Edur MINTEGI
DONOSTIA
Elkarrizketa
JOSU MARTINEZ
IKERTZAILEA ETA ZINEMAGILEA

«Desagertzen ari zen mundua jasotzen du ‘Gure sor lekua’ filmak»

Euskal Herria gaitzat duen zinema ikertzen ari zela, Josu Martinez-ek (Bilbo, 1986) «Gure sor lekua» filmarekin egin zuen topo. Orain arte desagertutzat ematen zena, eta euskaraz egindako lehena litzatekeena. Aurkikuntza hori iturburu, unibertsitateko tesia, liburua eta orain dokumentala sortu du.

Nolakoa izan zen «Gure sor lekua» filmarekin topo egin arteko prozesua?

Luzea eta polita izan zen, suspensez betea. Ikerketa akademikoak aspergarriak omen dira, baina nire kasuan nobela bateko pertsonaia baten moduan sentitu nintzen. Unibertsitateko tesi proiektua esku artean neukan orduan, eta tesiaren gaia, Euskal Herriari buruz ekoizturiko dokumentalak. Ikerketa prozesu horretan hainbat pelikula identifikatu nuen, tartean batzuk desagertuak edo desagertutzat eman direnak. Horien artean, “Gure sor lekua” filma.

Lehenbiziko aipamena 1980ko hamarkadako euskal zinemari buruzko liburu batean aurkitu nuen. Bertan, egilea M. Madre zela eta ezer gutxi gehiago adierazten zen. Hari horri jarraituz, Ipar Euskal Herriko hemerotekara jo nuen eta orduan, bai, informazio askotxo lortu ere. Hala nola filma euskarazkoa zela, eta egilearen izena Andre Madre zela, “M” hizkia Monsieur frantsesari zegokion eta. Ondoren, Hazparneko semea eta baita Frantziako Armadako kidea ere zela jakin nuen. Datu horietatik abiatuta, eta ate asko jota, azkenean egilearen alarguna lokalizatu nuen Parisen. Eta alargunarekin batera, filmaren zinta ere aurkitu nuen.

Zeri buruzkoa da filma?

Euskaldun baten bizitza, jaiotzen denetik hiltzen den arte, islatzen du. Bizitzaren etapak agertzen ditu: jaiotzea, bataioa, haur jolasak, maitemintzea, ezkontza, lana... Irudi ideala. Horrekin batera, nolabait lan antropologikoa ere bada. Kontuan hartu behar da 1950eko hamarkadan Ipar Euskal Herriko bizimodua trantsizioan zegoela, nekazaritzaren mekanizazioa sartzearekin batera, eta zentzu horretan, desagertzen ari zen mundua jasotzen du.

Diasporako euskaldunei begira egina dago, haien herrimina baretu nahian edo.

Euskarazko lehen filma omen da, baina aurkitu zenuen kopia mutua da. Zelan jakin ahal dugu soinurik bazuela?

Jakin badakigu iturri desberdinetatik. Alde batetik, garaiko prentsak hala jaso zuelako; bestetik, pelikulan parte hartu edo pelikula ikusi zuten batzuen testigantza zuzena daukagulako; eta, azkenik, alargunak berak baieztatu digulako. Gainera, errotulazio testuak euskaraz daude. Bilaketa prozesuan gidoiaren egilea ere deskubritu genuen: Jean Elizalde, zerbitzari, euskaltzain eta apaiza.

Aurtengo Donostiako Zinemaldian aurkikuntza honi buruz sortu duzun dokumentala ikusi dugu Zinemira atalean. Zer jasotzen du?

“Gure sor lekua” aurkitzearen prozesua kontatzen du. Izatez, bilaketarena ere dokumental generoa bada. Zenbaiten atzetik zoazela, ikusleak gauzak deskubritzen ditu protagonistarekin batera, kasu honetan, ni naizena. Hasieratik, ematen nuen pauso bakoitza grabatzen hasi nintzen, eta bilaketa horren atzean istorio bat zegoela jabetzean, suspensezko pelikula bat neukala konturatu nintzen. Grabatutako materialarekin batera, Madreren filma eta beste filmen irudiak tartekatzen ditut. Agian liburua (“Gure (zinemaren) sor lekua”, 2015) irakurriko ez duten haiei dokumentala tresna jostalaria edo arina egingo zaie.

Zure aurreko filmetan («Itsasoaren alaba», «Sagarren denbora», «Debekatua dago oroitzea» eta «Barrura begiratzeko leihoak») 1936ko gerra eta azken hamarkadetako gatazka politikoarekin lotutako hainbat testigantza eta lekuko ekarri duzu pantailara. Memoria berreskuratzean, zer funtzio bete beharko luke dokumentalgintzak?

Dokumentalak oso paper garrantzitsua jokatu ahal duela uste dut. Beti gogorarazten dut Patricio Guzman txiletarrak esaten zuena: «Dokumentalik gabeko herri bat, argazki-albumik gabeko familia bat bezalakoa da». Nik ildo horretan egin dut lan, memoria kolektiboa berreskuratzeko bidean, gure ondarea errekuperatzen. Guk horri ekin genion 2008an “Itsasoaren alaba” pelikularekin, eta ikuspegi humanoa ematen gainera. Gai politikoagoak edo kulturalagoak izan daitezke, baina memoria kolektiboa interesatzen zait; gurea den eta ahaztuta dagoen memoria berreskuratzea, eta gurea egitea berriro.