Iñigo Ocamica
ARKITEKTURA

Atariak, gizartearen aurpegi

Garmendia Cordero arquitectos, Bilbo. Atalasearen sakonera paretan eta sabaian erabilitako zurezko akaberarekin nabarmentzen da. Harrerako banda horretan integratuta geratzen da lanpasa.
Garmendia Cordero arquitectos, Bilbo. Atalasearen sakonera paretan eta sabaian erabilitako zurezko akaberarekin nabarmentzen da. Harrerako banda horretan integratuta geratzen da lanpasa.

Ondare gisa babestuta dauden zenbait eraikinen sarrerei edo atariei buruzko erakusketa batean egon nintzen orain dela gutxi. Ziur aski, arkitekto gutxi batzuez gain, jende kopuru oso txikia hurbildu da ikusgai egon den bitartean; pentsa ezazue, erakusgelako argiak neronek piztu behar izan nituen, sartu nintzenean.

Egia da erakusketa bera ondare horren katalogo bat egitera mugatzen zela soilik. Faltan botatzen zen analisi kritiko edo propositibo bat, edo testuinguruaren irakurketa zabalago bat. Baina gaiak berak baditu luze hausnartzeko aurpegi pila, eta gaurkoan pare bat behintzat zirriborratu nahiko nituzke.

Gure etxeetako atalondoak espazio ahaztuak bihurtu dira azken hamarkadetan, eraikinaren harrera egiteaz gain funtzio txiki asko betetzen baditu ere: gutunak jasotzeko postontziak, edo beste zenbait erabilera osagarri eta teknikoagoak, instalazio, zabor, bizikleta gela edo dena delako trastelekuak hor bertan egoten baitira. Horiez aparte, etxeetako atariek badute, harrera funtzioaz gain, beste betebehar nabarmen bat: bitartekaritzarako espazioak dira, zentzu oso zabalean ulertuta.

Garmendia Cordero arquitectos. Bilbo. Espazioaren gehiegizko sakonera erdialdean banda bat sortuz leuntzea lortzen da, bertan geldiune bat sortuz. Gutunak jasotzeko postontziak dauden txokoa domestikoa bihurtzen da goialdetik zintzilik dauden bi lanparen bitartez, eta eskailera berriaren hasiera zurez markatutako geldiune honek inguratzen du. Beherantz, aldapa txiki batek ezkutatuta geratzen den igogailu berrira eramaten gaitu. ​

Erakusketan azaltzen ziren sarrera guztiek nolabaiteko noblezia kutsua bazuten ere (Donostiako Zabalguneko maila nahiko altuko eraikinak baitziren nagusiki), denek orokorrean zutena zen atalondoa errepresentazio espazio gisa ulertzen zutela. Espazio publikoaren eta etxearen intimitatearen artean, etxeetako sarrera horiek zentzu batean estatusaren kristalizazioa ziren, etxeko jabeen aurpegi publikoa, aurkezpen txartela. Gaur egungo gizarte digital eta guztiz mediatizatu honek galdu du ziur aski atarietan estatus baten performancea teatralizatzeko beharra. Birgaitze askotan ikusten den ideien kristalizazioak, ordea, gizarte honen kodeak zeintzuk diren galdetzera eramaten nau.

Arkitekturak beti islatzen du, era batera edo bestera, atzean dagoen gizartearen idiosinkrasia. Portal hauen gehienen birgaitze beharra ukaezina da, gaur egungo gizarteak ez baititu ontzat ematen irisgarritasun unibertsala beteko ez dituzten soluzioak. Zentzu horretan, atalondoak inklusiboak bihurtzeko beharra daukagu; are, demokratikoagoak. Beste hamaika faktoreri ere arreta jarri beharko genieke, eta zoritxarrez oso birgaitze gutxitan ikusi ohi ditugu sentsibilitatez egindako esku hartzeak. Erakusketatik irten eta arratsalde horretan, lagun batekin erakusketari buruz hitz egiten nengoela, garai horietan arkitektura ederragoa egiten zela esan zidan. Egia esan, maiz aurkitu naiz horrelako iritzi batekin. Gehienek hautatuko genituzke erakusketan zeuden etxe sarrera noble horietako bat, gaur egungo promozioetan egin ohi direnen ordez. Atzetik dagoen arrazoia, baina, ez da garai horietan arkitektura ederragoa egiten zela, gaur egungo arkitekturak gaur egungo gizartearen idiosinkrasia islatzen duela baizik.

Proiektua: BEAR. Obra zuzendaritza: AZAB. Bilbo. Materiaren erabileraz gain, kolorea da proiektu honetan elementu dinamikoen lotura egiteko erabiltzen den errekurtsoa. Ireki eta ixten ditugun postontziak, gora eta behera dabilen igogailua, eta eskailerak igo eta jaisteko heltzeko dauden barandak. Argazkia: Luis Diaz

Logika ekonomiko bortitz batek agintzen du nagusiki gaur egungo gizartean, gehienetan. Sarri entzuten dugun galdera edo kuestionamendua izan ohi da planteatzen dugunak ea zenbateko prezioa daukan. Zaila izan daiteke, askotan, akabera edo soluzio bat zenbat kostatzen den eta zenbat balio duen azaltzea. Erabakiak, hortaz, momentuko kostu ekonomiko hutsari begiratuz hartzeko joera handia dago. Akabera horren balioari begiratuz gero, ordea, bere bizi iraupenari buruz hitz egingo genuke, bere ingurumenaren gaineko eraginari buruz, eta baita immateriala den balio bati buruz, egunerokotasunean urte askotan biziko dugulako akabera edo soluzio hori. Momentuan hartutako erabaki horrek hurrengo hamar, hogei, berrogeita hamar urteak baldintzatuko ditu. Berehalakotasunaren eta etengabeko aldaketaren gizarte honetan arkitekturak erritmo oso motela duenez, obra bat gauzatzerakoan erabaki horiek guztiak kristalizatzen dira, urteetarako argazki finko bat izango den batean.

Gaurko artikulua irudiz hornitzeko, sentsibilitatez eta mimo handiz egindako esku hartze batzuk ekarri nahi ditut orri hauetara. Garmendia Cordero estudioak edo BEAR estudioak burututako sarreren birgaitze hauetan, irisgarritasuna lortzeaz gain, beste sotiltasun guztiak mimo handiz maneiatu dituzte. Gaur egun ere, gaur egungo akaberak eta teknikak erabiliz, arkitektura eder hori egin daitekeela argi uzten dute. Balioa, kasu honetan, momentuko kostuaren gainetik egon da.