularrak. Hau da, elkarrekintza guztia robot batekin izan ordez, ikasleek mintzapraktikak egin ditzakete hiztun natiboekin.

«Ez da kontu automatizatu bat bakarrik. Egiatan, hitzordu [birtual] bat eskatu dezakezu tutore natibo batekin ikasten ari zaren hizkuntzaren inguruko ñabardurez edo ikasi nahi duzun zerbaitez hitz egiteko», azaldu du Dzinotyiweik.

Dzinotyiweirentzat garrantzitsua da tokian tokiko historia, bere aburuz, hizkuntza batean trebatzea berbak edo agurrak buruz ikastea baino askoz gehiago baita: «Orain, hizkuntza bat ikasten dudanean, agurrak eta oinarriak ikasten hasi baino lehen, herri horretako pertsonen historia irakurri behar dut nondik datozen eta gaur non dauden ulertzeko».

Tjwaoeraren hamar hiztunak

«Aplikazio on bat eta erabiltzeko erraza da», ebatzi du Davy Ndlovuk, Zimbabweko eskubide kultural eta linguistikoen aldeko aktibistak.

Urte askotan zehar, Ndlovuk Tsholotsho san gutxiengo etnikoaren eskubideak defendatu ditu, Zimbabweko hegoaldean. Bertan, santarrek hitz egiten duten tjwao hizkuntza desagertze bidean dago, egun, hamar lagunek baino ez baitute tjwaoeraz hitz egiten.

Ndlovuk, 57 urteko gizonak, tjwaoera erabat menperatzen ez duen arren, lengoaiaren hiztun gazteena kontsideratzen da, eta, bere ustez, analfabetismoa da hizkuntzaren transmisioa oztopatzen duen faktoreetako bat: «Tjwaoeraren irakaskuntzaren erronka nagusienetako bat hizlariak idazteko eta irakurtzeko gai ez direla da. Beraz, ahozko metodologia erabiliz soilik irakatsi dezakete. Aplikazio honek gure arazoetako batzuk konponduko lituzke».

Dzinotyiweinek sostengatu duenez, hizkuntzek arazo sozial eta ekonomikoak konpontzeko eta kontinente osoan zehar enpresak zabaltzeko balio dezakete.

«Hizkuntzarik gabe, zerbitzuak eskaini nahian gabiltzan afrikarrekin komunikatzeko gaitasunik gabe, zailagoa bihurtzen da arazoak konpontzea. Nire hizkuntzekiko pasioa Afrikarekiko dudan pasiotik dator», ondorioztatu du Dzinotyiweinek.