Iñigo EXPOSITO
bilbo

«Caperucita feroz» obra ikusgai Bilbon

Glu Glu antzerki taldeak ekoitzitako lana Bilboko BBK aretoan estreinatuko da abuztuaren 23tik 26ra. Helduei zuzendutako komedia musikalak Txanogorritxoren ipuin klasikoari buelta eman dio. Obra Benidormeko hotel batean kokatu dute; hain zuzen ere, bertako jabetza lortzeko bi familiaren arteko borroka kontatzen du antzezlanak.

Glu Glu antzerki taldeak “Caperucita feroz” antzezlana estreinatuko du Bilboko Aste Nagusian, Bizkaiko hiriburuko BBK aretoan. Bost emanaldi eskainiko dituzte abuztuaren 23tik 26ra, 20.00etan. Asteazkenean, gainera, gauean ere ikusi ahal izango da antzezlana, 23.45ean.

«Komedia musikala da. Obra Benidormeko hotel batean kokatua dago eta bertako jabetza lortzeko bi familiaren arteko borroka kontatzen du. Barre egiten diogu erromantizismoari. Bizitzeko modu ezberdinek eta ustelkeriak ere presentzia dute», azaldu du Galder Perez antzezlanaren zuzendariak.

Ipuin klasikoari bira

Txanogorritxoren ipuin klasikoari buelta ematen dio lanak. «Istorio klasikoren parodia da, helduei zuzenduta. Zer kontatzen den baino garrantzitsuago nola kontatzen den da. Aktoreen jokatzeko modua da bereizgarriena», argitu du Perezek.

Zuzenean abesten dituzten hamaika kantuen eskutik musikak garrantzi handia du lanean, baina askotariko elementuak biltzen ditu. «Mazedonia antzeko bat da antzezlana. Ateak eta oheak dira elementu nagusiak. Oheak gauza askoren sinbolo gisa erabili ditugu», gehitu du.

Sarrerak BBK aretoko txarteldegian, BBKren orotarako kutxazainetan eta Kutxabankeko webgunean jarri dituzte eskuragarri antolatzaileek, 18 euroan.