Clement d’Andurain: Ibañeta eta Verdun

Verdun aldean hil zen, 1916ko martxoaren 6an, egun batzuk lehenago lubakian jasandako zauriengatik. Bi hegazkin aleman agertu ziren goizean Bellaray gainean, Clement metrailadoreaz tiroka hasi zen hegazkinei. Hegazkinetik jaurtiriko lehergailuetako bat lubakitik ehunen bat metrotara erori zen, baina metrailak begi bat atera eta burezurra hautsi zion. Lubakietatik irten eta, anbulantzian, Dugny-sur-Meuse aldera eraman zuten, eta hantxe hil zen lau eguneko hilzoriaren ondoren, 38 urte zituela.
CLEMENT D’ANDURAIN
Georges Lacombe-rentzat bereziki gogorra izan zen albistea: Clement lehengusua zuen, eta adiskiderik minena. Bidaia eder bat egina zuten 1913ko udan biek Italian, Austrian eta Alemanian barrena, eta egunak eman zituzten Graz hirian Hugo Schuchardt-ekin.
1916ko apirilaren 18an Pierre Broussainek Hazparnetik idatzi zion Julio Urquijori Clementen heriotzaren berri tristea emanez. Ordurako, nekrologia idatzirik zuen Julio de Urquijok Donostiako “El Pueblo Vasco” egunkari monarkikoan (1916-03-21), eta Pierre Lhandek ere bai “Euzkadi” Bilboko egunkari abertzalean (1916-04-06). Biek gogoratu zuten Clementen bizitza euskaltzale, kementsu eta alaia. Clement Maulen jaio zen 1878ko uztailaren 21ean. Maulen ikasi zuen. Euskaltzaleen Biltzarreko partaideek, instituzio horren idazkaria izan baitzen Clement urte batzuetan, ez zuten sekula haren bizipoza ahaztuko.
EUSKALDUNAK IBAÑETAN
1906an, pastoral bat argitaratu zen Baionan: “Uskaldunak Ibañetan”. “Eskualdun Ona” kazetaren moldetegian argitaratu zen, Marengo karrikako 8an, Baionan. Trajedia hori Justin Berterretche de Menditte lehengusuarekin kolaborazioan idatzi zuen Clementek. Justin mendikotarra zen, Muskildiko apeza, eta kantika batzuk eta katixima bat idatzi zituen. Bi lehengusuek elkarlanean erabili zuten izenordea “Zibero” izan zen. “Uskaldunak Ibañetan” 1908ko abuztuaren 31n taularatu zen Atharratzeko plazan. Eta 1954ko udan antzeztu zen gero Sohütan...
Pastoralaren bertsio frantsesa argitaratzean, autoreek esplikatu zuten antzezlan horren helburua zela euskal jatorriko jendeari erakustea independentziaren eta askatasunaren ideia izan behar dela beti gogoan.
Albert Leon-ek, “Helene de Constantinople” pastoralari buruz 1909an argitaratu zuen edizio kritikoan idatzi zuen “Uskaldunak Ibañetan” pastorala urrats berria zela, eta zori onekoa gainera, pastoral tradizionala berriztatzeko bidean. Georges Herellek, alderantziz, ez zuen hain begi onez ikusi tradizioaren berriztatze hori. Aldaketa handia zen, benetan. Betiko pastoraletan bi jende mota baizik ez zegoen: onak (kiristiak) eta txarrak (türkak). Pastoral berri honetan hiru bando aurkezten dira: frankoak (kiristiak), moroak (türkak) eta, gainera, euskaldunak. Euskaldunen jokabidea arraroa da: türken aurkakoak dira, baina Karlomagnoren armada kiristiari erasoko diote.
Jean-Louis Davantek ere modernitaterako lehen urratsa ikusten du “Uskaldunak Ibañetan” pastoralean frankoak, moroak eta euskaldunak bereizte horretan: «Haatik hirugarren alderdiak afera konplikatzen du publikoarentzat».
Konplikatuko ez du ba afera! Aldaketa, formala ez ezik, sakona da, eta guztiz politikoa. Euskaldunek euskaldunen historia kontatzea taula gainean. Herria, ispiluaren aurrean.
“Les basques: un peuple qui s'en va” idatzi zuen Elisee Reclusek. Euskaldunek herri lez desagertu ala antolatu aukeratzeko sasoia zen.
ARNAUD D'ETCHEZAR
Clementek lan eskergari ekin zion, bai euskaraz eta bai erdaraz. Frantsesez Arnaud d'Etchezar izenordea erabiliz. Hainbat liburu argitaratu zituen: “Dans un certain monde” (Librairie Félix Jouve, Paris, [1907]), Biarrizko eta Parisko mundutxoaz eleberria; “Le Cadet de Pamperruque” (Bernard Grasset, Paris, 1908), mosketari zibil bat III Errepublikako Parisen; “L'Euskaride” (Jouve & Cie Éditeurs, Paris, 1911), “Uskaldunak Ibañetan” pastoralaren bertsioa; “Poèmes Euskariens”, (Jouve & Cie Éditeurs, Paris, 1911), sorterriarekiko maitasun poemak. “Ramuntcho” eleberriko herria da Etchezar, Sara eta Azkain alde hori gogorarazten duena, edota Iparralde errural guztia. 1897an Pierre Lotik, militar kolonialak, mundu idiliko horren galera azaldu zuen kutsu orientalistako eleberri horretan.
Eztabaida larrien sasoia zen. Euskaldungoa bere iraupenaz kezka zitekeen. Baina, fededunak, mundu erlijiosoa desagertzen ikusten zutelako larritzen ziren benetan, ez Euskal Herria bakarrik, mundu guztia. Jean Hiriart-Urruty sutan jarri zen Errepublikak Elizaren kontra harturiko neurriekin, Frantzia gorria etsaitzat hartzen zuen. Estatua frantsesarekin lotzen zen, eta Fedea euskarekin. 1903an, Prefetak debekatu zuenean katixima euskaraz ematea, euskaldunak mintzairan errefuxiatu ziren. “Eskualdun Ona” kazetak 5.000 harpidedun lortu zituen.
FEDEA ETA ABERRIA
Pierre Broussain, Albert Constantin, Clement d’Andurain eta hegoaldeko beste abertzaleekin harremanetan hasi ziren. Iparraldean ere euskaldunen alderdia sortu eta Sabino Aranaren bidetik abiatzeko. Kazeta bat behar zuten horretarako. Zein, eta haina, “Eskualduna” astekaria izan zitekeen abertzaleen zabaltzailea. Ideia oso sinplea zen: euskaldunak, herri lez ez desagertzeko, politikoki antolatu behar ziren.
Hiriart-Urruty eta Larresoroko apezak zeharo kontra jarri ziren, haientzat fedea baitzen “patrie” edo “aberri” bakarra. Ez zuten Fedearen gaineko nazio-estaturik onartzen. Ez Frantzia ezaguna, ez errepublika euskaldun ezezagunik. Broussainen artikuluak zentsuratu zituzten eta euskaldunen autoantolaketa politikoaren kontra idatzi zuten. Hiriart-Urruty-k honela argudiatzen zuen:
«Nere burua nornahi bezen eskualdun daukatalarik, ene hitzean nago: berech izaiteko eztela aski erraitea: “Espainia bat da, Eskual-herria bertze bat”. Bainan hola zaiotenek hola erran bezate berentzat. Guk eskualdun frantsesek eztugu Frantziatik berechtea galdatzen: are gutiago erraiten ja bi direla Frantzia eta gure Eskual-herri hau?».
Hiriart-Urruty eta euskaldun-fededunak Nazio-Estatua ere hor zegoela eta derrigorrezkoa zela ohartu zirenerako, gerrako orduan ja, ildo frantsesera sartu ziren buru-belarri: L’Union Sacrée! Euskara eta fedea Frantziaren kontra defenditzetik, Action Française-ko nazional-katolikoen eskutik, Frantziaren aldeko gerrarik hondagarrienean murgildu ziren.
Xipri Arbelbidek esplikatu du inoiz, Hiriart-Urrutyk borroka gogor eta luzea izan zuela Frantziako gobernu gorrien kontra, eta Frantziako katoliko eta xuriekin eskuz esku ibili behar izan zuela Fedearen alde. Haiekin zuela sufritu, eta, norekin baita gehienik sufritzen, harekin direla loturak sendotzen…
Hiriart-Urrutyk harreman gutxi izan zuen hegoaldekoekin. Oro har, Iparraldeko euskaldunek harreman gutxi izan dute hegoaldekoekin. Eta hegoaldeko euskaldunek harreman gutxi zuten orduan iparraldekoekin. Oro har, harreman gutxi izan dugu beti.
EUSKALDUNAK VERDUNEN
Ustekabean, gerra heldu zen. Gerra propaganda instituzionalizatuak eta histeria belikoak milaka gazte arrastatu zuen, borondatez edo nahigabe, lubakietara. Fedearen eta Frantziaren deia entzunda doaz sakrifizioara (un sacrifice consenti). Clement Baionan inkorporatu zen Armadara, 142 erregimentu territorialean, 12. konpainian. “Las sort des armes est le secret de Dieu” leitzen da 1914ko abuztuaren 4an idatzi zuen gutun-testamentuan. Testamentu hori honela amaitzen da:
«Vive la France.
Biba Eskual-Herria».
Lubakietatik idatzi gutunetan, malenkonia apurrez eta maitasun handiz oroitzen du bere sorterri gozoa, baina «France avant tout et je ne pensarai à autre chose qu’après». Marne, Artois, Somme, Verdun: metrailladorearekin lubakietan. Clement ezaguna egin omen zen, Euskaltzaleen Biltzarretan bezala, bere umoreagatik, bere xantzengatik. Pierre Lhandek kontatzen duenez, Clement gogotsu eta alaiak idazten jarraitu zuen gerran bertan ere, orri zirikatzaileak argitaratu zituen lubakietan bertan ere.
Georges Lacombe ere, Clementen lehengusua, 1878an Orthezen jaioa, RIEV aldizkariaren idazkaria eta Eskualtzaleen Biltzarreko burua, Lehen Gerla Handian ibili zen. Larriki zauriturik itzuli zen lubakietatik. Besamotz geratu zen, nekezago bizi behar izan zuen Parisen hil arte 1947an.
Jean Elizaldek “Verdunen gaindi” idatzi zuen gero:
«Verdun gurea da eta gure egonen. Aski pagatu ahal dugu gauden urthean, orai ez etsaiari uzteko!» (Eskualduna, 1917-12-07).
Verdun «gurea» dela esanez, ez du seinalatzen bakarrik frantziar jabegoa lurralde horren gainean. Adierazten du euskaldunak frantsesak direla, eta, gerla-lekuan, hil ala bizi borrokatu beharra dagoela Frantziako naziotasunaren alde.
Jules Moulier “Oxobi” ere sarraskiaren paraje haietan barrena ibiliko zen:
«Goizaldera hirugarren gaua iraganik harat hunat-ka burdin bidez, ikusi ditut lehen aldikotz soldadoen hobiak. Bide bazterrean, alhorren erdian edo oihanpetako arbola hormatuen pean kurutze ttipi batzuek zaintzen dituzte duela hirur urthe ezin ahantzizko guduetan erori direnen gorphutzak. Eta hotzaren, akhiduraren trufatzeko bezala, nork elhe zozoagoak erran ari baikinen, irriak guzieri sartu zauzku bat batean...» (“Hobiak”, Eskualduna, 1918-01-11).
KONPLIKAZIOA
Liburuaren azaleko lemak, “Behar da burhagertu bethi Uskaldun!”, anuntziatzen zuen ja Clementek zer esan nahi zuen:
“Uskara maitia, mintzaje zaharra,
bost mila urthe huntan aitek mintzatia;
uskara, hitan duk bethi gure indarra,
gure ohoria, gure izatia.
“Uskaldunak Ibañetan” pastorala berriztatze handia izan zen. Euskaldunek euskaldunen historia antzeztu zuten. Euskaldun lez politika egiteko gonbita zen. Baina, jakina, euskaldun moduan politika egitea beti izan da konplikazio handia.