amagoia mujika
IRITZIA

Burua

Auskalo zergatik gertatzen den, baina batzuetan buruak krak egiten du. Zerbait pitzatzen da hor barruan eta pausajea aldatzen zaio buruaren jabeari. Eta, horrelaxe, «inork inoiz espero gabekoak» egiten ditu.

Hain da zaila buruko gaitz baten ondorio diren jokaerak ulertzea! Hainbeste denbora eta energia gastatzen dugu horiek ulertu nahian! Halako behar basatia daukagu horiek ulertzeko!

Azalpen xumeak maite ditugu edo behar ditugu: «Zergatik egin du?». «Erotuta dagoelako». «Zergatik dago erotuta?». «Drogekin dantzan ibili delako». «Zergatik ibili da hainbeste drogen munduan?». «Inork ez zuelako ulertzen». «Eta zergatik ez zuten ulertzen?». «Erotuta dagoelako».

Ados. Eraiki dezagun kristalezko bola handi bat, «bera» kabitzeko modukoa, eta sar dezagun bertan. Tarteka leihotxo bat zabaldu eta bertatik jokatuko dugu kartetan «harekin» eta gure kontzientzia alferra baretuko dugu beste pixka baterako.

Ez da samurra. Mina ematen du buruko gaitza duen eta izugarrikeria bat egin duena ulertzea. Are gehiago, gertukoek ez dakit sekula ulertzea lortzen ote duten. Egun batzuetan sen arrazionalena esnatzen da eta baietz, «gaixo» dagoela, ez zuela bere borondatez egin, gure begiek eta bereek ez dituztela gauza berdinak ikusten... Eta hurrengo egunean sua sentitzen duzu sabelean, amorrua eztarrian, eta «zergatik egin zuen hori?», buila egiten diozu komuneko ispiluari.

Ez gaude buruko gaitzak ulertzeko prestatuta, ez gaudelako buruko gaitzak daudela eta edonor gaixotu daitekeela onartzeko prestatuta. Beldurra dugulako. Beldurra dugu gure buruaren barruko pareta hori, ondo-gaizki, zuzen-oker, bai-ez bereizten dituen pareta pitzatuko ote zaigun, guri edo gertukoei. Nahiago dugu gauza horiek beste etxeetan, beste institutuetan, beste hegazkinetan gertatzen direla sinistu.

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, lau biztanletik batek buruko gaitzen bat sufritzen du bere bizitzako uneren batean. Gaitz batzuk kronikoak dira, baina badira bestelakoak, une eta baldintza zehatzetan agertu eta sendatu daitezkeenak. Eskizofrenia, nahaste bipolarra eta depresioa dira buruko gaitzen zerrendan lehen tokian agertzen direnak.

Baina segituko dugu pentsatzen baietz, hautsi dezakegula beso bat, diabetesa izan dezakegula, bihotzak ezustekoren bat emango digula akaso.... baina ez dugula bururik galduko. Guk nahi dugunean bakarrik segituko dugula burua galtzen. Gauza horiek beste etxe batzuetan, beste institutu batzuetan eta beste hegazkin batzuetan gertatzen direla.

Izan ere, burua galtzen dugunean jakingo ote dugu burua galdu dugula?