Xole Aramendi
Kazetaria
IKUSMIRA

Zientzia fikzioa

Wearablea». Hauxe orain gutxi ikasi dudan hitz berria. Soinean eraman ditzakegun gailu elektronikoak dira, finean. Gainean daramatzagu eta hori bakarrik ez, gurekin edo beste erabiltzaileekin interaktuatu dezakete. Gorputzeko larruazalaren azpian ezartzen diren txipak, protesi bionikoak... zerrenda ez da makala. Horietako batzuk osasunari lotutako «gadget»-ak dira, besteak jolastienen gutiziak izan daitezke.

«Abantailatariko bat zera da, ezin ditugula ahaztu telefonoa edo eskumuturrekoa bezala». London Futurists erakundeak etorkizuneko egoerak aztertzen ditu. Bertako kide den David Wood-en hitzak dira. Ondo, lasaiago geratzen naiz...

Aste gutxiren barruan ez bat, ez bi, hiruzpalau erreportaje heldu zaizkit nire eskuetara, denak teknologiaren abiadura ardatz hartuta. Arrapaladan doa dena eta gu ere hortxe gabiltza, zurrunbiloan murgilduta.

«Gizakiak makinetatik desberdintzen dituen marra gero eta lausoagoa da», irakurri dut. Agian horixe da arazoa. Aurrera egin dut. «Teknologia afektiboa eta ikusezina izango da» esaldiak begira salto egin dit. Ze beldurra!

Teknologiaren iraultza honetan, batzuk zientzia fikziozko pelikula honen protagonista sentitzen direnean, han-hemen ugaltzen ari dira arnasketa oinarri duten diziplinetara hurbiltzen direnak. Izan ere, arnasa hartzea ahaztu zaigu bidean.

Inguruko txikiei begiratu besterik ez dago. Umetan natural-natural egiten genuena, bizitzeko oinarrizkoena duguna, seko ahaztu! Eta mundua jango dugulakoan gaude...