Oihana Azkue
Elkarrizketa
Gari
Musikaria

«Lan hau bizi dudan momentuaren isla da»

‘Behin bizitzea’ (Elkar) diskoa argitaratu berritan, Adunako Elkar estudioetan hartu gaitu Garik. Sosegua darie kantuei, eta soseguz ari da musikaria ere, diskoa berak bizi duen une bitalaren erretratua da eta. Doinuak Garirenak berarenak dira, eta laguntzaile bikainak izan ditu hitzak osatzeko.

‘Behin bizitzea’ da Gariren lan berria.
‘Behin bizitzea’ da Gariren lan berria. (Gorka RUBIO | FOKU)

Behin bizitzea, batzuentzat nahi baino nekezagoa, besteentzat nahi baino laburragoa. Baina motz edo labur, bizitza bakarra da, eta bizitza hori istantez istant modu kontzientean bizitzea gure buruari egin diezaiokegun aitortza egiazkoena da, beharbada.

Horretan jarri du bere ahalegina Garik azken urteetan. Galerak izaten dira bizitza honetan, inflexio puntuetara eramaten gaituzten gertakariak, eta hala izan da legazpiarraren kasuan ere: amaren heriotzak eraman du bere bizimoduari buruz hausnartzera, egunerokoaren gurpil zorotik atera eta soseguz benetan merezi duten gauzei eta istantei lekua egitera.

Ahalegin horren emaitza da neurri handi batean ‘Behin bizitzea’ (Elkar). Zazpi abestik osatzen dute diskoa, eta abeslariak bizi duen une bitalaren erakusgarri, soseguzko barrurako begirada bat da. Doinuak Garirenak berarenak, hitzak Karmele Jaio, Iñigo Astiz, Jon Benito eta Txuma Murugarrenenak.

Elkarrek Adunan duen estudio berrian. (Gorka RUBIO / FOKU)

‘Behin Bizitzea’ nahikoa da, edo behin bizitzea ere zaila da; nondik dator «behin bizitzea» hori?

Nire kasuan, bizitza bakarra dela kontuan izanda, bizitza bakar batean hainbat bizitza bizi izan ditut. Denetarik pasatakoa naiz. Eta oraingoan disko honetan askoz modu argitsuagoan azaltzen naiz. Baina batik bat nahi dut azpimarratu bizitzak badituela ikuspegi ezberdinak eta forma ezberdinak, baina ezin dela ahaztu bizitza bizitzea. Disko honetan azaltzen dira hainbat gogoeta bizitzari eta maitasunari buruzkoak. Baliteke disko hau maitasunari buruzko ‘kantzionero’ bat izatea ere. Baina egunerokoan sortzen diren gogoetak eta kritikak dira diskoaren mamia.

2022an zuzeneko diskoa atera zenuenean, inflexio puntu bat izan zela aipatu zenuen… Disko hau ordutik ona abiatutako bide berriaren isla al da?

Zuzeneko disko bat inflexio puntu bat izan ohi da. Ohiko portu batean amaitzea da, hortik ibilbide berri bat hasteko. Disko hau ere horrela izan da. Gogo handia nuen kantu hauek jasotzeko: 2021ean hasi nintzen disko honetan lanean, eta ibilbidea abentura bat izan da. Banuen ‘A plan’ bat 2021ean, eta azkenean 2024an kaleratzen dut, ‘C plan’ bat gauzatu ondoren... Bizitza ere nire kasuan horrelakoa da, ez diot eusten ezeri, baina guztiari eusten diot aldi berean… Ez ditut ideia finkoak, intuizioaren eraginez noa bizitza bizitzen eta bizitzak emandako aukerak aprobetxatzen, nahiz eta hasiera batean ez izan horiek asmoak.

Eta zein zen, bada, hastapeneko ‘A plan’ hori?

Diskoan azaltzen da zein asmo izan nuen. Ibilbide honetan gauza asko gertatu dira, batzuek nire egunerokoa aldatu dute onerako. Ama galdu dut esate baterako, eta horri lotuta gogoeta batzuk sortu dira, non galdetu diodan nire buruari merezi ote duen bizi dudan bizimodua mantentzeak. Horrekin lotura asko du diskoak. ‘A plan’ horretatik zer geratzen den? Ezer ez eta dena… azken batean, ez zen ‘C planik’ izango ‘A plan’ hura izan ez balitz. Guztia lotuta dago. Baina nolabait mantentzen du abenturaren ukitu hori, ez dakit bihurgunearen ostean zer topatuko dudan, baina horrek indar extra bat ematen dit jakiteko hurrengoan zer topatuko ote dudan.

Zazpi kantu jaso dituzu diskoan; doinuak zureak dira, hitzak eskatu egin dituzu, eta ez edonori gainera…

Harremanak ezberdinak izaten dira, ez dago plangintza zehatz bat. Kasu honetan, egile batzuekin harreman estua nuen orain artean ere, eta ate hori irekita zegoen. Beste kasu bat izan da Karmele Jaio eta Txuma Murugarrenen kasua, beraiekin lehenengo aldiz egin dut lan. Asko maite dut Jaioren literaturgintza, eta asko maite dut Txuma Murugarren musikari eta abeslari bezala ere, plazer bat izan da biekin lan egitea.

Oso modu ezberdinean, Karmelerekin harremana beste modu batekoa izan da. Testu batzuk eskatu nizkion, baina ez nuen asmatzen hauek doinuz janzten. Beste gauza bat egin zezan eskatu nion eta, testu hau irakurtzean, doinuak bat-batean agertu ziren, gitarra hartu eta berehala idatzi nuen lehen zirriborroa.

Txumarekin Mutrikuko portuan elkartu nintzen, han hasi ginen berak idatzitako hitz batzuen gainean lan egiten, moldaketa batzuk egiten. Gitarra akustikoa hartu eta segidan zirriborroa sortu zen. Nola? Ez dakizu, prozesu hori da inportantea eta polita, ze inoiz ez dakizu zer gertatuko den. Letra bat hartu eta doinua datorkizunean, gitarra hartu eta erregistratzen duzu telefonoan, eta galdetzen diozu zure buruari ea nondik irten den. Baina egia esan ez dut erantzunik.

Noraino da intuizioa, noraino ofizioa...

Hor magia bat sortzen da, zeren ofizioa bakarrik balitz edozein testurekin balio beharko luke, eta ez da horrela izaten. Beste ekuazio mota bat sortzen da hor.

«Ez ditut ideia finkoak, intuizioaren eraginez noa bizitza bizitzen eta bizitzak emandako aukerak aprobetxatzen, nahiz eta hasiera batean ez izan horiek asmoak»



Jon Benito eta Iñigo Astizen hitzak ere jaso dituzu. Iñigoren kasuan hiru abestiri jarri dizkio hitzak.

Iñigorekin harreman estua dut, Bilbon bizi baita bera ere. ‘Jurisprudentzia’ izan zen idatzi genuen lehen kanta. Gero ‘Bi hiritan’: erreferentzia egiten dio nolabait ni Legazpiarra izanik ere bilbotar peto-petoa izateari, dualtasun hori oso ondo islatzen du. Eta azkenik ‘Minik ez dago’ etorri zen.

Kuriosoa da lan berri bat aurkezten duzun orotan, azpimarra jartzen dela ‘bakarkako’ horretan. Baina 30 urte daramatzazu bakarkako bide horretan, beraz, beharbada urte gehiago daramatzazu Gari izaten, beste ezeren parte izaten baino.

Hor izan direlako besteak beste bizitza artistiko ezberdinak. Hamaika urtez proiektu erraldoi baten parte, eta hortik aurrera bakarkako bidean. Niretzat azpimarratu behar dena da, gehienbat disko berri honekin, sortze prozesuko magia horrek oraindik txunditzen eta bultzatzen nauela, eta horri eusten diot.

Bakarrik, baina ongi lagunduta. Maldanberan taldearekin, orain gainera berrikuntzekin hor ere…

Diskoa talde lana da, banda moduan lan egin dugu. Eta pasa den udatik Iker Lauroba gehitu zaigu, beraz, laukote izatetik boskote izatera igaro gara. Horrek sonoritate aldetik egonkortasun polita eman digu. Zuzenekoek ere asko irabazi dute. Oholtza gainean proiektu sendo bat defendatzen dugu.

Diskoa entzunda, ze sentsaziorekin geratu zara?

Zahartzen ari naizen seinale izango da, baina orain arteko lanetan beti ‘baino’ asko izan dira. Disko honetan bide osoan asko disfrutatu dut. Eta behin diskoa amaituta, etxeko sofan jarri eta entzutean ere, lehenengo aldiz sentsazio arraro bat izan dut, gustuko izatearena. Ikusi dut buruan nituen hainbat ideia oso ondo agertzen direla diskoan, lasaitasuna, argitasuna… Ni beti izan naiz oso ilunpean ibili den pertsonaia bat, nire doinuek ere izan dute horretatik, eta nahi nuen horretatik aldendu. Baita gizartean eta munduan dugun zarata horretatik ere, eremu lasaiagoetara jo nahi nuen, ez dudalako maite egun ikusten dudan giro hori. Bake bat sortu nahi nuen entzulerian.

Adunako Elkar estudio estreinatu berrietan egin dugu hitzordua. Zer moduzko esperientzia izan da hemen grabatzea?

Hemen pasatu ditugu bi aste. Lanaren aldetik gogorrak izan dira, proiektuan erabat sartuta ibili garelako. Hor sortu dira diskoan islatzen diren indarrak eta emozioak. Aipagarria izan da, inondik inora ere, Victor Sanchez teknikariaren laguntza, izugarria izan da egin duen lana.

Zuzenekoak ere abiatu dira. Martxoaren 21ean izan zenuten lehenengoa...

Bai, Donostiako Victoria Eugenian izan zen. Irrikaz gaude, zeren disko honek zuzenekoen planteamendua ere erabat aldatzen digu, beste tempo batzuetara garamatzalako. Errepertorioko kantu zaharrekin ez du zerikusirik, eta hori bereizi nahi izan dut. Horregatik, zuzenekoak bi zatitan banatuko ditugu. Lehenengoan, diskoa aurkeztuko dugu goitik behera, zeren atmosfera hori lortzea oso konplikatua da. Bigarren zatian, betiko errepertorioan sartuko gara. Apirilaren 18an, berriz, Bilboko Alondegiko Auditoriumean izango gara.