Angel Lasa

Eli Gorrotxategi: «Kalitate handiko belardiak dauzkagu Arabako eskualde honetan»

Ordiziako Txapelketa bitan irabazita daude; datorren irailera arte behintzat beren buruan daukate txapela. Ilarduiako La Leze gaztandegiko Eli Gorrotxategi, Jose Mari Jauregi, eta Arkaitz eta Gaizka semeak dira eliteko talde honen kideak. Altzaniako mendizerra ikusgarriaren pean hartu gaitu Elik.

Gazta ona egiteko faktore nagusia esnearen kalitatea da. Erremintak, prozesuak, teknikak… oso estandarizatuta daude jadanik gaztandegi guztietan, baina ardien elikaduran, belarrean batez ere, badira ezberdintasunak. Eta Arabako lurralde honetan larreak apartekoak dira, bai La Leze kokatzen den lautadan eta bai bizkarrean duen Altzania-Aizkorri mendilerroko magaletan ere.

Ez da bereziki handia Jauregi-Gorrotxategitarren artaldea, baina urtean 13.000 kilo gazta egiteko adina esne ematen du, besteak beste hobekuntza genetikoa aplikatzen ari zaielako ardiei. Eta nola ikasi zuen Elik gazta egiten? Ez behintzat etxean, aita gozogilea zuen eta. Baina Jose Mari gizonari beti gustatu izan zaizkio ardiak, eta duela hogeita hamar urte inguru fabrikako lana utzi eta artaldea osatzeari ekin zion bikoteak hemen, Leze kobazulo handiaren ondo ondoan. Hogei sasi-ardik osatzen zuten aurreneko artalde hura. Hurrengoa, Gipuzkoako Gaintzatik ekarritako ardiekin.

Esnea saltzen hasi ziren, baina berehala konturatu ziren negozio eskasa zela hura. Eginoko artzain batekin bazuten harremana, eta hark erakutsi zizkion Eliri gaztagintzaren oinarriak. Baita ondo ikasi ere, alajaina. «Nik ideiarik ere ez neukan, ardi zalea ere ez nintzen. Baina gizonak animatuta, jo ta su hasi nintzen frogak egiten eta ikasten; gaur egun ere, ikasten segitzen dut, etengabeko prozesua da» diosku Elik. Hasieran, kamerarik eta ez zutenez, eskualdeko hainbat artzainek Araian zeukaten kamera komunitariora eramaten zituzten La Lezeko gaztak.

«Nik ideiarik ere ez neukan, ardi zalea ere ez nintzen. Gaur egun ere, ikasten segitzen dut, etengabeko prozesua da»

Ikasi eta ikasi, lan eta lan, urteen poderioz Jauregi-Gorrotxategitarrak gero eta gazta mota gehiago egiten hasi ziren. Betiko Idiazabali -naturala eta ketua- Elik gazta urdina gehitu dio, esate baterako. Ohikoa baino handiagoa da, eskuan hartuta nabarmen ikusten da hori. Camembert-aren antzeko gazta txikiagoa ere egiten dute, ‘Maitia’ izen komertzialarekin. ‘Maitia’ gehiena, etxean bertan saltzen dute. ‘Idiazabal’ klasikoa Estatu espainiar osoan. Bezero fidelak dauzkate, «sariren bat irabazten dugunean gu bezalaxe pozten direnak» Eliren esanetan.

Artaldea

‘Denda-erakustoki-garaikur biltegi’ honi begirada bat botatzea nahikoa da La Lezek txapelketetan arrakasta handia izan duela konturatzeko. Txapelez, diplomez eta garaikurrez josita daude hormak. Eta ez bakarrik gaztagintzan irabazitakoak: Arkaitz semea aizkolaria ere bada eta txapel mordoa eskuratu ditu. Ardi zakur lehiaketetan eta puntan ibiltzen da eta… beste txapel bilduma bat. Arkaitz gaztagintzari erabat emanda dago, bere ogibidea da, eta Gaizka anaia, etxetik kanpora egiten duen arren lana, egunero etortzen da La Lezera laguntzera.

Artaldea etxetik kilometro pare batera ari da larrean gaur, eta Jose Marik eraman gaitu bertaraino. Erreka ondo batean daude ardiak, arbolapeko itzalean, mastin handi batek eta ‘Negu’ artzain zakurrak zainduta. Alde batera begiratu eta Altzania, beste aldera Urbasa. Antzutu ondoren mendian gora igotzen dituzte, han ere larretu daitezen, baina txabolarik ez dute.

Ordiziako Txapelketa handiko azken irabazlea La Leze izan zen, 2024an. Aurten ere, hiru hilabete eskas barru, Idiazabal gaztaren ‘Olinpiadan’ izango da Eliren eskuek egindako gazta, eta berriro irabazteak poz handia emango liokeela ez du ezkutatzen, «baina zortea ere behar da, eta beste gaztagileek ere kategoriako produktua ontzen dute. Ikusiko da…» esanez agurtu gaitu Elik eta berriro ere bere lanari ekin dio.