Oteizaren espazioaren metaforetan dantzatuko da Kresala taldea
Kresala dantza taldeak Orion jaiotako eskultorearen espazioaren hiru metafora hartu ditu ardatz «Oteizaren kaxa beltza» ikuskizuna eraikitzeko: desokupazioa, harresia eta labirintoa. Dantzaren «esparru naturala» ere espazioa dela dio Faustino Aranzabal koreografoak eta, osatu dituzten hamahiru piezetan, denboraren mugak gainditu eta espazioa eta bisualtasuna landu dituztela nabarmendu du. Obra gaur estreinatuko dute, Gernikako Lizeo antzokian.

«Artearen historian denbora eta espazioa elkarrekin etorri izan dira eta Oteizak horrekin moztu eta bere obra espazioan, denboratik kanpo geratzea lortu zuen. Atenporala da, denborarik gabekoa, eta gu ere horretan saiatzen gara: dantzaren esparru naturala den espazioa lantzen, eta denboratik at geratzen». Hala azaldu du Faustino Aranzabal koreografoak Kresalak gaur Gernikan 20.30ean aurkeztuko duen “Oteizaren kaxa beltza” ikuskizunaren atzean dagoen ideia nagusia.
Orion jaiotako eskultorearen obraren gaineko ikuskizuna osatzearen lehen ideia 1988an izan zuela dio, Madrilen Oteizaren gaineko “Propósito experimental” erakusketa ikusten ari zela. Bertan, inoiz argitara eman gabeko Oteizari egindako elkarrizketa batzuk entzun ahal izan zituen eta orain bi urte, “Keinuka” eta “Argia” piezak sortzen ari zirela, audio haiek burura etorri eta Oteizaren gaineko ikuskizuna osatzea erabaki zuen.
Horretarako, Oteizaren espazioaren gaineko hiru metafora hartu dituzte ardatz: «Lehenengoa desokupazioarena da, organikotik espiritualtasunera doana. Bigarrena harresiarena, zeinean zulaketaren bidez iluntasunetik argira doan. Azkenik, labirintoaren metafora dugu, mugimendutik geldotasunera doana». Ideia horiek taula gainean jartzeko hamahiru pieza osatu ditu Aranzabalek eta horietako batzuetan Badut-eko bi clownek hartuko dute parte: «Tematika, Oteizaren planteamendua, hain denez sakon eta mamitsua, arnasa hartzeko irteera batzuk behar genituen. Eta clown poetikoek dentsitate hori orekatzen dute».
Oteiza oinarri gisa hartu badute ere, XX. mende hasieran Errusian sortutako abangoardia historiko-artistikoak ere badu lekurik obran eta, besteren artean, Alexander Rodchenko eta Kazimir Malévichi «keinu txiki batzuk» egiten zaizkie.
“Oteizaren kaxa beltza” dantza ikuskizuna bada ere, Oteizak, Jose Angel Irigarayk eta Joxeanton Artzek errezitatutako poemak ere entzun ahal izango dira obran, eta besteren artean Juan Arriola, Arkaitz Miner, Aiko edo Khantoriaren doinuak ere entzungo dira. «XVI. mendetik gaur egunera arteko musika oso ezberdinak entzungo dira».
Azkenik, izenburuaren adiera hirukoitza nabarmendu nahi izan du Aranzabalek: «Kaxa beltza, arlo eszenikoan, antzerkiko elementu bat da; Oteizak ere hala deitu zituen bere kaxa metafisikoak; eta, azkenik, bada gertakari bat deskodetzeko informazioa ematen digun elementua ere».
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
