J.L.
Orga-jokoa

Ousman Drame senegaldarrak denak aho zabalik uzten jarraitzen du

Ousman Dramek irabazi du Bizkaiko orga-jokoko finala. Barakaldon bizi den senegaldarra kirol honetako errege bihurtu da. Aurten jokatu duen guztia irabazi du. Bizkaikoaz gain, aurretik Euskal Herrikoa eta Zazpi Herrialdeetakoa bereganatu zituen, nahiz eta Euskal Herrikoan asko estutu zuten. Guztira, hiru txapel. 

Mutil handi eta indartsua da, eta primeran moldatu da kirol honetara. Bizkaiko finalerako faborito garbia zen, eta ez zuen hutsik egin. Hasieratik ikusi zen besteen gainetik zegoela eta amaiera paregabea eman dio denboraldi honi. Askorentzat arraroa da kanpotar bat herri kirol munduan murgildu eta hautatutako kirolean erabat nagusitzea, baina ez da bakarra, Xanta Sousa brasildarrak ere bide bera darama. Nafarroan bizi da, eta emakumezkoen txinga probetan ez du parekorik. Dudarik gabe, herri kirolari begira oso berri ona da hau, eta badira kanpotik etorritako gehiago ere kirol honetan ari direnak, nahiz eta ez duten aipaturiko bi horien maila lortu.

Bizkaian hiru besterik ez ziren aritu, eta garbi zegoen gauzak ikaragarri okertu ezean zeinek irabaziko zuen. Hala, Dramek jantzi zuen txapela, De la Concpecionek lortu zuen bigarren postua, eta urte askoan harriak jasotzen ikusi dugun Zelailuzek osatu zuen podiuma, hirugarren postua lortuta.